Mugarik Gabe

Kintsugi: indarkeria matxistek uzten dituzten orbainek istorioak kontatzen dituzte

Lidia Ruiz Gómez
2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Kintsugia, ehun urtetik gorako japoniar teknika, apurtutako zeramikazko piezak urre hautsez erreparatzean datza, «orbainak» disimulatu beharrean, balio berria duen bakarra den zerbait sortzen da. Horixe izan zen pasa den otsailaren 24an indarkeria matxista desberdinetatik biziraun duten emakumeei egindako erreparazio sinbolikoko ekitaldian erabili genuen sinbolismoa.

Gure bizi-esperientzia batzuek orbainak uzten dizkigute, azalean ikus daitezkeenak edo ikusezinak. Batzuek ahal duten guztia egiten dute ezkutatzeko eta bizitzen jarraitzeko. Batzuek beren memoriaren eta historiaren parte direla erabakitzen dute, eta osatze-prozesu bati ekiten diote. Erreparazio prozesu bat gure hauskortasuna aitortuz, aurre eginez, bizirauteko hainbeste denboraz jarri ditugun maskarekin ezkutatzeari utziz.

Bide hau ezin da bakarkakoa izan, beste emakume, gizon, jendarte, instituzioez... babestua izan behar du. Helburu horrekin, Mugarik Gabetik, beste erakunde batzuekin batera, indarkeria matxista desberdinetatik biziraun duten hamabost emakumerekin dokumentazio-prozesu bat abian jarri genuen. Bizi izan duten indarkeriagatik jaioterria atzean uztera behartutako emakumeak, harrera egin dieten herria topatu arte beste indarkeria askori ere aurre egin dietenak. Nortasuna ukatzen zaien emakumeak, eta nahi duten bezala bizitzeko trabak jartzen zaizkienak. Beren lekuak utzi eta esklabo bihurtzen dituzten lanetan murgiltzen diren emakumeak, eskubiderik gabe eta eraldatzeko ezer egiten ez den errealitate batean murgilduta daudenak. Indarkeria-prozesuetatik ateratzen diren emakumeak eta egoera hori larriagotzen eta birbiktimizatzen dituzten instituzioak aurkitu dituztenak.

Elkartu ginen eta galdetu genien; zer behar duzu zauri hori erreparatzeko, osatzeko eta aurrera jarraitzeko? Izan ere, galdetzea eta entzutea erreparazio-prozesuan funtsezko elementuak dira. Aurreiritzirik gabe, enpatiaz eta irekitasunez entzutea. Eta, batez ere, jendarte bezala dugun erantzukizunarekin aditzea, erreparazio eskubidea eraldaketa sozialerako urratsa baita, indarkeria matxistarik gabeko bizitza amestuz.

Entzute eta sinesgarritasun hau erreparaziorako lehen neurri bat izango litzateke, beraiekin gaudela sentituko luketelako, biktimekin, eta eurak direla jendarte honen parte eta ez erasotzaileak.

Gehien errepikatzen den eta arreta gehien pizten duten gaietako bat emakume guztiekiko elkartasunaren adibidea da. Eurek bizi dutena eta bizitzen ari direna beste inori gerta ez dakion mobilizatzea, elkarteekin ekimenetan, prozesuetan inplikatzea... Eta horretarako kontatu egin behar dute, eta kontakizun horiek gure memoria kolektiboaren parte bilakatu.

Instituzioetan ere jartzen dute arreta, beren protokoloak birpentsa ditzaten eta egiten dituzten ekintzen jarraipena eman diezaioten. Indarkeria instituzionala existitzen da, erreparatzailea litzateke akatsak eta jardunbide txarrak aitortu eta konpromiso zehatzak definitzea, haiengatik eta etorriko direnengatik.

Partekatutako erreparazio-exijentzia zerrenda luzea izan zen. Prozesu hauek osagai indibiduala dute, bakoitzak behar duena osatzeko eta berriz ere bere bizitzaren protagonista izateko, baina baita kolektiboa ere.

Prozesu hauek ezin dira bulegoetatik diseinatu, indarkeriak bizi dituen emakume bakoitzaren aurrean abian jartzeko tresna gisa, eta ez dira bakarrik instituzioetatik abiatu behar, baita hurbileko inguruetatik eta oro har jendartetik ere. Prozesu hauek erronka asko planteatzen dituzte, eta baita beharrezko eraldaketa ere. Bakoitzaren aurrean gelditu, galdetu, eta batez ere, entzun egin behar da.

Hortik abiatuta, benetan indarkeria matxistatik biziraun duten emakumeak lagunduko dituen erreparazio-prozesu hori definitu behar da, beren bizitzaz jabetu eta berriro goza dezaten, bizitako indarkeria atzean utzita, beren orbainak ezkutatu gabe. Orbain horiek min-istorio bat kontatzen dute, eta baita indarkeria matxistarik gabeko bizitzarantz gainditzekoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.