Gure herri txiki eta eder honek zer ez ote duen hain luzeko ibilbidean bizi: ikasi, erakutsi, amestu, egia bihurtu, borrokatu, irabazi, galdu, lan egin, berriro ametsak bihurtzeko etengabeko borroka, lana... eta aurrera!, ilunetik argira. Egiari zor, bide luze hori elkar loturik nahi nuke esan, baina, ezin dut.
Gero eta mundu globalizatuagoan bizi garenez, Europan hitz horrek duen esanahia kontuan hartuta: yankizatuak, alegia, gero eta txikiagoak bihurtzen ari gara herri bezala bizi ahal izateko aukera urrunduz; gure ametsa egia bihurtu ezina izan arte.
Gizarte ahula egiten ari gara, azalekoa, minberakeria merkean erortzen dena mass-medien esanetara mugitzen. Nitasuna ez, nikeria da nagusi, eta egunean bizi; sorbaldak jaso eta hurrengo belaunaldiak «hor konpon»-ekin agurtu. Inolako nekerik hartu nahi eza dirua trukean ez datorrenean; eta harrokeria galanta gure aurrekoek egindako bidea mespretxuz begiratzean. Aspalditik datorkigun bidea, hobeto esanda, etorkizunerako ez den bidea dugu hau. Garbi ikusten ari gara hurbil, deitua izan den gerran, Mendebaldeko Europaren tragedia yankien eskuetan eta haien esanetara bizi dena; jendarme nagusiak, AEBek, agintzen nor eta nola bizi, ala ez bizi, bere aukera izanik. Lehen munduan ala azkenean bizi gara?
Hala eta guztiz ere, ez dut itxaropena galtzen, are gehiago, gaurko egoera lardats, irristakor, ustel eta ortzi-izar gabeko honetan, askori, multzo handiari Euskal Herrian, barruko harrak ez gaitu lotan uzten, baina bai amesten burujabe izateko derrigorrezko borrokarekin. Horra lotu behar gara bizi nahi badugu herri gisa.
Bide erraza ez dugula izango ondo dakigu. Eta orain arte zerbait erraza izan al dugu ba egindako ibilbidean? Bigarren Mundu Gerran jaio nintzenetik arrosa gutxi eta arantza asko bizi izan ditugu; baita bidea zintzotasunez eragindako harrotasuna ere, eta horrek beti ematen du bizipoza, jarraitzeko gogoa, ilusioa, eta batez ere, bideari ekiteko bermea.
Berme horrek honaino ekarri gaitu,eta urrunera eramango gaitu ez badugu bidean galtzen ezkerreko nortasuna, hain luze eta latzean lortutakoa: 60ko hamarkadatik Francori eta faxismoari aurre eginez, haren Erreformari ezetza emanez; 78an Espainiako Konstituzioari uko eginez; eta 86an NATOri ezetz borobila emanez, herri ez-lerratuen artean Euskal Herria jarriz lehen aldiz.
«Ezetz» hauek markatzen dute Euskal Herriaren nahia eta beharra: etorkizunaren jabe izatea; ahalmen osoa zer izan nahi dugun erabakitzeko; nolaz lortu nahi dugun; nortzuk izango ditugun bidelagun; nora bideratu nahi dugun; azken batean, Espainiak eta NATOk ukatzen digutena gaur egun ere.
Hau da niretzat bizi osoko eta osorako katoia, a, b, z, abertzale eta ezkertiar bezala inoiz utzi ezin dezakedana.
Kutxa zaharren hondotik berreskuratu ditzagun egiaren indarra, justiziaren ezpata, hitzaren balioa eta elkartasunaren xamurtasuna, duintasunez, gizartean lekua har dezaten aberriak, euskarak, eusko gudariek, euskal preso eta iheslari politikoek... eta, ikurrinarekin batera, borroka lanabes nagusi dugula, lortuko dugu!
Katoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu