Apirilaren 20an, Europako Batzordeak kargu-orria bidali zion Google-i, Android sistema eragilearen posizio dominantearen abusuzko erabilera egiten duela iritzita. Kargu-orria ez da salaketa bat. Ezta epaiketa bat ere. Kargu-orria Europako Batzordearen tramite formal bat da, ikerketa batzuetan oinarritzen dena. Hortaz, ez du etorkizuneko balizko epaiketa baten emaitza aurreratzen. Baina buka dezake epaiketa batean. Eta isun batekin. Baina, oraingoz, kargu-orri soil bat da, eta hartzaileak, Googlek, jasotako dokumentazioa aztertu, idatziz erantzun eta audientzia bat eskatzeko aukera du. Hori da Europako Lehiaren Batzordeko buruak, Margrethe Vestagerrek, azpimarratu nahi izan duena: orain Googlek aukera duela bere burua defendatzeko, azalpenak emateko eta kargu-orrietan agertzen dena hala ez dela erakusteko. Eta akordio bat helburu, proposamenak egiteko aukera ere baduela, betiere Europako Batzordearentzat onargarriak izan daitezkeen praktiken barruan.
Teknologien eta, batez ere, softwarearen gaineko arauketa eta legeria oso konplikatu eta delikatuak dira. Arauketa bera, gainera, sektorearen beraren izaeragatik, dinamismo handikoa izatera behartua dago. Eta eguneratua mantentzera. Vestager bilatzailearekin hasi zen, Google Search bilatzailearen posizio dominantea abusuzko jarrerekin erabili izana egotzi baitzion Google-i, iazko apirilean. Kasu hartan bilatzailearen Shopping emaitzak Googlen interesen arabera agertzea zegoen jo puntuan. Googlek proposamen batzuek egin zituen, baina ez zuen Europako Batzordea konbentzitu, eta ez zen sortu akordio batetara iristeko baldintza egokirik. Berdin gerta daiteke kasu honetan ere. Eta hala balitz, Google-k isun bat jasoko luke: mundu mailako haren irabazien %10, hau da, ia 7.000 milioi euro.
Gaur-gaurkoz, Googlek erantzun publiko azkar bat eman du soilik, bere blogean. Batetik, IBMk 1969an emandako azalpenak ekartzen dizkit gogora, kode irekiaren defentsa sutsua egiten baitu Googlek: Android kode irekikoa dela; ekoizleei Android erabiltzeko lizentzia doan eskaintzen diela; eta edonork aldatu eta komertzializa dezakeela Androiden deribatua den sistema eragile bat. Eta, bestetik, 2001ean Microsoftek atera zituen bi banderak ere, Googlek bere egin dituela iruditzen zait: berrikuntza sustatzen duela; erabiltzaileek oso gustuko dituzten tresnak sortzen dituela; eta ezin dutela bere arrakastagatik epaitu.
Jakina da Googlek oso zerbitzu onak garatu dituela eta gehitzen dituen berrikuntzek oso erantzun ona izaten dutela erabiltzaileen artean. Hori ukaezina da. Baina hori ez da Europako Batzordearen kargu-orriaren abiapuntua. Eta helburua ere ez da arrakasta hori mugatzea, arrakasta horren abusuzko erabilera bat egiten ote duen argitzea baizik.
Horretarako, Europako Batzordeak arrazoi andana eman ditu, ekoizleekin sinatzen dituen kontratuetan oinarrituta: smartphone ekoizleak bere Android sistema erabiltzera behartzen omen ditu (eta Androiden deribatuak debekatu); Google Search bilatzailea eta Google Chrome nabigatzailea modu esklusiboan instalatzera ere bai; eta hori guztia baldintza gisa ezartzen omen du, Play Store aplikazioen denda instalatzeko. Eta horrekin ekoizleak erabat estutzen ditu.
Software librearen defendatzaile eta erabiltzaile naizen aldetik, Googlek kode irekiaren alde egiten duen lana, Android eta bestelako garapenak bultzatuz, balorean jartzekoa iruditzen zait. Baina, kargu-orriak dioena egia bada, fokua beste nonbait kokatu behar da. Eta nago, Googlen urteetako estrategia oso bati erantzuten diola.
Android ez zen Google-ko langileen buruetan jaio. Hasieran, Android Inc. enpresak garatu zuen, Google-k ekonomikoki lagundu zuena (kode irekiko beste hainbat garapenekin egiten duen bezala). Baina 2005ean erosi egin zuen, 2007an aurkeztu eta 2008an saldu zen Android sistema eragilea zuen lehen smartphone-a: HTC Dream. Hortik aurrera, smartphone ekoizleei kode irekiko Android sistema eragilea doako lizentziarekin eskaintzen hasi zen. Eta horrekin, smartphone-en prezioa jaitsi eta publiko orokorrarentzat eskuragarri bilakatuta, merkatu-kuotaren %81 lortu zuen 2015ean, Gartner eta beste ikerketa zentro batzuk baieztatzen dutenez. Hori izan liteke estrategiaren lehen helburu taktikoa: Android sistema merkatuaren jabe egitea. Eta behin merkatua Androidena denean, bere zerbitzuen kalitatea eta indarra erabiltzen ditu, Androiden merkatua bere merkatu propio bilakatzeko. Eta, hala, merkatuan egon daitezkeen lehiakide edota ekintzaileei ateak ixten dizkie (betiere, kontratuetako baldintzak kargu-orrian azaltzen direnak badira).
Horrela soilik uler daiteke Androiden kasuan Googlek erakusten duen kontraesan sakon bezain interesatua: kode irekiaren eta berrikuntza kolektiboaren banderari heltzen baitio, gero kode irekiaren onurak baliogabetu eta berrikuntzarako aukera beretzat soilik erreserbatzeko. Era berean, noski, erabiltzaileen aukera-askatasunari ere mugak jartzen dizkio, zailagoa egiten baitu Androiden deribatuak dituzten smartphonen komertzializazioa. Baina kontuan hartzekoa da, halaber, maila indibidual horretan, beste egoera batean geundekeela erabiltzaileok ere Androiden deribatuak sortu eta instalatzeko gaitasuna izango bagenu, Ubuntu eta gisako sistema eragileekin gertatzen den moduan. Ur asko mugitzen ditu kargu-orri horrek: software merkatuaren arauketatik hasi, eta hezkuntza curriculumen diseinuraino.
Kodea ireki aukerak ixteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu