Kinka larrian biziarazten gaituzte, modu prekarioan eta mehatxatuta: putzua beti izan daiteke sakonagoa. Langabeziarekin hasi ziren, lan prekarietatearekin segitu zuten, etxebizitzen espekulazioak teilatupe baterako eskubiderik gabe utzi gintuen, elikagaien pobreziak eta pobrezia energetikoak jende gehiagori eragiten dio, pentsio bat erdiestea lortu ezin den helmuga baten gisan aurkezten da, kinka larrian bizi gara, eskubiderik gabe, mesede bat egingo bagenie bezala. Eta bizitza prekario bat laburtzen eta mugatzen den bizitza bat da, proiektuak egitea ia ezinezkoa da, eta nahikoa eta gehiegi egiten dugu egunero egunero bizirik irauten.
Suntsitzaileizateko premia duen kapitalismo baten ondorioa gara, lehiakortasun basati batean harrapatuta; krisitik aterako gaituztela aginduz gezurra esaten diguten botere ekonomikoen eta politikoen ondorio gara; krisitik atera, nola eta hura eragin zuten neurrietan sakontzeko azeleragailua are gehiago sakatzen dutenean.
Bidegabekeria handitzen ari den muturreko sistema baten ondorioa gara. Prekarioak konpetitiboagoak gara.
Lehia gure artekoa da, eta gure lan eta bizi baldintzak okertzen doaz. Erabili eta botatzeko objektu gisa mantentzen bagaituzte, askoz ere errentagarriagoak gara; baina ez gara objektuak.
Kontsumoaren maila oso altua den gizarte batean —ikaragarri altua gutxiengo batentzat— herritarren parte batek ez du oinarrizko beharrak asetzeko aukerarik. Errentagarriagoa da beharrezkoa den tokitik moztea, behar ez denetik baino. Aurrekontuek oinarrizko beharrak ase ditzaten zerga progresiboak ezartzea delitu bat direla ematen du. Horren ondorioz desberdintasunak areagotzen ari dira, malda horretan hartzen du behar duen abiadura kapitalismoak.
Prekaritatea ere ez da berdin banatzen: beti bezala, emakumeak, gazteaketa etorkinak dira biktima nagusiak. Baina inor ez dago salbu, prekaritatea handitzen ari den minbizi bat da,gutxi kualifikatuta daudenak edo gehiago kualifikatuta daudenak, ustez lanbide egonkorra dutenak, hipoteka ordainduta dutenak, pentsio bat jasotzeko aukera izango dutenak gauzak okertzen ez badira...
Prekaritatea, eskubideen gabezia eta gorantz doazen desberdintasunak inbaditzen ari zaizkigu. Gero eta toki gehiago hartzen dute suntsitutako mundu batean gerra telegidatuek, gosete programatuek, sendatzeko errentagarriak ez diren gaixotasunek, erbesteratzera edo emigratzera behartuta dauden milioika lagunek eta mugak blindatuta dituztenek...
Askatasuna desagertu egiten da horrelako gizarte batean, horrelako mundu batean, muturreko injustizia indarraren bidez soilik delako bideragarria: arma gero eta suntsigarriagoen bidez eta armada gero eta oldarkorragoen bidez, polizializazio progresibo baten bidez eta askatasunak murriztuz.
Aldaketa behar dugu. Urgentziazko neurri batzuk behar ditugu, premia handienak dituztenen ezinbesteko beharrak asetzeko. Ezin da asmo onetan geratu, aurrekontuen politiketan isla izan behar du. Urgentziazko neurri horietatik harago, bidea aldatu beharra dago eredu sozialeta ekonomikoan: espekulazioak eta ustelkeriak desagertu egin behar dute, negozioak ezin dira puztu benetako erabilgarritasunik gabeko proiektu erraldoien bizkarretik. Oinarrizko beharrak ase behar dira lehenik, gertuko baliabide naturalak erabiliz, publikoa pribatuaren gainetik jarririk.
Ez dugu gizarte aberatsago baten zain egon nahi. Gizarte bidezkoa eta berdinzalea nahi dugu berehala.
Ez dugu lortuko denon esku hartzerik gabe. Zure esku hartzerik gabe.
Maiatzaren 1ean, Iruñeko Mercaderes kalean, 11:00etan, sindikatuen manifestazioaren aurretik, Astearteak Eguzkipean eta Pertsona Langabetu eta Prekarioen Asanbladak elkarretaratze bat egingo dugu.
(Erredakzioan itzulia)
Kinka larrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu