Katalunia Europan

2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Puigdemont presidenteak —Junqueras presidenteordeak eta atzerriko gaietarako arduradun Romevak lagunduta— urtarrilaren 24an Europako Parlamentuko hitzaldietarako areto handienean egindako agerraldia ezbairik gabeko arrakasta izan zen Kataluniako prozesu independentistarentzat.

Baimena hartuko dut artikulua modu horretan hasteko, kolpean agerian uzteko zer-nolako ahalegina egin duen Espainiak ekitaldi hura lausotzeko. Are, arrakasta izan zuen, hein batean, hura gutxiesteko estrategia bat zegoelako. Hain zuzen, Gonzalez Ponsek gutun bat bidali zien bere fede bereko guztiei —Europako alderdi popularreko 217 eurodiputaturi— hitzaldira joan ez zitezen eskatzeko, eta huraxe izan zen hitzaldia sustatzeko elementurik onena. Halaber, termometro ona izan zen bere onetik ateratako alderdi popularreko parrokia unionista ulertzeko, eta baita biharamunean Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkari Millo jauna Kataluniako irrati publikoan urduri, demagogo eta haserre entzuteko ere, Kataluniako proiektu independentista dela-eta.

Lehenik eta behin, ulertu behar da Bruselara joan ginela azalpenak ematera, ez baimena eskatzera. Ez dugu bat egiten Europaren ikusmolde hierarkizatuarekin. Europarekin dugun konpromisoa, hain zuzen, Kataluniako gizon-emakumeekin dugun konpromisoaren bitartez ulertzen da. Konpromiso bat zeina koherentea eta paraleloa den Europako eta munduko gainerako herriekin. Eta konpromiso horrek erro demokratiko sendoak dauzka. Are gehiago, zentzua du soilik oinarrizko printzipio demokratikoak eta giza eskubideen sustapena Kataluniako errepublikaren ardatzak diren heinean.

Ulertzea Europa egokia dela Kataluniarentzat, bai, baina, batez ere, ulertzea Katalunia egokia dela Europarentzat, hori ateraldi asmamentsu antzeko bat baino askoz gehiago da. Esan nahi duena da gure egiten dugun proiektu zibiko, baketsu eta demokratiko honek oinarri-oinarrian dituela Europak harro erakutsi beharko lituzkeen ezaugarriak: herritarren erabakitzeko eskubidea, hautetsontziak gure sistemaren betiereko epaile gisan edukitzea, eta aldarrikatzea aniztasun kulturala, hizkuntz aniztasuna eta herrien arteko elkar ulertzea.

Europako esparruan eratu nahi dugun Kataluniako errepublika eraikitzeko proiektuak guztiz baztertzen du kontinentean bidea egiten saiatzen ari diren zenbait joera: populismoa, xenofobia, chauvinismoa, eskubide sozialen galera eta ongizate estatuaren birrintzea... Horiek mehatxu bat dira Europaren proiektuarentzat, eta bidea egiten ari dira Ingalaterran, Polonian, Frantzian, Danimarkan, Alemanian eta Grezian, besteak beste.

Katalunia Europako jokalekuan egoteak hautsi egiten du troikak agindutako Europaren dikotomiarekin eta eskuineko edo eskuin muturreko populismoek sustatuta gutxi batzuen interesen alde egiten dutenekin. Aldarrikatzen dugun Europa Monnetek eta Schumannek marraztu zuten hura da —Europako arima guztien borondatezko batasuna—, eta Steinerrek amestu zuena. Europa hori da Europako balioak xehetasunean eta ezberdintasunean topatzen ditugunona. Benetako Europa konfederala lortzeko lan gogor eta irmoa egin behar dela deritzot, Estatuen Europa batetik harago doana eta nazioen Europa baten antza duena, elkar ezagutzen eta onartzen dugun Europa bat. Askotarikoen batasuna da guk proposatzen dugun lelo europarra.

Kataluniako Errepublika aurreratzeaz ari garenean, horretaz ari gara hain justu. Azaldu nahi dugu nola izatea nahi dugun gure barneko eta kanpoko elkar-ulertze sistemak. Gure independentzia proiektua azaldu, noski, baina esplikatu, halaber, nola kudeatuko ditugun gure dependentziak eta zeintzuk izango diren gure printzipioak.

Puigdemonten Bruselako hitzaldiaren arrakasta ulergarria da Kataluniako proiektu politikoa adeitsua dela azaldu zuelako: ez inoren kontrakoa, baizik Europako herritar guztien mesederako; praktika demokratikoa indartu eta sakontzen duen proiektua da. Ez da Europaren bazterretik egin nahi den proiektu bat, eta ezta Espainiako estatuaren aurka ere. Baina—eta hauxe da gure prozesuaren albo kalteen eragin interesgarrienetako bat— agerian uzten du Espainiako estatuaren hauskortasun demokratikoa, baita egungo Europako Batasunaren egituran Europako herritarrok demokratikoki adierazteko dugun hutsune sakona ere.

Ebidentzia horiek ez dira Kataluniako proiektu independentistaren ondorioz azaltzen. Ebidentzia horiek hor zeuden, eta gure independentziarako prozesuak, azalarazi ez ezik, irtenbidea jarri die.

Ikuspuntu horretatik eta bokazio erabat europeistarekin Kataluniako Errepublikarako eraikitzen ari garen proiektuarekin ulertu behar da atzerrira begira daukagun jarduna. Kanpo jarduera hori begi bistakoa egin zen Bruselan, baina tradizio luze bat du Washingtonetik Pekinera, Londrestik Kinshasara, eta Riotik Munbaira.

Bidaiatzen dugun tokira bidaiatzen dugula ere, egiten dugun lana egiten dugula ere, esplikatzera eta hitz egitera gonbidatzen gaituzten tokira gonbidatzen gaituztela ere, mantra moduko bat errepikatzen dugu demokrata den inork kontra egin ezin diezaiokeena: errepublika bat eraikitzen ari gara, bai, baina, era berean, eraikitzen eta proposatzen ari gara nazioarterako eta naziorako bizikidetzarako eredu bat non errepublikaren kezka nagusia, erdigunean dagoena, eskubide indibidual eta kolektiboak diren. Latinez, res publica. Gure antolakuntza nazionalaren gauzarik ederrena eta sakratuena: gure eskubideak eta gure betebeharrak.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.