«Kasu, ez gitxu lo!». Gure denbora eta manerekin, baina heldu gara. Azaroaren 25ean Baionako elkarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elkarretaratze bat antolatu genuen eta 47 emazte bildu! Mementoko pozaren ondotik eta batez ere entzundako eskerrengatik, gurean ere, manifestatzeko eta emazteek* elkartzeko beharra badugula argi ikusi zen.
Ainitzetan hiritatik heldu zaigun diskurtso feministan ez dugu geure burua atzematen; ez gara identifikatuak sentitzen. Diskurtso arrotza egiten zaigu, batzuetan feministak ez garela sentitu arte. Alta, kolektibo bera gara. Forma ezberdinekin baina zapalkuntza patriarkal eta egiturazko bera pairatzen dugu.
Zonbat emazte* auzapez ezagutzen ditugu? Biztanleriaren erdia emazteak* izaki, Baxenabarreko 80 herrietarik bederatzitan bakarrik dira emazte auzapezak. Berriki pasa diren laborantzako hauteskundeetan, zonbat hautagai izan dira emazteak? Bikote heterosexualetan etxaldeko lanak nola banatuak dira? Gizonak kabaletan eta emazteak paperetan! Eta emazte bat bera bakarrik instalatzen denean zenbat zangok egiten duten dardara/ikara. Zenbatek, nahiz eta «gaizki ez ikusi», gizonen laguntza beharko duela pentsatu. Aldiz, gizon bat instalatzen denean, gauza arrunt gisa bizi dugu, laguntza edo arrangura berak ukanen ez balitu bezala.
Batzuk kokatzearren: asteburu-pasa furgonetarekin joaten zareten ingurune horietan egunero bizi garen emakumeak* gara. Zuen elikagaiak (eta batzuengatik balitz zuen energia ere) sortzen dituen eremu horietako biztanleak. Eta ez da Ipar-Hego Euskal Herria dikotomian erori behar. Erroeta, Iturgoien, Ezkarotzen edota Hoztan berdina partekatzen dugu.
Landa eremuko emazteak* betitik, ikusezinkeria bikoitza jasan dugu. Lehena narratiba androzentrikoaren eraginez eta bigarrena urbanozentrikoarengatik. Diskurtso feminista hirietan eraikia izan denez, gure egoerak eta berezitasunak ahantziak izan dira. Baina hirietako feminismoek gu ere entzun gaitzaten, guhaur antolatzetik hasi behar dugu. Landa eremuko emazteen* aldarrikapenak diskurtso feministara txertatu behar ditugu. Begiradak partekatuz, landa eremutik gure ekarpena egin, diskurtso feminista osatzeko eta ez dadin gehiago arrotza izan.
Gainera landa eremua bazter uzten bada, ezingo da sekula egungo eredu sozioekonomiko suntsitzailea irauli. Landa eremuak, zaintzekin batera, dira justuki, sistema urbanozentriko eta merkantilistak sortzen dituen kalte eta erasoak, egunerokoan orekatzen ari direnak. Eta sistema eta bizitzaren arteko gatazkari aurre egiten ari diren bi eremu horiek dira, hain zuzen, ikusezin bihurtu eta eduki politikoz husten dituztenak.
Gauzak ez direlako hola kasualitatez, baizik eta interes batzuengatik eraikiak izan direnez, borrokaren bidez deseraikiko ditugu! Gure bizitzen eta ekosistemen erabakitzeko ahala berreskuratu behar dugu. Itzulguneetan itzultzen garen gisa berean, balia dezagun Lartzabaleko itzulgunean Martxoaren 8an, emazteak* sareturik eta indarrak baturik, gauzak itzularazteko.