Katalunia eta Euskadi 2020: elkarrizketa demokratikoaren urtea

2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun

Askotan ikusi izan ditugu azken urteetan Euskadin eta Katalunian bizi izan diren egoerak alderatzen saiatu diren ahotsak. Euskadi, amb Catalunya Agirre Lehendakariaren hitzei eutsi nahian, alegia. Planteamendu horiek, baina, gatazkak bateratzean jarri izan dute maiz fokua. Ikuspegi hori problematikoa dela azaldu eta gakoa gatazkaren atzean dauden aldarrikapenak zehaztean nahiz sendotzean egongo dela defendatuko dut. Hau da, Euskadi nahiz Kataluniaren kasuan gakoa elkarrizketa demokratiko sustatzean egongo dela.

Nazionalismo espainiarra babesten duten askorentzat, Katalunian prozesu independentistaren ondoko egoera korapilatsua Euskadin halako aldarrikapenak bultzatzeko asmoa duten edozein eragile politikorentzat abisu edo mehatxua izango litzateke. Era berean, ahots berdinek Euskadin ustez gaur egun dugun egoera lasaiak aldarrikapen horietarako tarterik ez dagoela frogatzeaz gain, beharrik ere ez dagoela erakusten omen du, abertzale katalanen balizko estrategia eroa euskal abertzaleen ustezko pragmatismoarekin kontrajarriz.

Euskadin independentzia aldarrikatzen duten hainbat ahotsentzat, aldiz, Katalunian bizitako egoerak Estatuarekin konfrontazio bidea besterik ez dela geratzen frogatuko luke. Hau da, aitortza eta menpekotasunik eza lortzeko bide bakarra konfrontazioa dela. Zentzu horretan, Katalunian 2000ko hamarkadan hasitako bide erreformista eta Auzitegi Konstituzionalak bide horri emandako danbatekoak aldebakarreko haustura aurrerabide bakarra dela frogatuko luke. Independentzia euskal hiritarron gehiengoak babestea besterik ez legoke, beraz.

Ñabardurak ñabardura, azaldutako bi ikuspegi hauek hainbat arazo dituzte. Lehenik eta behin, kasu bataren eta bestearen bilakaera historiko desberdinak. Euskal Herrian gatazka politikoan pairatu ditugun giza eskubideen urraketa larrien ondorio gogorrak gainditzen saiatzen ari gara. Katalunian, aldiz, 2006. urtean erabakitzeko eskubidea ardatz zuela ekin zen mugimendu zeharo baketsuan dihardute. Bigarrenik, Euskadi eta Kataluniak gaur egun Estatuan duten mihiztadurak ez dira igualak. Diferentzia maila eztabaidagarria izan arren, harreman politiko, juridiko nahiz ekonomikoen ikuspegitik bi kasuek abiapuntu ezberdinak dituztela agerikoa da. Zer esanik ez lurraldetasunari dagokionez. Hirugarren eta azkenik, aldarrikapen independentistaren babesa edukiko genuke. Elementu hau kontingentea bada ere, noski, gaur egun bi lurraldeetan independentismoak duen babesa ez da parekoa.

Diferentzia hauek lehen aipatutako bi analisiak bertan behera uzten dituzte. Izan ere, bi ikuspegiek funtsezko akats bera egiten dute: gatazka eragile politikoen borondatearen ondorioa dela pentsatzea. Nazionalismo espainiarrarentzat egoera dena delakoa dela, gatazka borondatez ekidin ahal den fenomeno bat litzateke (katalanek gatazkaren bidea gustu hutsez edo alienazio baten ondorioz jorratu egin izan balute gisan). Zentzu berean, Euskadiren independentziaren aldeko hainbat ahotsentzat, gurean halako prozesurik ekin ez badugu borondate edo ausardia faltarengatik besterik ez litzateke. Laburbilduz, lehen ikuspegiak itxuraz gatazka demokraziaren ezaugarri propio bat dela ukatzen duen bitartean, bigarrenak gatazkaren bilakaera gatazkaren tokian tokiko ezaugarrietatik banandu daitekeela uste duela dirudi.

Agirreren hitzak behin betiko alboratu eta Euskadiren eta Kataluniaren etorkizunak guztiz bananduak daudela esan nahi al du honek? Inolaz ere ez. Bi kasuetan aitortza eta menpekotasun eza lortzeko nahia amankomuna baita, nahi honen adierazpenak eta gauzatzeko bideak desberdinak izan arren. Are gehiago, elkarlana arrakastatsua izan dadin, nahi horren atzean bakoitzak dituen egoerak eta aldarrikapen zehatzak ondo identifikatzea funtsezkoa izango da. Estatu espainiarra bizitzen ari den erregimen krisialdi honetan, falta dena ez baita independentzia ahal bezain laster gauzatu ahal izateko bide bat, baizik eta aitortza eta menpekotasun eza lortzeko nahi hori zehaztu eta, ondoren, nola bideratu pentsatzeko kalitatezko elkarrizketa demokratiko bat.

Kataluniaren kasuan elkarrizketa demokratiko honen gakoa Estatuak sortu duen jazarpen estrategiatik irtetea izango da. Izan ere, jarrera erreaktibo hutsari eusteak, giro politikoa bero mantendu arren, ez du eraldaketa askorik sortzen. Ez dirudi ere erregimenaren aldeko Estatuko botereak (Europatik jipoi bat edo beste jaso arren) deseroso daudenik egoera horretan. Hori dela eta, ezinbestekoa dirudi eraiki nahi den etorkizuneko proiektu politikoaren inguruko eztabaidaren kontrola berreskuratzea: hasiera batean erdigunean zegoen eztabaida demokratikoari bultzada berri bat ematea, alegia.

Euskadiren kasuan, aldiz, epe motza eta epe erdi-luzea desberdintzea funtsezkoa izango da nahi hori gauzatzeko ibilbidea egin ahal izateko. Epe motzean, Estatutuaren erreforma izango da jomuga nagusia, aitortza eta menpekotasun eza lortzera gerturatu eta gatazka pairatu duen gizartean barne loturak sendotzeko. Epe erdi-luzean, bide horretatik erabakitzeko eskubidea bermatu ahal izateko oinarriak eraiki ahalko dira. Bi prozesuek, zilegitasuna bermatzeko, gizarte eragile, alderdi nahiz erakundeen arteko elkarrizketa demokratiko sakona beharko dute ere bai.

Ez dago jakiterik Estatuak gainean duen erregimen krisi horretatik nola aterako den. Orain arte, erregimena babeste arren, kalitatezko demokrazia bat edukitzeari uko egin dio gehienbat. Aitzitik, demokrazia babestu nahi badu, gizarte katalanaren eta euskaldunaren gehiengoen nahi hori bideratzeko beharrezkoak izango diren tresna demokratikoak bermatu beharko ditu. Horrek ere elkarrizketa demokratiko bat eskatuko du, eta gizarte katalan nahiz euskaldunak ez liokete elkarrizketa horri muzin egin beharko. Baina, ematen ez den bitartean, ez dezagun gurean behintzat eman dadin aukera galdu. 2020. urtea elkarrizketa demokratikoaren urtea izan baitaiteke. Hori jada gure esku baitago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.