Koherentzia, baita Buruko Osasunean ere

2013ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Dagoeneko Osakidetzak asistentzia-hutsunerik gabe eskaintzen duen zerbitzua kontzertatzea eskatu du EH Bilduk Legebiltzarrean. Hipokresia da, ala ez da? Patxi Lopezen Jaurlaritzak hartutako erabakia ez betetzea eskatu du PSEk. Zinikoa da, ala ez da? Ez al da tamalgarria PP osasunean historiako murrizketarik handienak egiten ari den bitartean zerbitzu publiko bat bikoiztea eskatzea? Edozein kasutan ere, koherentzia falta.

Eztabaidaren jatorria Jaurlaritza sozialistaren erabaki bat da; sozialistek PPren babesarekin gobernatu zuten. Osasun sailaren eta Gurutzetako arreta psikosozialeko Moduluaren arteko kontzertua ez baldin bada berritu, sozialistek hala erabaki zutelako izan da. Gaur egun, ez dago mantendu daitekeen kontzerturik, bere garaian ez baitzen hori berritu. Egungo Jaurlaritza iritsi zenerako, Modulua kontzerturik gabe zegoen hala erabaki zuelako Patxi Lopezek.

Bere garaian erabakitakoa eta gauzatutakoa kontuan izanda, orain zerbitzu hori nola eskaini erabaki behar da: Osakidetzatik kalitate hobeaz, edo eremu pribatutik. EAJk kalitatezko sistema publiko ekitatibo eta unibertsalaren aldeko apustua egiten du, eta sektore publikoak hutsuneak dituenean kontzertaziora jotzea defendatzen du.

Jaurlaritzan legegintzaldi labur bat egon ondoren, sozialistei memoriak huts egiten die… baldin eta huts egiten diena koherentzia edo erabakiak hartzeko zorroztasuna ez badira. Gogoratu beharra dago Gurutzetako Modulu psikosozialak eskainitako zerbitzuak Osakidetzatik eskaintzeko prozesua ez dela erabaki isolatua, Bizkaiko Buruko Osasuneko osoko planifikazioari erantzuten dio. Lehen Gurutzetako Moduluak eskaintzen zituen zerbitzuak Buruko Osasuneko Saretik eskaintzeak zerbitzu hauen estaldura publikoa handitzea dakar. Gogora ekarri behar dugu Modulua ireki zenean Barakaldon ez zegoela Buruko Osasun zerbitzurik. Zerbitzu hau Sare Publikoan batzea planteatu zen aurreko legegintzaldian, Barakaldoko Buruko Osasuneko Zentroaren espazioa handitzeko aukera suertatu zelako. Batzea erabakita, Jaurlaritzak inbertsio publiko garrantzitsua egin zuen baliabide fisikoetan zein giza-baliabideetan. Horretara, urtebete pasata, Osakidetzak zerbitzua eskaintzeko dagoeneko finkatutako prozesu baten aurrean gaude, eremu pribatutik ase beharreko asistentzia-hutsunerik gabe.

Gakoa hau da: zein zerbitzu da hobea Gurutzetako, Lutxanako, Retuertoko eta Burtzeñako herritarrentzat? Kalitate gutxiagoko zerbitzu kontzertatua defendatzen dute Bilduk, sozialistek eta popularrek, Osakidetza kalitate-estandarren arabera eskaintzen ari dena baino kalitate gutxiagokoa.

Hala izanik, zer aldatu da erabakia hartu zenetik? Sozialistek dagoeneko ez dutela Euskadi gobernatzen, Barakaldo baino ez. Eta hortaz, posizioa finkatzeko irizpideak aldatu egin dituztela. Orain alderdi-interesei baino ez diote erantzuten, zerbitzu publikoaren kudeaketarako beharrezko planifikazioa albo batera utzita. Non dago zorroztasuna? Zenbat diru erabili zuten Moduluaren zerbitzuak Buruko Osasuneko sare publikora ekartzeko? Eta orain erabaki horrek ez du balio? Hori al da sozialisten kudeaketa-eredua? EAJ Jaurlaritzara iritsi zenean, zerbitzua dagoeneko antolatuta zegoen. Zer egingo dugu kontratatutako pertsonekin? Kalera bota Bilduk, PSEk eta PPk ez dutelako nahi Osakidetzak zerbitzu hori eskaintzea?

Sektore publikotik hutsunerik gabe asetzen den zerbitzu baten aurrean, zerbitzu pribatua eskatzen du Bilduk, behin eta berriro zerbitzu publikoa defendatzen duela sutsuki adierazten duen arren. Bildu «pribatizazio gogorrez» mintzatzen da, baina gero ekimen bat aurkezten du Legebiltzarrean, zerbitzu bat Osakidetzak eskaintzeari utzi eta Modulu batera bidaltzeko, negozio pribatu bati emateko, hain zuzen. Sinesgaitza da. Honako galdera hauek egingo nizkioke Bilduri: zerbitzuak osasun publikotik eskaintzen ari dira, bai ala ez? Zein da Bilduren apustua zerbitzu bat publikoa izan daitekeenean eta hala denean? Eremu pribatutik eskaintzea, nork eskaintzen duenaren arabera?

PPk, bestalde, sektore publikoaren arrazionalizazioaren aitzakiaz, Administrazio Publikoan berregituraketa sakonak eta murrizketak inposatu ditu. Osasun publikoaren murrizketen buruzagiek zerbitzu pribatu bat exijitzen dute Euskadin, zerbitzu hori Osakidetzatik kalitate hobeaz eskaintzen bada ere. Baina PPren aldetik ez da hain harrigarria, gauza jakina baita pribatizazioak nola atsegin dituen.

Zinikoa da alderdi batek erabaki bat hartu eta gauzatu ondoren aurkakoa babestea, horretarako arrazoi bakarra dagoeneko Jaurlaritza kudeatzen ez duela izanik. Hipokrita da Bilduk osasun publikoaren defentsan ahoa bete ondoren funtzionatzen duen zerbitzu publiko bat pribatizatzea eskatzeko ekimen bat aurkeztea. Tamalgarria da estatuaren historian izandako murrizketa handienak egiten ari dela PP osasun publikoan eta hori egiten duen bitartean dagoeneko eremu publikotik eskaintzen den zerbitzua eremu pribatutik ere eskaini nahi izatea. Zein arrazionalizazio mota da hori? Aipatutako edozein kasutan ere: koherentzia falta nabarmena.

EAJko Legebiltzar Taldearen posizioa argia da: Darpon sailburuari babesa eman osasun sistema zuzen, publiko, unibertsal eta kalitatezkoa sendotzeko eta mantentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.