Urte osoan zehar, Euskal Herriko edozein herritan jaiak ospatzen dira. Euskaldunok jaia egiteko ospe handia izan dugu beti: gure kulturarako eta baita pertsonen arteko harremanetarako ere ludikotasunak presentzia handia du. Edozein atzerritarrentzat Euskal Herrian ospatzen ditugun jaiak oso erakargarriak suertatzen dira. Euskal herritarrok badugu nonbait ludikotasunaz gozatzeko trebetasun berezia. Georges Orwellek zioen bezala: «Euskal Herria Pirinioen bi isurietan dantza eta kanta egiten duen herria da».
Aitzpea Leizaola antropologoak dioen bezala, «jaia ez da soilik festa». Jaietan balioak, emozioak eta hauen eraginak daude, azalean arrastoa uzten dutenak. Miren Guilló antropologoak dio festan, komunitateak, identitateak, aldarrikapenak eta gorputzak daudela dantzan. Pere Lavegak, berriz, jaiak, une ludikoak, hertsiki kulturarekin lotuta daudela azpimarratzen du. Etnoludismoaren kontzeptuarekin herri-kultura bakoitzak dibertitzeko bere kode propioak erabiltzen dituela adierazi nahi da. Honenbestez, festak ez dira parentesi hutsa, pil-pilean eduki sinboliko kondentsatuak, emozio sakon eta komunitate jakinen ezaugarriak nabarmen islatzen diren uneak baizik.
Jaia emozioak pizten duen unea denez, jaiaren xedea une gozagarria bizitzea da. Nola dibertitzen gara gure gizarte honetan? Gure jaiek oraindik ba al dute gure kulturarekin loturarik? Zalantzarik gabe globalizazioak kultura gutxituak oraindik gehiago gutxitzeko eragina du, eta gurea bezalako kultura zaurgarri batentzat bidean galtzen dugun lehenengo ezaugarri nagusia komunitatearen sentipena da.
Jaia esperientzia da, eta esperientziak gozagarria izan behar du. Ideia horretatik autoteliko kontzeptua dator. Autotelikoa da esperientzia batek gozagarri izateko mugen artean sortzen den eremua. Jai batean parte hartzerakoan denok sortzen ditugu gure baitan espektatiba edota xede batzuk. Baina espektatiba horietara iristeko trebetasunak ere izan behar dira; bestela, oso erraza da frustrazio egoera batean jaustea. Hori saihesteko, ohikoa da bitartekari batzuk hartzea, alegia, alkohola edota drogak erabiltzea, kontsumoaren bitartez norberak garatu behar dituen trebetasun ludikoen ordez, erabateko desinhibizioaren bila joatea.
Jaia kultura da, eta jai batean erabiltzen den hizkuntza jai horrek kultura islatzeko duen indarraren araberakoa da. Ez dago zalantzarik Iruñeko sanferminak edota Baionako festak Euskal Herrian ospatzen diren jaiak direla, baina masifikazioaren eraginez, globalizazioak jaia euskal kulturaren markotik atera eta edozein publikorako jai bihurtu direla esan daiteke. Globalizazioaren uholdeari aurre egiteko, Kilometroak ez da hausnarketa sakonean murgildu den jai bakarra: Euskal Herria Zuzenean eta Baztandarren Biltzarra ospakizunek, besteak beste, kezka beretik berrikuntzaren aldeko apustua egin dute.
Jaia gaurkotu eta eragile bilakatzeko, ikastolen komunitateak hausnarketa egin zuen eredu berri baterako bidean. Eta denborarekin, eredu berri hori kontzeptualizatzen ari gara. Eredu berria da, kultura kontsumitzeaz gain, hura esperimentatzea, bizitzea eta, parte-hartzean oinarrituta, burutzea. Eredu berria da jaiaren kalitatea eta esperientzia hobetzen saiatzea, horrek memorian eta emozioetan arrasto handiagoa uzten duelako. Kilometroak jaiaren antolaketa prozesu bezala ere bizitzea bada, ez eskema itxi bezala, baizik eta herri bakoitzak bere eredua sortzea, herriaren arabera moldakorra dena. Herritik herriarentzat egiten den festa da, eragile, ikasle, gurasoek... herritarrek orokorrean parte hartuz. Eta parte-hartzaileak ikusle huts izatetik aktibo eta aktore izaten saiatu gara. Auzolanean antolatzen da, esfortzu handia eskatzen duena eta momentu nekagarriak izaten dituena. Hala ere, satisfazio handia uzten duena, auzolana modan ez dagoen garaian. Eta hau dena, Euskal Herria, euskal kultura eta euskara oinarri hartuta; Euskal Herriak berezko hezkuntza legea behar duela aldarrikatzeko.
Kilometroak erritu bat da, eta Durkheim-ek zioen bezala, errituen «irakinaldi kolektiboa» bilatu nahi dugu, lehenaldia orainaldiarekin uztartuz, eta norbanakoa komunitatearen parte bilakatuz. Segalen-ek ere hala zioen: «Errituek energia komunikatzen dute, karga emozional handia dutelarik». Eta Kilometroak ekimenean, teoria hori guztia praktikara eramaten saiatu gara.
Beti bezala, urriaren lehenengo igandearekin batera, Kilometroak ospatuko dugu, aurten Ibarran. Artikulu honetan modu teorikoan adierazten denaren lekukoa izan nahi baduzu, zatoz eta dastatu Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia. Eta ez ahaztu zure Irribarra zurekin ekartzea!
Kilometroak, ludikotasunerantz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu