Gazteen arteko eztabaidari belarria jartzen zion horietako bat omen Richard Feynman, fisikari iparramerikarra. 1918an jaiotakoa, oso argia eta adeitsua, benetan berezia. Bere garaian, Estatu Batuetako armadak adimen urriko pertsona izendatu zuen, eta 1965ean Fisikako Nobel saria jaso zuen, Elektrodinamika Kuantikoarekin egindako lanagatik. Bada zerbait.
Fisikari iparramerikarrak esan bezala, «zientzia da gauzak ezagutzeko modua irakasten duen bideetako bat». Ezer ere ezin baitaiteke era absolutuan ezagutu. Zalantza eta duda-muda erabiltzeko bidea. Gauzen inguruan iritzi jakin bat eduki arren pentsatzeko bidea. Egia eta iruzurra, egia eta ikuskizuna eta abar elkarrengandik desberdintzeko bide egokia.
Feynmanek bultzatzen zuenari kasu eginez, eta kanpainaurre honetan entzun duguna «mamituz», beste behin esan beharra dago guztiz jasanezina eta faltsua dela Lakuatik eratzen ari diren «ongizate soziala» kontsumo masiboarekin parekatzen duen teoria.
Tamalez, langabezia da ekuazio horretan zalantzan jartzen den lehendabiziko erreferentzia. Eta hori ez da «soilik» hemen gertatzen, gauza bera gertatzen da Europa zabalean ere, non langabetuen erroldak inoiz ezagutu izan ez ditugun mailak gainditu dituen.
Hego Euskal Herriko eskuin abertzalea baino inor egokiagorik ez, beraien ustelkeria mortero gisa erabili eta Babel dorreak eraikitzeko. Baina gauzak horren nabariak izan arren, ez dute jarrera aldatuko. Are gehiago, iluntasuna argitzen duen argia bailiran erakusten dute beraien burua, konturatu ere egiten ez direlako argiak eta iluntasunak betidanik mantendu izan dutela lehia estua zuria eta beltzaren artean.
Joko hori berezkoa da demokrazia formaletan. Gobernuak etorri eta joan egiten diren bitartean, handikeria, diruzalekeria, eta ustezkotasuna, bertan geratzen dira, ezagutzaren muturreko aurrerapausoak izango balira bezala.
Horrelako demokraziaren bilakaerak zibilizazioaren modu atzerakoiaren biktima bilakatzen gaitu. Balioen suntsiketa garaira garamatza, eta balio horien ordez objektuak baino ez ditugu aurkitzen. Bide hori ez da etorkizunera jotzeko egokiena.
Biluzik, odol artean eta negar eginez jaio zirela ahaztuta daukatenen kodizia kriminalak eragindako gabetze, gose eta nahaspilak, norbere buruaren nahiz gure seme-alaben buruaren gainean, zeru urdin eta argia ikusi eta bizitza baloratzeko gogo ikaragarria pizten dute.
Baina guztiok ez gara halakoak, eta gauzak ez dira betidanik horrela izan. Gure herriak auzolanean —benatako auzolanean— administratzen ziren sasoi haietatik, euskal gizartearen eta euskal herritarren bizimodua elkarri lotuta egon dira. Indartsuak izan gara betidanik, eta hala izango gara etorkizunean ere, lankidetza eta erkidetasuna defendatzen ditugun neurrian.
Ezker abertzaleak beti aintzakotzat ditu norbanakoaren berezko balioak, eta hala ulertzen du kolektibismoa, hau da, helburu berbera izanik, pertsona desberdinez osaturiko unitate edo multzoa.
Garena gara, herri burujabea amesten duen proiektu bateko kideak. Pertsonaren baikortasuna eta tragedia, biak onartzen dituen, txanpon beraren aurpegi desberdinak direlako. Batak bestea baztertzen ez duen batasun dialektikoa. Beti izan gara horrelakoak, eta hala jarraituko dugu aurrerantzean ere.
Jakina denez, ezin dugu ahaztu kaltearen oinarria soziala dela, baina ez naturak hala ezarri digulako. Kalte horrek, boterearen egiturazko indarkeria errealitate bilakatu du. Ni ere iritzi berekoa naiz, asko eta asko dira gaur «idazten» ari garenarekin bat ez datozen epaiak. Gertatzen ari denaren aurrean ezikusiarena egiten dute.
Oso larria den egoera horren aurrean, azpimarra nahi nuke, ez dagoela tokirik «axolagabearentzat». Horrelakoek badakite bide zuzena eta okerra desberdintzen, baina ez dira arrazoiaren eta egiaren bidean urrats bat ere egiteko gai. Ze pena.
Barne begirada bat eginez gero, ohartarazi nahi dut, sarritan ahaztu egiten dugula zeinen gaztea den —gure herriaren historia kontuan hartuta— gure seme-alabei Euskal Herri aske bat eskaintzeko helburuarekin gauzatzen ari garen ahalegina. Egia da lan ugari egin dugula, eta egindako bidea luzea dela. Duela berrogei urte baino hurbilago gaude, bai, baina oraindik ez gara helmugara iritsi. Daukaguna eta etorkizunean lortuko duguna defendatuta baino ez gara iritsiko helmuga horretara, ez baita posible izanen beti aurrera egitea.
Aldaketa ugariko bidea aukeratu dugu —oraingoa ez da lehena— eta aldaketa horietara egokitu beharrean gaude. Iritsi da unea, ezin dugu gehiago itxaron. Haserreak baztertu eta bideari ekin, zuzena baita. Orain arte egindako bideak erakutsi digu gainditu beharreko indarra handia dela, oso, baina ez gaindiezina.
Zorionez, kimu berriak loratzera doaz, erne, udaberria gurea baita.