Txistua jo du arbitroak, eta hasi da partida. Eurokopa abiatu da, eta gure ordezkariak aurten ere ezingo dira lehiatu. Euskal Herriak ez du ordezkaritzarik izango nazioarteko futbol lehiaketa honetan. Euskal herritarrok, berriz, gure iritzia eman berri dugu. Euskal Herri osoko inkesta da Naziometroa, eta emaitza argia izan da: zazpi herrialdeetako biztanleok euskal selekzioen aldeko jarrera agertu dugu.
Horrelako inkesta bat Euskal Herri osoan egiten den lehen aldia da, eta horrek ere indar berezia ematen dio Telesforo Monzon eLaborategiak Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldearekin egin duen lanari. Soziologiak frogatu du guk kirol guneetan eta herritarren artean sumatzen genuena. Euskal Herriko kirolariek nazioartean lehiatzeko duten eskubidea eta gogoa nabarmentzen du horrek.
2020. urteko martxoan aurkeztu genuen Gu ere bai! kirol ekimena. Ehunka kirolariren sustenguarekin, nazioartean lehiatzeko eskubidea aldarrikatu nahi genuen; Bilboko San Mames zelaian eman genuen jakitera gure asmoa, Eurokopa burutu behar zen zelaian hain zuzen. Espainiak ez du Bilbon jokatuko, baina Euskal Herriak ere oraindik ez dauka nazioarteko lehiaketetan aritzerik, futbolean bederen.
Euskal kirola bultzatzeko sortu dugu ekimena. Kirol diziplina ezberdinetan aritzen garenak gara, herritarrak eta kirolzaleak, gurasoak eta gazteak. Gure helburua euskal kirola bultzatzea da. Ikusgarri egitea. Eskubide guztiak aitortzea. Kirola eta naziogintza uztartzen ari gara, poliki-poliki, zelaiz zelai, herriz herri, kiroldegi eta aretoetan, Euskal Herri osoan.
Pandemia garaiak erabat baldintzatu du gure jarduna, baina gu ere ez gara geldirik egon. Bideo jokoetan Euskal Liga asmatu genuen, Pagasarritik Orira ikurrinekin igo genituen Euskal Herriko mendiak 1980ko Everesteko euskal espedizioa omentzeko. Euskal selekzioarekin aritu diren futbolariek ofizialtasunaren aldarrikapena zabaldu dute zelaian —Costa Ricaren kontra Ipuruan eta Venezuela eta Argentinaren kontra Zubietan—, kirol erakunde eta instituzio publikoei eskatu diegu nazioarteko bidea jorratzeko, eta une honetan kirol federazio ezberdinetan gai nagusietako bat da hau. Zenbait kirol eremutan urratsa ere egin da, eta iazko abenduan FIFA eta UEFAren egoitzetan Euskal Futbol Federazioak egindako eskariak berebiziko garrantzia dauka guretzat.
Zazpi erronka
Euskal kirola eta berdintasuna aldarrikatzen ditugu. Neska eta mutilek duten eskubidea delako. Hizkuntza da munduan euskaldun egiten gaituena, eta horren alde lanean dihardugu, eskola kiroletik profesionaltasunera. Kirol esparruan euskara indartzea da gure xedea. Lurraldetasuna ezin dugu ahantzi; Euskal Herri osoko kirolariak hartzen ditugulako aintzat, bai nazioartean aritu beharreko selekzioetan, zein gure herrian antolatutako kirol lehiaketa eta txapelketetan. Era berean, kiroltasunez aniztasuna bultzatu nahi dugu: mundu guztiak daukalako kirola egiteko eskubidea, eta aukera guztiak dira baliagarri. Baldintza fisikoak, jatorria, sexua, ustezko ezintasunak ez dira muga izan behar kirola egiteko. Ondoan izango gaituzue beti.
Ofizialtasunaren alde agente aktiboa izatea da gure xedea. Kirolariekin, kirol erakundeekin, instituzioekin batera egin beharreko lan horretan; nazioartean bezala, etxean ere baditugu lanak. Kanpora eta barrura begira aritu beharko dugu. Eta horretan ari gara nazioartekotasuna bultzatzen. Kirol ezberdinetan, instituzio ezberdinetan, nazioarteko estamentu askotan. Eta txalotzekoa da orain arte ofizialtasuna lortu duten zenbait kiroletan egin den lana. Zorionak Sokatirako Munduko Txapelketa irabazi eta ofizialtasuna aldarrikatu zuten herri kirolariei, surfean nazioarteko olatuak harrapatu dituztenei, erreketan behera gure kayak gaitasuna munduari erakutsi diotenei... eta etorriko direnei.
Euskal Herritik mundura! esaten dugunean, euskal kirola, gure lehiaketak, gure herrian egiten ari garen kirol probak ditugu buruan. Gure herria eta bere eskubideak erakutsi nahi ditugu nazioartean. Gure kirolarien gaitasuna. Gure zaleen gogoa eta ilusioa. Gure herriaren gaitasuna antolaketarako zein kirol erakunde indartsuak garatzeko. Euskal Herria kirol nazio bat da. Eta orain hori guztia nazioartean erakusteko ordua da. Egiten dugun urrats bakoitza, kirol lorpen bat ere bada. Helmuga gero eta hurbilago ikusten dugu, eta herri honek orain arte ere erakutsi duen grina eta gaitasuna mirestekoak dira. Hizkuntzaren alde, ekonomia garatzen, kirol lorpenak eskuratzen, bizirauten. Gogor entrenatzen gara, asko saiatzen gara, eta lorpenak hortik etorriko dira.
Gure koloreak
Une honetan, gure koloreak marraztu, jantzi eta aldarrikatu nahi ditugu. Ikurrinaren koloreekin aritu nahi dugu nazioartean. Iribar eta Kortabarriaren ekintza sinboliko hura, Martin Zabaletaren gailurra, Herri Torrontegiren balentria, Oihana Aizkorbebeitiaren mendi lasterketetako buruko zapia, Maialen Lujanbioren ahotsa, Tourrean animatzen duten euskal zaleen oihuak, Bixintxo Bilbao pilotariaren ikurrina. Euskal Herriko neska-mutikoen ametsak, dena eman zutenen gogoa; galdu arren, irabazteko beste saiatu direnen ahalegina. Gure koloreak marraztu, jantzi eta aldarrikatuko ditugu. Horrek egiten gaituelako herri. Horrek egiten gaitu munduko.
Naziogintza eta kirola uztartuko ditugu. Hizkuntza eta hitza. Neska eta mutilak, gizon eta emazte. Guzti-guztiok. Euskal Herritik mundura!, kiroltasunez. Badakigulako beti ezin dela irabazi, baina parte hartzea dela garrantzitsuena. Hori eskatzen dugu: parte hartu ahal izatea, munduaren parte izatea gu ere bai.
Kirola eta naziogintza, Euskal Herritik mundura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu