Katalunia independentziaren bidean?

2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Oraindik orain Ferran Requejo Politika Zientzietako katedraduna entzuteko egokiera atsegina izan dut. Asko daki eta axolazkoena: gauzak garbi esaten ditu. Lehenago pentsatzen zuen Espainiako Konstituzioaren anbiguotasunaren arrimuan, federalismo mota egoki bat lor zitekeela —munduko estatu liberal-demokratikoen artean 23 federalismo mota ezberdin daude, berak egindako sailkapenaren arabera— Espainiako estatuan, espainiarraz gain dauden nazioak, aski den adinako asetasunez bizitzeko, baina 2010ean, Kataluniako estatutu proposamena dela medio, Espainiako Konstituzio Auzitegiak eman zuen epaiaz geroztik —garbi utzi zuen politikoki espainol izatera kondenatzen gaituela epai horrek, eta behartzen espainolek nahi duten bezalakoak izatera!—, independentista da ez baitu errealistatzat jotzen Espainiako estatu zinez federal bat.

Independentismoaren fasean daude Katalunian, ez independentziarenean; azken honetan sartzeko itun fiskalaren zikloa itxi behar da aurrena; ia seguru Espainiako Gobernuak ez du delako itun fiskal hori ahalbidetuko—egun Katalunian sortzen den euro bakoitzeko 43 zentimo Madrilera doaz, 16.000 milioitik 22.000 milioiko tartean—, eta segur aski Artur Masen gobernuak hauteskundeetara deituko du, eta horretara programa independentista eramango du; hor ditu akuilu ANC Biltzar Nazional Katalana eta Independentziaren aldeko Udalen Erakundea AMI, eta irailaren 11ko independentziaren aldeko oihua.

Zer behar du Kataluniak independentziara heltzeko? Gizarte zibila eta Generalitatea elkarri eskua emanda joatea; independentzia nahia presidente bat eta gobernu batekin hertsiki lotzea eta hedatzea munduan, erreferentzia garbia izan dadin; erreferendumean %55etik gora lortzea eta aliatuak lantzea estatuan, Europar Batasunean, AEBetan eta Txinan ere, ahal bada, Espainiako estatuak bidean harriak eta arman ere jartzeko erabiliko dituen tresna juridiko-politiko-ekonomiko-militar guztiak indargabetzeko. Kosovok ere ez du inoiz Serbiaren oniritzirik izango baina...

Eta guk? Kataluniak ez bezala 600 preso ditugu Espainiako Gobernuak bahiturik, atzaparretan gatibu eta prest dago sekulako kostua eragiteko, haiek baliatzeko, 600 behaztopa-harri izan daitezen independentziaren bidean. Gizarte zibila Katalunian baino lotuago dugu alderdi politikoetara.

Azken berrehun urteotan, bereziki frankismotik hona politika ez da komedia izan gurean, eta horrek ekarri du maiz politika botoa ematera mugatzea, eta erosoago delako beti bati ematea proposatzen duena proposatzen duela. Ez dugu ez ANC eta ez AMIrik. Badugu beste arazo bat ere lurraldetasunarekin: Ipar Euskal Herria eta Nafarroarekin batean ala haiek gabe? Ipar Euskal Herria, tira, baina Nafarroa? Katalanek hizkuntza eta kultura harremanak bai, baina politikoak, Kataluniara mugatuak dituzte, Valentzia eta Balear Uharteak egungo prozesu honetatik kanpo utziak nagusiki.

Komeni zaigu epe arrazoizko baten buruan abertzaleguztiok gutxienekoetan ados jartzea, gizarte zibilean bezala erakundeetan, elkarlanean —katalanak jarraibide—, euskal gobernu independentista bat, eta lehendakari karismadun bat, gizona zein emakumea, erreferendumean%55etik gora lortzea, eta aliatuak lantzea Kataluniatik hasita, Europan eta AEBetan, eta Txinan, ahal bada, etahorretarako unean uneanoztopo ezin gaindituak gerta dakizkigukeenak bazterrera ez baina geroagorako utziaz joatea.

Gizarte zibila eta erakundeak elkarri eskua emanda, eta aliatuen sarea haziz. Ezker-eskuin politiken arteko desadostasunak eta azpiegitura handiekikoak eta gainerakoak ez ditugu errazago askatuko Espainiako estatuari estekatuak egonik; estatu propioa lortzeko bidean bat-bat eginda, bestelako desadostasunak desadostasun, kultura politiko espainol frantses airekoak beste aukerarik ez baitigu uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.