Joseba Asiron Saez.

Katalina I.a Nafarroakoaren bigarren erbestea

2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Jose Antonio Jauregi antropologo nafarrak esaten zuen (Las reglas del juego, 1977) gure hirietako kaleen plakak nolabaiteko «kale aldare» berriak direla, politikariek haietan ezartzen baitituzte gizarteak gogoratu beharreko pertsonak edo instituzioak, eta haietan bereizten historiaren iragazkia pasatzea merezi ez dutenak. Hori pentsatuko zuen Enrique Maiak 2019ko hauteskunde kanpainaren gailenean, telebistaz baieztatu zuenean beretzat lehentasunetako bat izango zela etorbidea Katalina Foixkoa erreginari kendu eta ostera ere armadari ematea.

Berez, kalearen izenak 1963an du jatorria: diktadura betean, udalbatza frankistak «Espainiako armada loriatsuari» (hala diote agiriek) eskaini zion etorbidea. Garai hartako argazkietan hainbat handi-mandi frankista ageri dira, harro-harro, plakari estalkia kentzen. Eta, izendapena gertatzerako, hiriak garai hartako 181 milioi pezeta ordaindu zizkion armadari, kuartel militarrak egondako lursailak erosteagatik. Alegia: hiriak sekulako dirutza pagatu behar izan zuen historikoki bereak izan zituen eta usurpatu zizkioten lursail batzuk erosteko. Hori gutxi ez, eta eskerrak eman behar izan zizkion armadari, kale bat eskainita. Horiek dira errealitatea eta izendapenaren testuingurua.

Ia 56 urte geroago, 2019ko apirilean, Iruñeko Aldaketaren udalbatzak kale hori Katalina Foixkoari eskaintzea erabaki zuen; hau da, Katalina I.a Nafarroakoari. Hauek izan ziren arrazoiak: erregina pertsona kementsua, kultua eta buruargia izan zen, Nafarroa independentea hiriburutik, Iruñetik, gobernatu zuen azken erregina, eta aukera ederra zen lehen aldiz hiriko etorbide handi bat emakume bati eskaintzeko. Izan ere, gaur egungo gizarteak uste du XXI. mendeko hirietan leku gehiago behar direla halako pertsonei eskainiak, eta gutxiago armadei eskainiak.

Katalina I.a 34 urtez izan zen Nafarroako erregina, harik eta 1512an deserrirako bidea hartu zuen arte, erresumaren inbasioak hartaratuta. Hamalau seme-alaba izan zituen, haietatik bederatzi gaur egungo Nafarroako lurraldean jaioak, eta gehiago ere izango ziratekeen deserrira behartu ez balute. Erreginak Gaztelaren esestea sufritu zuen konkistaren aurretik, eta hara bidali behar izan zuen Magdalena alaba, bahituta; han hil zen, 10 urte baino ez zituela. Seme bat, Frantzisko, 4 urtekoa, nekeak eta eritasunak hil zuten Biarnotik ihesean zihoazela, 1512an. Beste bat, Karlos, soldadu uretaratua zen Nafarroaren independentzia berreskuratzeko ekinaldian, eta 18 urterekin hil zen, Napolin, Espainiako tropen aurka borrokan.

Katalina deskribatzean, kronikek diote emakume buruargia, kultua eta bizkorra zela, eta, JM Lakarrak esaten zuenez, zentzuz jardun zen agintean eman zituen urteetan, bukaera eman baitzien erresuma dozenaka urtez sarraskitu zuten gerra zibilei. 1512ko konkistaren ondotik, Pirinioez bestaldeko Nafarroan segitu zuen erreinatzen, eta ondorengo emakumeak hura bezain kultu eta ausartak izan ziren. Margarita Nafarroakoa, Katalinaren seme Henrikerekin ezkondua, idazlea eta humanista zen, baita Heptameron-aren egilea ere; Jon Oria espezialistaren arabera, «Europaren historiako lehen emakume modernoa» izan zen. Joana III.a Nafarroakoa izan zuen ondorengo, zeinaren bultzadaz euskaratu baitzen Testamentu Berria. Garai hartan, Nafarroa Behereko gortea humanismoaren punta-puntako gunea izan zen; hainbesterainokoa, non Shakespearek berak zera bota baitzuen, bere pertsonaia baten ahotik: «Nafarroa munduaren miresgarri izango da». Eta pentsatzekoa da patu bera egokituko zitzaiola Nafarroa Garaiari ere, Nafarroa konkistatuari, 1512ko inbasioa tarteko izan ez balitz. Bada hori pentsatzeko aztarnarik: Katalina erreginaren garaian, erresumako lehen inprenta abiarazi zuten, Iruñean, Arnao Guillen de Brocarrek bultzatuta; oso goiz abiarazi ere, 1490. urtean.

Azkenean, Katalina I.a Nafarroakoa Biarnon hil zen, 1517an, eta Nafarroaren independentzia berreskuratzeko saio orok porrot egin zuen. Erreginak testamentuan idatzi zuen Iruñeko katedralean lurpera zezaten nahi zuela, bere arbasoen artean, baina hori ezin zitekeen bitartean bere gorpua Leskarreko elizan (Biarno) geratzekoa zela. Gaur egun ere han dago oraindik.

Katalina Foixkoari Iruñeko etorbide handi bat eskaintzeak zera zuen asmo: emakume bikain hura historiarekin adiskidetzea. Alabaina, tamalez, haren memoriak aurrez aurre topatu ditu itxikeria eta zorte txarra. Maia jaunaren erabakiaren ondorioz, kaleak berriz hartu du armadaren izena, zeinari Iruñeak ez baitio ezer zor, ez bada hamarkadaz hamarkada betikotu izana derrigorrezko soldadutza, legezko bahiketa doilor hura. Iruñeak izugarri sufritu zuen horrekin, eta gailendu egin zen Intsumisioaren eta soldaduska abolitzearen aldeko borrokan; bada, hiri horren beraren oraingo alkateak amore eman die berriz ere botere faktikoei, eta bizkarra eman dio ez soilik Katalina I.ari, ezpada baita Nafarroaren historiari berari ere. Hori berandu gabe konponduko dugu. Inork ez dezala izan zalantzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.