Azkenaldian kataluniar procés-a dela eta, oso momentu emozionanteak bizitzen ari gara euskal herritarrok ere bai. Gutako asko, iadenok esango nuke nik, hara begira gaude, han zer egiten ari direnaztertu eta haien esperientziatik ikasteko.
Urriaren 1ean, Udalbiltzaren izenean Euskal Herriko ehun hautetsik baino gehiagok galdeketan parte hartu genuen nazioarteko bisitari gisa, AMIk (Asociació de Municipis per la independència) gonbidatuta. Katalunian izan ginen, lau taldetan banatuta lurraldearen leku ezberdinetan, nazioarteko beste bisitariekin batera (Quebec, Finlandia, Eskozia, Grezia, Suitza...), eta bertatik bertara jarraitu genituen egun hartan gertatutakoak.
Ezinezkoa ekinez egina; hauxe da herri kataluniarrak erakutsi diguna eta erakusten ari zaiguna; duela hilabete batzuk edo duela urte batzuk ezinezkoa zirudiena posible dela ikusaraztea.
Udalbiltzan urriaren 1eko galdeketaren balorazioa egiterakoan esan genuen Katalunian herri batu bat ikusi genuela, ilusio berarekin ahalegin berean elkarrekin lanean. Ordezkari politikoak, kolore eta ideologi ezberdinetakoak, elkarrekin ahalegin berean. Ordezkari politikoak eta herritarrak modu antolatu eta planifikatu batean ahalegin berean. Denak ari dira herri logika batekin lanean, norberaren ideologiaren gainetik, herri logikaren ahalegin berean.
Egia da momentu historiko honetan euskaldunok Kataluniara liluraturik begiratzen dugula; indar berezia dutela han ikusitakoak eta bizitakoak eta baikor baloratzen ditugula. Baina gurean zer? Nola trasladatu Euskal Herrira? Posible al da gurean horrelako prozesurik bideratzea? Zeintzuk dira gakoak? Eta zailtasunak?
Ez da erraza galdera sorta hau erantzutea eta ikuspuntu eta aldagai asko hartu behar dira kontuan. Baina gure herrian, Euskal Herrian, beste maila batekoak badira ere, baditugu hainbat ariketa eta adibide interesgarri herri logikaren ahalegina landu dutenak.
Euskal Hiri Elkargoaren sorreraren prozesua. Frantziar Estatu egituraren erreformak, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa zegoena baino zatituago eta inguruko beste herrialdeetan dispertsatua eta difuminatua utziko zuen. Horren aurrean, kolore politiko ezberdinetako ordezkariak, herritarrak eta eragileak, estrategia argi batean (herri logikan) kokatu eta Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa batzen dituen subjektu politiko propioa sortzea ahalbidetu dugu.
Noski, ez da estatu propioa edota errepublika bat sortzea; baina bada Euskal Herrian egin dugun eta egiten ari garen bidea, adostasun politikoak lantzea eta bilatzea suposatu duena; eragile askorekin konpartitu dena eta herritarren babes zabala eta bultzada izan duena.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zailtasun handiak dituzte alderdiek akordiotara iristeko, analisiak konpartitzeko eta norabide bateratu bat adosteko. Gasteizko legebiltzarrean erabakitze eskubidearen aldeko gehiengo bat baldin bada ere, eskubide hau praktikara eraman eta gauzatzeko proposamenak eta borondatea ikusteke daude, eta hurrengo hilabetetan antzemango dugu autogobernu lan taldearen dinamikan.
Baina, bestalde, Nafarroa Garaiko Parlamentuan adostasun zabala lortu genuen azken hauteskundeen ondoren, eta gobernu aldaketa posible izan zen. Ezinezkoa zirudiena ekinez egina. Norberaren interesen gainetik herrialde oso baten nahia lehenetsiz eta herri logika batean lan eginez.
Kataluniara begiratzea eta ikastea ondo dago; baina agian euskaldun herritarrok gure lurraldeetan egin ditugun eta egiten ari garen prozesuei ere begiratu beharko genieke. Guk gugandik zer ikasia eta konpartitua badugu eta. Agian Kataluniara, Eskoziara, Madrilera edo Parisera begiratu beharrean, euskaldu herritarron artean elkarri begiratu, elkar hobeto ezagutu eta elkarrengandik ikasi behar dugu. Gure herri logika propioa landu behar dugu. Ordezkari politiko, jendarteko eragileak eta herritarrak elkarrekin eraiki behar dugu herri logika hori. Ahalegin bera dugu denok egiteko, eta herri gisa irabaziko dugu.
Kataluniara begira gauden honetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu