Katalunia: atzerako kontuaren amaiera

2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ezin argiago ilustratu zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, Junqueras presidenteordearekin eta Romeva Atzerri gaietarako titularrarekin batera: Katalunia ez da arazo bat, baina Espainiak arazo bat dauka Kataluniarekin.

Estatu-perspektiba batetik begiratuta, Kataluniaren independentziarako prozesuak agerian utzi ditu Espainiako demokraziaren arrakala sakonak, 78ko erregimenaren oinordekoa baita.

Ez da Kataluniaren independentzia euren buruetan ez sartzea; ez da adostutako galdeketa baterako aukerarik ere ez aintzat hartzea; ez da Kataluniako Parlamentuaren subiranotasuna ez errespetatzea; ez dituzte ezta Kataluniako Gobernuaren solaskideak aitortzen ere, eta ihes egiten diote mahai beraren bueltan eseri eta hitz egiteari. Horrela, kontakizun bat eraikitzen dute erreferenduma legez kanpokoa dela ardatz hartuta; legez kanpoko bihurtzen da horri buruz hitz egitea parlamentuan edo zeinahi espazio publikoan. Horrekin demokrazian ez dutela sinesten ondorioztatzen da, ezinbestean.

Perspektiba horrekin soilik uler daiteke Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko presidenteak Kataluniako Gobernuaren ordezkarien hitzaldia debekatzera dei egin izana «legez kanpoko gaiez arituko zirelakoan»; soilik horrela uler daiteke parlamentuan erreferendumari buruzko eztabaida bat baimendu izanagatik Kataluniako Parlamentuko presidentea eta Mahaia inputatuta egotea. Eta zer esan Espainiako Gobernuak Katalunian daukan ordezkariaz eta haren idazkari nagusiaz, hautetsontziak erosi izana ere legez kanpoko jo dute eta!

Ez da inolaz ere gutxiestekoa Espainiako Gobernuaren eta haren bazkideen aurrerapauso autoritarioa. Gobernuko bazkideak, Ciudadanosek, euskal kupoa amaitu nahi zuen, eta 500 milioiko beherapen bat onartu behar izan du. Euskadirengatik ondo, zalantzarik gabe. Eta gaizki Urkullu lehendakariarengatik, ez delako egon herri katalanarekin, Agirre edo Ibarretxe lehendakariak egongo ziren moduan, edo ezker abertzaleko lider Arnaldo Otegiren gisan, «beti Kataluniarekin!».

Une honetan honako hau da azpimarratzekoa: Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak, gobernuarekin, bere subiranotasuna mantendu eta defendatzeko erabaki irmoa hartua du, eta ildo horretan, luzapenik gabe, beteko du irailaren 27ko bozetan hartutako konpromiso politiko behinena, erreferendumarena. Junts Pel Sik hartu zuen konpromiso hori, eta gobernuari babesa agindu zion CUPek.

Kataluniako buruzagiek maiatzaren 22an Madrilen emandako konferentzia, beraz, Kataluniaren aldetik negoziaziorako egindako azken ahalegintzat hartu behar da. Puigdemontek argi eta garbi baieztatu zuen «erreferenduma negoziatzen ez baldin badute, independentziarako baldintzak negoziatu beharko dituzte». Esan zuen estatuarekin negoziatzeko aukerarik ez badago, Kataluniak alde bakarrari ekingo diola, eta independentziari dagokionez, Estatuarekin izan beharreko elkarrizketa independentzia nola ezarri eztabaidatzera mugatuko da, aktiboak eta pasiboak negoziatzera, ez beste ezer.

Puigdemonten gobernuak orain arte argi erakutsi du ez dabilela txantxetan, eta bere ibilbideak erakusten du erreferendumerako deialdiarekin daukan konpromiso sakona. Horregatik, laster jakingo dugu noiz izango den erreferenduma eta zein izango den Kataluniako emakumeei eta gizonei aurkeztuko dien galdera. Bi auzi, data eta galdera, baieztatzen dutenak erreferendumaren tramiteak eta beharrak kontu handiz aztertzen ari direla eta diligentzia osoarekin prestatzen ari direla.

Aurreikus daitekeenez, demokraziak gainezka egingo da erreferenduma, eta Estatuak hainbat erantzun izatea ere aurreikustekoa da.

Zoritxarrez, zail ikusten dugu erantzunak traza politikoa izatea. Hau da: Kataluniako gizarteak planteatzen duen erronka politikoak ez du behar duen erantzuna topatuko Espainian. Orain arte jasotako erantzunei erreparatzen badiegu, oztopo, errepresio eta erreferenduma martxan jarriko dutenen kontrako judizializazio prozesuetarako borondatea aurreikus daiteke.

Horrenbestez, mahai gainean Kataluniako Gobernu bat daukagu, zeina prest dagoen amaieraraino iristeko gizarte katalanak bere etorkizun politikoa erabakitzeko aukera izan dezan. Eta aurrez aurre daukagu Espainiako Gobernu bat —Espainiako Gorteen %71ren babesarekin eta Auzitegi Konstituzionala pean duena—, zeinak ez duen onartzen Kataluniako auzia politikoa denik, eta togen atzean ezkutatzen da bere erantzukizunei ihes egiteko.

Kontrajarriak dauden bi jarrera hauei honako hau gehitu behar zaie: datorren udazkenean Katalunian izango den erreferenduma ez dela Azaroaren 9 berri bat izango, ez dela 2014ko galdeketaren moduko bat izango. Ez. Erreferendum bat egingo dugu, eta Kataluniako Gobernuak eta Parlamentuak emaitza bere gain hartuko dute, loteslea izango da. Eta emaitza independentziaren aldekoa baldin bada, biharamunean Parlamentuak independentzia aldarrikatu beharko du, eta Espainiarekin deskonektatzeko mekanismoak berehala jarriko dira martxan, Kataluniako errepublika berriaren eraketa martxan jartzearekin batera.

Katalunian esaten dugun moduan, ez dago su hartzen duen argizaria baino gehiago, ahal zen guztia egin da. Kataluniaren aldetik izan den jarrera argi daukagu, eta badakigu Espainiako aldeak zer ez duen egingo, baina ez dakigu zer egingo duen.

Hasieran geure buruari galdetzen genion egiteko gai izango ote ginen. Orain badakigu egin egingo dugula, eta honako galdera hau egiten dut: zer egin dezake Espainiako Estatuak oztopatzeko muga demokratikoak pasatu gabe? Espainiako aldeak gutxieneko oinarri demokratikoa milimetro bakar bat pasatzen badu, Kataluniak ia irabazi egingo du; ez badu pasatzen ere, irabazi egingo du eskolak, hautetsontziak eta botoak egongo direlako. Botatu egingo dugu.

Kataluniatik erakutsi dugu, azalean eta mamian, modu zibikoan, baketsuan eta demokratikoan arituz gero Espainiako Estatuaren erantzuna kontrajartzen dela, autoritarioa, beligerantea eta aurredemokratikoa delako. Hala eta guztiz ere, ez gara gure bide orritik izpi bat ere mugituko. Ardura politikoarekin egingo dugu, parlamentuaren gehiengoarekin daukagun konpromisoarengatik egingo dugu— hau da, Kataluniako gizartearekin— eta erabat sinetsita gaudelako bide politikoetatik eta demokraziarekin bakarrik konponduko ditugula gatazka politikoak.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.