Kirol Diplomaziaren Munduko Kongresua: 'Donostia 2023'-tik urtebetera

Imanol Galdos eta Gavin Price
2024ko uztailaren 25a
05:00
Entzun

Duela urtebete, Kirol Diplomaziari buruzko lehen Munduko Kongresua egin zen Donostian, Euskal Herrian. Bi egun bete-beteak izan ziren, non mundu mailako adituen ahots esanguratsuenak entzun ahal izan genituen, hazkunde bizian murgilduta dagoen ikerketa eta praktika esparru honi buruz hizketan. Era berean, hainbat aurkezpen pertsonal plazaratzeko eta harreman sareak sendotzeko aukera eman zuen, ondorioz kirol diplomaziaren arloko ekimen eta ekintza garrantzitsuak garatzeko bidea zabalduz.

Ekitaldi berritzailea izan zen, kirol-diplomaziari buruz zekarren ikuspegiagatik, eta euskal ikuspegitik eginiko ekarpenak ez ezik, nazioarteko hogei aditu baino gehiagoren ekarpenak jaso ziren. Ordurako Australian, Frantzian, Galesen eta Estatu Batuetan kirol diplomazia bultzada handia jasoa bazen ere, Kongresu arrakastatsu hura baino lehenagotik ikerketa eta praktika esparru honek ez zuen bereganatua, inondik ere, euskal gizartearen arreta nabarmenik. Hala, kirol diplomazian berez murgilduta leudekeen eginkizun eta zereginetan ari ziren euskal ordezkari asko bildu ziren kongresura, baina, bitxia den arren, askok ez zuten horren kontzientzia garbirik. Orain, berriz, Euskadin eta kanpoan egiten duten lanerako erreferentzia puntu profesional bat eta lanerako marko bat edukitzea eskertzen dute. Esaterako, Zegama-Aizkorri (sky run mendi maratoia), Donosti Cup (oinarrizko futboleko nazioarteko txapelketa) eta Behobia-Donostia (tradizio handiko iraupen lasterketa herrikoia) bezalako ekitaldiek atentzioa eman dute, euskal kulturaren, kirolaren eta ondarearen sustapenean nazio eta mundu mailako eszenatokietan betetzen duten paper garrantzitsuagatik. Halako gertakariei esker, izan ere, Euskadiren irudia moldatzen duten esperientzia garrantzitsuak ezagutu ahal izan ditu nazioarteko komunitateak.

Garrantzitsua da azpimarratzea Kongresua ez zela soilik esparru akademikora mugatu; aitzitik, kirol diplomaziaren arloan mundu osoan abian diren hainbat esperientzia praktiko eta errealen ezagupena hausnarketa akademikoarekin uztartu ziren saioetan. Ikuspegi horrek erakarrita, jatorri desberdinetako 200 partaidetik gora bildu zituen Kongresuak, hogei nazio baino gehiagotatik etorrita. Tartean, baziren Europako Batasuneko, Euskadiko eta nazioarteko nahiz eskualdeetako ordezkari instituzional eta diplomatikoak, merkataritza eta negozio globaleko liderrak, eliteko atletak eta kirol-kudeatzaileak; baita Ani Saunders galestar musikari, akademiko eta artista ere (Ani Glass artista izenekoa). Itxiera saioan eta Galesko Gobernuak eskainitako ondorengo ekitaldian, Aniren emanaldiak ederki erakutsi zuen musikaren, kulturaren eta kirolaren fusioak ahalmen aparta duela pertsonak motibazio positiboez batzeko.

Kongresura bertaratu zirenek eta Europan eta munduan online bat egin zutenek 25 aditu eta agintari baino gehiagoren aurkezpenak entzun ahal izan zituzten. Besteak beste, han izan ziren hizlari:

  • Donostiako alkatea (paradiplomatiko bat martxan), zeinak Donostiaren eskaintza azaldu baitzuen, balio zibikoz betea, kanpora irekia eta abegikorra, azpimarratuz, halaber, nazioarteko kirol, kultura eta gastronomia ekitaldi eta jarduerekin duen konpromisoa.
  • Laura McAllister CBE, FLSW, FRSA irakasleak, Galesko futbol selekzio nazionaleko kapitain ohiak eta gaur egun UEFAko Batzorde Exekutiboko kide denak, FIFA 2022 Munduko Kopan, Qatarren, Galesko taldeak abian jarritako futbol diplomaziaren ikuspegi berritzailea azaldu zuen, eta UEFAren kirol diplomaziarako erronkak eta aukerak ere aztertu zituen.
  • Stuart Murray doktoreak, Australiako Bond Unibertsitateko irakaslea eta Sports Diplomacy Alliance aholkularitza agentzia globalaren sortzaileetakoa denak, ikuspegi berri bat aurkeztu zuen dibertsifikazio prozesu azkar batean murgilduta dagoen kirol diplomaziako ikerketan alorrerako. Berarekin batera hainbat aditu izan ziren alorrez alorreko komunikazioak aurkeztuz: skatearen diplomazia Neftalie Williams doktoreak aurkeztu zuen, saskibaloiaren diplomazia Lindsay Sarah Krasnoff doktoreak eta txirrindularitzaren diplomazia Yoav Dubinsky doktoreak, besteak beste.
  • J. Simon Rofe doktoreak Kirol-diplomaziak nazioarteko harremanetan duen eginkizuna: XXI. mendeko agertokia aurkeztu zuen.

Honenbestez, Kongresuak aukera eman zigun kirol diplomaziaren arloko lagunak, sareak eta ezagutzak zabaltzeko. Funtsezko ondorio hauek atera ziren:

  • Kirol mota eta jarduera fisiko guztiak kirol diplomazian emaitza onuragarriak lortzeko bitarteko garrantzitsuak direla azpimarratzea. Hala, futbolak, errugbiak, kriketak edo atletismoak kirol diplomaziarako berebiziko garrantzia duten bektoreak izaten jarraitzen duten arren, dena ez da horietara mugatu behar. Kirol guztiek dute zeregin eta ahalmen garrantzitsua, eta denek dute zer ikertua, pertsonen arteko konpromisoak sendotzeari eta balio diplomatiko positiboak eratzeari begira.
  • Erakustea zer balio eta ahalmen duen berez kirola (diplomazia) harreman kulturalekin, musikarekin, artearekin, hizkuntzarekin, zinemarekin, literaturarekin, modarekin eta abarrekin uztartzeak.
  • Aztertzea 2024an Galesen edo Australian bigarren ekitaldi bat egiteko aukera, eta, hurrengo urtean, Euskal Herriko Donostia hiri zoragarrira itzultzea.

Kongresuak oihartzun zabala izan zuen bertako eta nazioarteko irratietan, egunkarietan eta hedabide digitaletan, zuzendariek egindako prestaketa lan xeheari esker. Baita Galesko (Erresuma Batua) ingelesezko eta galesezko online albistegietan eta Australiako eta Estatu Batuetako ingelesezko hedabideetan ere. Gainera, Kongresuaren berri euskaraz eta gaztelaniaz eman zen euskal egunkarietan eta irrati eta telebista publikoan, eta sare sozialetan arrakasta handia izan zuen kanpaina global bat ere zabaldu zen.

Euskadi nahiko herrialde berria da kirol diplomaziaren arloan, eta Galesen esperientziaz eta ezagutzaz baliatu nahi izan genuen. Galesek erabat bere egin du kirol diplomazia nazioarteko posizionamendu estrategikoaren osagai gisa. Horrekin bat etorriz, Llywodraeth Cymru Rhyngwlado-Galesko Nazioarteko Gobernuak zeregin aktiboa izan zuen Kongresuan, estatuz peko bi entitateen artean (Euskadi eta Cymru-Wales) ideiak eta esperientziak trukatzea erraztu zuen eta lankidetza estuago baterako oinarriak jarri zituen. Bi naziootan giltzarri diren hainbat eragile aukera hori aprobetxatzeko moduak lantzen ari dira, dela kirol jarduera eta diplomazia kulturaleko jarduera gehiagoren bidez, dela esparru tradizionalagoen bidez, hala nola lankidetzak bultzatuz merkataritzan eta turismoan edo ezagutza trukeak bultzatuz jasangarritasunean, energia berriztagarrietan eta etorkizunerako politika eta praktiketan.

Kongresutik eratorrita, halaber, kirol diplomaziako ekimen berri eta garrantzitsu batzuk sortu dira. Gaur egun, bi argitalpen mardul prestatzen ari dira, aditu akademikoen, kirol-diplomaziako profesionalen eta politika arloko adituen ekarpenak, ikerketak eta ezagutzak bilduko dituztenak. Ahalegin hori indartu egingo da Donostian ezarritako loturei esker. Gainera, Australia, Frantzia eta Gales bezalako herrialdea beren nazioarteko profila eta balioa handituz joan dira kirol diplomazian egindako inbertsioaren bidez. Australia dibertsifikatu egin da eta berrinbertitu egin du bere 2030eko Kirol Diplomaziaren Estrategia abangoardistan, Frantziak hainbat ekimen bultzatu ditu Parisko Olinpiar Jokoekin lerrokatuta, eta Galesek, beste behin ere, kultura eta kirol diplomazia uztartzearen balioa erakutsi du 2023ko Munduko Errugbi Kopan. Kirol diplomaziaren beste adibide asko ari dira hedatzen mundu mailan, estatuen ordezkari diren eta estatuz besteko entitateen ordezkari diren eragile asko tartean direla.

Une benetan zirraragarria dugu hau kirol diplomazia globalaren ikerketak, politikak eta praktikak lantzeko. Eskaini diezaiogun arreta arlo honi, harribitxi asko ekarriko dizkigu eta!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.