Klima aldaketari buruzko foru legea ez da nahikoa

Mariaje Ruiz
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Gaur Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko Foru Legearen testu berria eztabaidatuko dute Nafarroako Parlamentuan. Testuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordean izandako eztabaida saio luzeen ondorioz, nabarmen hobetu du Nafarroako Gobernuak 2021eko irailean onartutakoa. Baina, Ekologistak Martxan-en iritziz, lege hori motz gelditzen da klima aldaketak dakartzan berehalako premien aurrean. Testu berriak gabezia handiak ditu oraindik:

— Hutsune nagusia da ez duela fiskalitatea kontuan hartzen, eta hori funtsezko tresna da ekoizpen-moduak eta mugikortasun zein kontsumo ohiturak birbideratzeko.

— Ihes egiten dio emisioak murrizteko helburu lotesle bat ezartzeari, Europako Itun Berdeak emisioak %55 murrizteko ezartzen dituen helburuei erreferentzia nahasia egiten baitio.

— Birmoldaketa handiena behar duten sektoreetako neurriek, emisioak gehien handitzen dituztenek —mugikortasunak eta lehen sektoreak— irtenbide teknologikoak edo zalantzazko ezarpen planak dituzte; hau da, gizarte arrakala handitzen duten ihes itsuak.

— Ingurumen hezkuntza, esparru formalean zein ez-formalean, giltzarria da beharrezkoa dugun trantsizioan,klima larrialdia ulertzeko eta itxaropen, emozio eta praktika arrakastatsuak partekatzeko. Baina legean lauso agertzen da, benetan beteko den ez dakigun ingurumen hezkuntzako plan baten arabera.

Erran bezala, testu berriak aurrekoa hobetzen duten aldaketak ditu. Hauek dira garrantzitsuenak:

— Eztabaidatuko den testuak epeak jartzen ditu araudiak eta planak egiteko; eta horrek hobetzen du gobernuak nahita zehaztu gabe aurkeztu zuen lege proiektu deklaratibo hutsa.

— Aurreko zirriborroetatik desagertu ziren betebeharrak berreskuratzen ditu; adibidez, 2.000 m2 baino gehiagoko eraikinetan eta azalera handiko aparkalekuetan sistema fotovoltaikoak instalatzea, edo gas naturaleko sarea duten etxebizitzetan eta hirugarren sektoreko eraikinetan berokuntzarako gasolioaren hornidura debekatzea.

— Helburua ezartzen du 2030erako nekazaritzako lurraren %25 kudeaketa ekologikokoa izan dadin. Horrek trantsizio agroekologikoaren aldeko asmo deklaratibo hutsa gainditzen du, eta ezin dugu ahaztu trantsizio hori trantsizio energetikoa bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa dela.

— Badakar kontu bat funtsezkoa izanen dena eskasia eta garestitzea nagusi diren uneetan: «Herritar guztiei oinarrizko baliabide jakin batzuen gutxieneko bizi-kontsumoa bermatzea: energia elektrikoa, hidrokarburoa ez duten erregaiak eta ura».

— Klima Aldaketari buruzko Nafarroako Herritarren Batzarra sortu du, nahiz eta gerta daitekeen apaingarri hutsa izatea, eztabaidarakoa baita, eta, Europako bertze herrialde batzuetan gertatzen denaren kontrara, proposamen garrantzitsuenak eta adostuenak onartzeko konpromisorik gabea.

— Bi urteko epean, kontratazio publiko guztiek beren klausuletan produktuen edo zerbitzuen karbono-aztarna sartzea nahitaezkoa izanen da.

Testuaren gabeziak alde batera utzi eta sartutako hobekuntzei erreparatuko bagenie, agian Nafarroako Gobernuari konfiantzazko botoa eman beharko litzaioke lege honen ezarpenean. Baina arazoa da orain arte gobernuak ez duela sinesgarritasunik sortu Ekologistak Martxan-engan, bere proiektu izarrek emisioak gehitzea baino ez baitute egin: AHT, Nafarroako Ubidea, Muga meatzea, Esaren handitzea, hidrogeno berdea, auto elektrikoa... Imajina dezagun zenbat gauza bultza zitezkeen xahutzen dituzten dirutzekin eta Next Generation funtsekin: proiektu agroekologikoa, itzultzeko ontziak erabiltzeko sistemak, energia-komunitateak, hiri-baratzeak, korridore ekologikoak, bizikleta bideak...

Zalantza dugu Nafarroako Gobernuak plan eta araudi kopuru izugarria ezarritako epe laburretan garatzeko duen benetako interesaz eta gaitasunaz. Hori izanen da bere konpromiso klimatikoaren termometroa. Izan ere, azterketa, txosten eta plan asko egiten dituen gobernua ikusten dugu, baina ez da gai berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen igoera geldiarazteko neurri eraginkorrak ezartzeko. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren arabera, 2014tik 2019ra emisioek gora egin dute, 2018ko beherakada txiki bat izan ezik. 2018tik 2019ra, %14.

Nahiz eta, seguruenik, hau izanen den Espainiako estatuko klima aldaketari buruzko lege guztien artean anbizio handiena duena edo neurri zehatz gehiena duena, oraindik ere motz gelditzen da klima aldaketaren larrialdiaren aurrean. Klima-ekintza eta eredu-aldaketa premiazkoak dira, eta berriz ere IPCCk eskatzen digu, inpaktuei, egokitzapenari eta zaurgarritasunari buruzko entrega berrian.

Ez dago erantzun itxaropentsurik klima aldaketaren aurrean, eredua aldatu gabe. Auto elektrikoaren sirena-kantuek, hidrogeno berdeak edo energia berriztagarrien makroproiektuek talka egiten dute planetaren mugen eta materialen eskasiaren kontra. Horregatik, beharrezkoa eta premiazkoa da soiltasunean, euspenean eta desazkundean oinarrituriko eredu bat.

Erakundeek Ekologistak Martxan taldea ondoan izanen dute, kontsumoa eta emisioak murriztearen aldeko neurri zentzuzkoei laguntzeko, hau da, trantsizioaren pisua errenta txikiagoko pertsonen eta hegoaldeko herrialdeen gain egon ez dadin. Baina berdez tindaturiko makroproiektuen falazietan aurrez aurre izanen gaituzte. Adi egonen gara. Ezin baitugu minutu bat gehiago ere galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.