Izaskun Landaida Larizgoitia.

Kate luze bateko katebegiak

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Gure herriko lehen jardunaldi feministak Leioan egin ziren, 1977ko abenduan. Ordutik, jardunaldiak antolatu dira hainbat unetan, eta horietako azkena joan den azaroan izan zen, Durangon. Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan askotariko emakumeak bildu ginen, helburu batekin: elkarrekin gogoeta egitea, hurrengo urteetan mugimendu feministaren agenda markatzeko. Feminismoa, beti etorkizunari begira... bere iragana inoiz ahaztu gabe.

Azken bi urteetan, Martxoaren 8an, parte hartzea masiboa izan da eta gure gizartean aurrekaririk ez duen oihartzuna izan dute mobilizazioek. Horietan, emakume gazte asko, batzuk euren lehen Martxoaren 8a kalean bizitzen. Funtsezkoa da 1977ko jardunaldi feministetako emakumeak gazte horiekin konektatzea, jakitun izan daitezen emakumeen eskubideen aldeko lana ez dela ezerezetik sortu, ez dela jaio gaur. Borroka hori atzetik dator, gehienetan emakume anonimoen eskuetatik, eta azken hamarkadetako aurrerapausoak euren ekarpenari esker eman dira, hein handi batean. Emakume gazteak aurreko belaunaldietako emakumeekin lotzea funtsezkoa da, horiek feminismoaren historiari lotuta egon diren bezala.

Iraganera begiratzea ezinbestekoa da etorkizunari begira aurrera egiteko. Aurten, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 25. urteurrena ospatzen da. Emakumeen eskubideak sustatzeko inoiz izan den planik aurrerakoiena izan zen mundu mailako adierazpena, emakumeen ahalduntzea garapenaren funtsezko estrategia gisa aurkeztuz. Euskadin Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zeneko 15. urteurrena ospatzen da, gure herriko berdintasun politiken aurrerapenean mugarri izan zena. Eta, besteak beste, Garapen Jasangarriko Helburuak onartu zireneko 5. urteurrena ere betetzen da aurten, bosgarren helburua izanik genero berdintasuna eta emakumeen eta nesken ahalduntzea.

Berdintasunaren aldeko lanaren fruituak beti erein behar dira denborarekin. Feminismoak ondo daki aurrerapenak ez direla egun batetik bestera gertatzen, baizik eta gaur hartu behar direla erabakiak bihar errealitate bihur daitezen, eta hori ez egiteak arduragabekeria larria esan nahiduela. Feminismoa, ezinbestean, beti etorkizunari begira... iragana inoiz ahaztu gabe.

Martxoaren 8an, Emakundek Katerik gabe, katean kanpaina abiarazi du iraganean eskubideak konkistatu eta berdintasunerako urratsak egin dituzten emakume guztiei omenaldia egiteko, eta, aldi berean, belaunaldi berriei katea indartzen jarraitzeko dei eginez. Kate honek irudikatzen du emakumeen eskubideen aldeko borroka, talde lana, sororitatea, berdintasunaren aldeko lanaren belaunaldien arteko transmisioa, emakumeen ahalduntzea... Kateari jarraipena emateko belaunaldi berrien konpromisoa lortzea funtsezko helburua da.

Horretarako, NBE Emakumeak erakundeak bultzatutako Generation Equality kanpainarekin bat egin dugu. Kanpaina horren bidez, emakumeen eskubideen aldeko belaunaldi berriak Beijingo Ekintza Plataformaren sorreran ezinbestekoak izan ziren aktibistekin biltzen hasi dira mundu mailan. Hemen ere, Euskadin, kanpaina honen barruan, belaunaldien arteko topaketak bultzatuko ditugu kateari jarraipena emateko asmoarekin.

Etorkizuna eraikitzeak zerikusi handia du iraganarekin. Berdintasunaren aldeko lana ez da hutsetik sortu, genealogia feminista eta denboran zehar aldarrikapena mantentzeaz arduratu diren pertsona eta gizarte eragile askoren konpromisotik baizik. Erabat beharrezkoa da hori kontuan izatea martxoaren 8an berriz ere kalera ateratzen garenean kateari jarraipena ematera, gutariko bakoitza beharrezko katebegia garela erakustera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.