Demokrazia ez da gatazkak ekidin edo gainditzeko bidea. Demokraziak gizarte aniztasuna eta hiritarren askatasuna bermatu behar baititu, eta aniztasun horren adierazpen askeak nahitaez gatazkak eragiten baititu. Demokrazia, izatekotan, gatazka horiek era bidezko eta antolatuan kudeatzeko tresna bat litzateke. Nolabaiteko oreka kontingenteak eraikitzeko modua, alegia. Elkarbizitza baketsua ez da, beraz, demokraziaren aurretik datorren zerbait, demokraziaren ondorio bat baizik. Hala ez balitz, gizarte batean elkarbizitza baketsu bat lortu izana demokrazia lortu izanarekin nahastu ahalko litzateke. Jakin badakigu, baina, demokrazia batean elkarbizitza baketsua beharrezko baldintza dela, ez nahikoa baldintza. Hau da, gizarte baketsu batek ez du nahitaez demokratikoa izan behar: gaur egungo Singapurren eredua izango litzateke horren adibide garaikide argiena.
Dena den, ez dugu zertan hain urrun joan pentsamolde nahasi hori ezagutzeko, praktikan kasuak alderatu ez daitezkeen arren. Felipe VI.aren Gabon gaueko diskurtsoak beste behin agerian utzi gisa, Estatuko hainbat eragilek demokraziaren ikuspegi mugatu hori oso barneratuta izaten jarraitzen dute. Halako diskurtsoen arabera, balio gorena elkarbizitza da, horrekin demokrazia bermatua egongo balitz gisa. Berrogei urtez Francoren diktadurak indarrez zabaldutako pentsamoldearen ondorioz, trantsizioan (gauza asko eta zailak lortu arren) erabat gainditu ez zena, hain zuzen ere.
Katalunian bizitzen ari garen egoerak agerian utzi ditu pentsamolde horren ahultasun eta gabeziak. Izan ere, ikuspegi horren arabera, Katalunian gatazka politikoa dagoen neurrian, elkarbizitza ezin da bermatua egon, eta, beraz, demokrazia arriskuan egongo litzateke. Hala, ba, Estatuaren lehentasuna Katalunian gatazka politikoaren ondorioz ustez arriskuan dagoen elkarbizitza berreskuratzea izango litzateke, demokrazia babesteko hain zuzen ere. Ikuspegi horretatik, hiritar katalanen gehiengo zabal batek euren subiranotasuna publikoki aldarrikatzeak demokrazia arriskuan jarriko luke. Estatuaren helburua, beraz, ez da hiritarren nahi horri irtenbideren bat eman edo, behintzat, nahi horren atzean dauden aldarrikapenei erantzunak adostea. Hori gatazka politikoa onargarritzat jotzea izango litzateke. Estatuko hainbat botereren helburua, aldiz, Kataluniako hiritarren gehiengoak nahi hori albo batera utzi dezan izango litzateke, helburu hori lortzeko edozein neurri zilegia delarik.
Testuinguru horretan, eztabaida arrazional bat edukitzea ez da erraza suertatzen ari. Izan ere, hiritar katalanen gehiengoaren nahi horri irtenbiderik ematen ez zaion neurrian, gatazka politikoak usteltzen jarraituko du. Ondorioz, gatazkaren dimentsio arrazionalaren gainbeherak gatazkaren dimentsio emozionalaren gorakada dakar. Zer esanik ez Estatuaren pentsamolde horrek hartzera eraman dituen neurriak ikusita: jazarpen politikoak, erbesteratzeak, espetxeratze bidegabeak, 155. artikuluaren aplikazioa nahiz aplikazioaren mehatxuak eta abar (zoritxarrez) luze bat. Urtarrila amaieran hasiko den epaiketaren ondorioak dimentsio emozional hori hauspotu besterik ez dute egingo.
Politikak, baina, gatazka onartu eta hiritarren aniztasunaren adierazpen askeen arteko oreka bilatu behar duen gisa, emozioaren eta arrazionaltasunaren arteko oreka bilatu behar du ere. Emozionaltasun hutsa ez baita eraginkorra, agerian geratzen ari den gisa. Logika politikoak orekak eskatzen baititu: printzipioetan oinarritutako helburuen eta bideragarriak diren estrategien arteko oreka, gizartearen gehiengoaren nahi edo beharrei ematen zaien erantzunen eta hiritarren gutxiengoaren eskubideen arteko oreka, epe motzaren eta epe luzearen arteko oreka, besteak beste. Hori litzateke ordezkari eta eragile politikoen ardura, bai erakundeetan, bai eta gizarte zibilean: oreka horiek, inperfektuak badira ere, sustatzea.
Kataluniako egoera politikoak eta haren barne nahiz kanpo kudeaketak Katalunian bertan nahiz Estatu osoan kolokan jarri ditu oreka horiek. Testuinguru horretan aztertu behar dira azken asteetan ikusi ditugun gerturatze keinuak, bai eta Estatuko aurrekontuen negoziaketaren tirabirak. Aktore guztiak oreka bila baitabiltza. Izan ere, epe erdira orekarik ezak Kataluniaren subiranotasunaren aldekoei nahiz estatuko indar aurrerakoiei (ñabardurak ñabardura) komeni ez zaien ondorioa ekar dezake: eskuin muturra boterera iristea, jazarpena eta lurralde arazoa areagotuz. Epe luzera, baina, erabaki hori hartzeko orekak zailagoak dirudite, batzuen eta besteen pizgarri politikoak guztiz asimetrikoak direlarik. Egoerak zaila dirudien arren, ezin diogu epe luzean oreka lortzeko ekimenari uko egin, demokrazia batean orekak bilatzen dituen politikari uko egiteak azken finean demokraziari berari uko egitea baitakar.
Subiranotasunaren aldeko mugimenduak eraginkorra izan nahi badu, epe motzean eskuzabal izan beharko du, konfiantza galduta egon arren erabaki ausartak hartuz, epe luzean euren proiektua bideratzeko aukerak eduki nahi baditu behintzat. Era berean, Estatuko alderdi aurrerakoiek epe motzean trebeziaz jokatu beharko dute, independentismoaren zilegitasuna behingoz onartuz, epe luzean Estatuan dagoeneko minduta dagoen demokrazia amildegi arriskutsu batetik behera joan ez dadin nahi badu behintzat. Alternatiba, orekarik eza, guztion kalterako izango da. Izan ere, Katalunia (edo Euskal Herria) barnean egon ala ez, Estatuak hor ondoko lurralde berean egoten jarraituko baitu, horrek dakartzan eragin gurutzatuekin. Gatazka onartzeari uko egin gabe epe motzeko adostasunak lortzeko aukera dago 2019an: izan daitezela epe luzeko orekak eraikitzeko lehen urratsak.
Katalunia 2019: orekak eraikitzeko urtea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu