Xabier Makazaga.
Estatu terrorismoaren ikertzailea

Kazetari-txakurrak

2025eko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

Mikel Lejarza Lobo famatuaren istorioak oinarrian du Europa Press agentziak 1975eko uztailaren 31n zabaldu zuen berri faltsu bat. Bezperan, Bernabeu futbol zelaitik oso gertu, auto batean zihoazen etakideek autoa utzi eta ihesari eman zioten, korrika. Europa Pressek zabalduriko berriaren arabera, haietako batek, apartamentu baten jabe frankistak pistolaz mehatxatuz bertan sartu, eta telefonoz deitu omen zuen Lobo zela esanez eta laguntza eskatuz.

Berri hori komunikabide gehienek jaso zuten. Ondoren, hamarkadetan, gezur piloa erabili dute, ezkutatzeko asmoz berriak zioena eta zabaldu zuen agentzia. Adibidez, Diario 16 egunkariak El Lobo que desgarró a ETA erreportajea argitaratu zuen, 1988ko irailean. Bertan, Miralles, Arqués eta Duque kazetariek zioten «gertaturikoa erredakzio askotan ezaguna izan arren, Inteligentzia zerbitzua ederki moldatu zela horri buruzko lerro bakar bat ere argitara ez zedin».

Hori izango zen, dudarik gabe, normalena. Guztiz kontrakoa gertatu zen, ordea. Egunkari gehienek jaso baitzuten berria, oso modu nabarmenean. Gainera, kazetari ugarik esan dute apartamentuaren jabe frankistak adierazpen batzuk egin zizkiola Efe berri agentziari gertatua kontatuz eta Efek zabaldu zuela berria. Hori diote, besteak beste, Cerdan eta Rubio kazetariek Lobo. Un topo en las entrañas de ETA liburuan. Gezur galanta, Europa Press izan baitzen gezurrez josiriko berri hura zabaldu zuena.

Beste hainbat konturekin berdin jokatu dute. Hori bai, nola jakin kazetari horiek nahita gezurretan aritu diren edo manipulatu egin dituzten? Dirudienez, kazetari horietako batzuk manipulatuak izan baitira. Bereziki, Fernando San Agustin Farlete izan da lan zikin horretaz arduratu dena. Diktadura garaian informazio zerbitzu sekretuan lanean hasitako Farlete oso abila baita kazetariak manipulatzeko orduan.

Hala ere, konbentzituta nago kazetari batzuek ederki asko jakin dutela gezurrak zabaltzen ari zirela. Horregatik, manipulatuak izan beharrean manipulatzaileak izan dira. Adibidez, Fernando Ruedak argi esan du Lejarza dela dioen pertsonaia horrekin zein akordiotara heldu zen. Ez zituen batere ikertuko hark kontatzen zizkionak. Besterik gabe jasoko zituen. Izugarrizko gezurrak zabaltzeko aitzakia ezin hobea.

Cerdan eta Rubio kazetariak ere baliteke manipulatzaileak izatea. Liburuan kontatzen dituzten gauza dezente ez baitira inolaz ere egia. Adibidez, talde berezien arduradunak, Iñaki Perez Beotegi Wilson-ek, hau esan omen zien: «Seguru naiz Lejarzarekin Madrilen izan nuen lehen hitzorduan kontrolatu egin nindutela, eta handik aurrera jarraitu Bartzelonan atxilotu arte».

Gezurra, Wilson ez baitzen inoiz izan Madrilen Lejarzarekin. Lehen hitzorduan, Lejarza Txeperekin izan zen eta hark apartamentu bat utzi zion, ordura arte hotel batean izan baitzen. Lejarza ez zen inoiz izan azpiegiturako arduraduna. Sekula ez zuen halako ardurarik izan. Hori da egia eta ez hainbeste liburu eta dokumentaletan zabaldu duten gezur itxuragabea.

Beste kazetari baten kasuan, argi eta garbi esan daiteke kazetari-txakurra dela. Jesus Maria Zuloaga Zulo-k hamarkadak baitaramatza nabarmentzen, Galindo Jenerala bezalako pertsonaiak goraipatuz. Lehenik, ABCn; ondoren, La Razón egunkarian. Horregatik jaso ditu Poliziaren eta Guardia Zibilaren kondekorazioak.

Erabat ziur nago Europa Press agentziak 1975eko uztailaren 31n zabalduriko albiste hura zeharo faltsua izan zela. Hala jakinarazi nuen duela urte batzuk, eta, nire ustez, horregatik jo dute orain 1975ean Europa Pressen lan egiten zuen Zuloagarengana, albistea berak idatzi zuela esan dezan.

Zulok dio oso normala zela agentziak albiste hura zabaltzea. Hori bai, ez du antzeko adibiderik aipatu, ederki baitaki ez dagoela kasu bakar bat, arestian aipaturikoaz gain, Poliziak eta Inteligentzia Zerbitzu frankistek halako albiste bat argitaratzen utzi zutenekoa. Bat bera ere ez.

Zuloagak dio Europa Pressi horrelako albisteak zabaltzen uzten ziotela eta ondoren zigortu. Ez zen isun bat izan, ordea, agentziak jaso zuena, baizik eta, hasteko, Franco diktadorearen heriotzaren albistea eman ahal izan zuen erabateko primizian. Gainera, 1975 urte hartan agentziak Francisco Franco Kazetaritza Sari Nazionala jaso zuen.

Oso adierazgarria iruditzen zait zein izan zen agentziaren iturria primizia garrantzitsu hura lortzeko. Europa Presseko erredaktore historikoetako batek, Jesus Friasek, De Europa a Europa bere liburuan, jakitera eman zuen iturria: «Bertako zuzendari zen Antonio Herrerosekin harreman ona zuen Gobernuko Presidentetzako Zerbitzu Sekretuetako goi kargudun bat».

Bitartean, Lejarza dela dioen horrek urte mordoa darama DNAren proba egitera ukatuz. Aitzakia gisa dio, ETA desagertu den honetan, bere bizia inoiz baino arrisku handiagoan dagoela. Oso aitzakia txarra.

Mikel Lejarza dela frogatzeko, beste proba bat egin dezake, erraz askoa. Hara zein den Lejarzaren odola: A negatibo. Berak odol tipo berbera al du? Zer aitzakia jarriko du proba erraz horri ere uko egiteko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.