Katalunia, kontakizunaz harago

2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
COVID-19ak sortu duen egoerak esfera publikoa osatzen duten kontakizun guztiak estali ditu. Pandemia ondoko osasun nahiz ekonomia krisialdiak, beste hainbat esparrurekin lotura badu ere, munduan zehar dauden esfera publiko anitz osatzen dituzten beste kontakizunak alboratu ditu. Hala nola larrialdi klimatikoaren aurka belaunaldi gazteek zuzendutako mugimendua, Iranen egoera ezegonkorra eta lurralde eremu haren bilakaerak mundu osorako eduki zitzakeen ondorio ezjakinak bezain larriak, errefuxiatuek Mediterraneo itsasoan bizi duten egoera latza, eta abar eta abar, koronabirusak ia erabat baztertu ditu. Estatu espainiarrari dagokionez, haren barruan pil-pilean zeuden gaiekin beste hainbeste. Testuinguru horretan, krisi katalana ez da salbuespena izan. Honen inguruko kontakizuna hilabete luzeetan zehar guztiz alboratuta egon da.

Lausotze puntu hau onuragarria izan daitekeela esango nuke. Izan ere, procés deritzon horren atzean kontakizuna baino mami gehiago bazegoen ere, 2017ko gertakizunen geroztik procés-aren mamia osatzen zuten elementu faktiko horiek eztabaidaren erdigunetik aldendu ziren. Hau da, errepresioak, batez ere, baina baita independentismoaren akats estrategikoek ere, gatazkaren elementu instituzional, material eta juridikoak blokeaturik izan ditu. Badakigu, baina, politikan kontakizunak funtsezkoak diren arren (errealitateari zentzua eman eta eraldatzen laguntzen baitigute), ezin direla elementu bakarra izan. Zer esanik ez gatazka egoera batean, non adostasunetara iritsi ahal izateko traba nagusia kontakizunak kontrajartzea izan ohi den. Kontakizunen talka alboratu izana, beraz, mamira itzultzeko pizgarria izan liteke.

Izan ere, COVID-19aren egoeraren inguruko kontakizunek esfera publikoa kolpatu dute. Baina, kasu honetan ere, kontakizuna beste elementu instituzional, material eta juridikoekin, besteak beste, nahasten da. Hau da, elementu faktikoekin: zaintza ereduaren krisi sakona, prekaritateak dituen hainbat aurpegi, europar proiektuaren aukerak nahiz mugak, ekosistema zientifiko eta berritzailearen gabeziak, eta abar eta abar. Hauetariko asko, gainera, lehenagotik zetozen edo, zuzenean, estrukturalak ziren. Ikuspegi honetatik, pandemiak krisi katalanaren oinarrian zeuden hainbat tentsio azaleratu edo areagotu ditu. Hau da: Katalunian orain arte gertatutakoaren eta aldarrikapen ezberdinen nondik norakoen kontakizuna lausotu den era berean, gatazka piztu zuten elementu instituzional, material eta juridikoak ezinbestean azpimarratu ditu.

Urte hasieran, 2020a elkarrizketa demokratikoaren urtea izan zitekeela zirudien. Hain zuzen ere, 2017az geroztik bi urte luzeetan zehar krisi katalana maldan behera joan ostean, Estatuko Gobernuak, gabezia guztiak gabezia (gabeziak gabezia), gatazka funtsean politikoa zela onartu eta elkarrizketa mahai bat osatzeko asmoa erakutsi izanak esperantzarako tartea irekitzen zuelako. Edo, besterik ez bada, beste bide batzuk esploratzeko parada. Aukera honek, gizarte katalanean fiskalitateaz, autogobernuaz, hezkuntza eta osasun ereduez, eta abar luze baten inguruko eztabaida berriz ere erdigunean ipini zuen. Hau da, erabakitzeko borondatea gauzatzeko eskubide eta tresnez aritu beharrean, erabakitzeko borondate horren funtsean dauden elementuak eztabaidara beste behin ekarri ziren. Bilakaera hori, independentismoarentzat nahiz egoera beste nolabait bideratzea proposa dezaketenentzat, blokeo egoera gainditzeko aukera bat izan zitekeen.

Pandemiak, ordea, garapen horri trabak jarri eta pareko bultzada bat eman dizkio. Alegia, batetik, traba, lehen unean batez ere, krisi katalanak pandemia globalaren fenomenoarekin zer ikusirik ez zuela erakutsi nahi izan zelako («birusak ez ditu mugak ezagutzen» moduko adierazpenekin). Zentzuren batean hala izan zitekeen, estatu-nazioak nagusi diren mundu batean hainbat gairen dimentsio globala azpimarratzea ezinbestekoa delako. Bestetik, baina, berehala geratu zen agerian pandemia globala bazen ere, bere efektuak lokalak zirela eta, beraz, ezin zela tokian-tokiko baldintzak eta botereak aintzakotzat eduki gabe kudeatu. Honenbestez, gatazkak zeuden testuinguruetan, pandemiak gatazka horien bilakaeran eragin zuzena izan du. Katalunian, aipatu gisa, krisiaren elementu instituzional, material eta juridikoak berriz ere eztabaida publikora zabalduz.

Orain, baina, elementu horien inguruan kontakizun berriak sortzea izango da erronka. Egungo estatusarekin konforme daudenek, paradoxikoki procès-a kontakizun hutsa zela zioten horiek, zailtasun gehiago izango dituzte. Izan ere, euren kasuan, kontakizunetik harago, ezer gutxi dute eskaintzeko: errealitatea oso burugogorra izan ohi da, eta Kataluniak gaur egun Estatuan duen enkajeak gabezia gehiegi ditu epe erdian demokratikoki mantenduko dela pentsatzeko. Egungo estatus hau gainditu nahi duten horiek, aldiz, kontakizun berria sortu beharko dute. Errepublika Katalan batek nola kudeatuko luke pandemia eta honen ondorio sozioekonomiko larriak? Eta Auzitegi Konstituzionalak murriztu izan ez balu, hiritarrek nahiz erakundeek onartu zuten 2006ko Estatut-aren tankerako estatutu batean oinarritutako Autonomi Erkidego batek? Eta tarteko beste hamaika aukerek?

Hiru izango dira kontakizun horiek osatu eta egungo gatazkak nahiz blokeo egoerak gainditzeko aukerak epe motz-erdian: Estatuaren gobernagarritasuna, gobernu arteko elkarrizketa mahaia, eta, nola ez, hauteskunde katalanak. Ez independentismoak ez eta beste aukeren babesleak ere ez dute gatazka nola bideratuko den argitu, gatazka egon badela aktore guztiek behingoz onartu badute ere. Aldebakarreko bidearen aldeko kontakizuna, zilegitasun kontuak aparte, alde ahularentzat eraginkorra ez dela agerian utzi dute faktuek. Era berean, inposaketa defendatzen duten kontakizunak, bidegabea izateaz gain, ohartzen ari dira alde sendoarentzat sistema politiko gisa epe laburrean bere egonkortasunerako eta epe luzean bere biziraupenerako mehatxu larria dela. Pandemiak elementu faktikoak berriz azpimarratu dituen honetan, faktu hauekin lotura duten kontakizun berriak osatzea ezinbestekoa izango da aktore guztientzat. Politikan, kontakizunik gabeko elementu faktikoak, elementu faktikorik gabeko kontakizunek bezain gutxi balio dute eta. Oreka hori berreskuratzea elkarrizketa demokratiko eraginkor baterako baldintza izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.