ENEKO BIDEGAIN
Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Kasu, auziz nahasi gabe!

2025eko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Donalden tronpeta doinuan, ikaratzekoa da Elon muskerraren agurra, eta Marinek pena baino gehiago ematen digu beldurra. Ate joka ari zaigunean eskuin muturra, Euskal Herrian hasiak gara elkarren aurka muturka.

Bistan da, Euskal Herria ez dago salbu arrazakeriaren oldetik, eta aldaketa demografiko handiak gertatzen ari diren garaian, eztabaidagai bihurtzen ari da migratzaileen gaiari nola heldu. Gaia delikatua da, eta eztabaida ez du laguntzen sare toxikoetan etiketak erraz banatzeko dagoen joerak. Europa mendebaldeko edo Ipar Amerikako edozein herrialdetako parametro bereko eztabaidak badaude gurean ere; horretan, ez dut uste Euskal Herriko herritarrak bereziak garenik.

Horiek horrela, zein dira, Euskal Herrian, agerraldi arrazisten motibazioak eta protagonistak? Hainbat manifestazio izan dira, ofizialki «delinkuentziaren» kontra baina, funtsean, larru kolorearen araberako aurreiritzietan oinarrituak. Eta ez dira euskara nagusi duten manifestazioak, ezta ere euskaratik bultzatutakoak. Badago beste migrazio mota bat, ustez «intseguritate» sentsaziorik sortzen ez duena baina kostaldeko eta kostalde inguruko bizilekuen prezioak ikaragarri garestitzea eragin duena; haatik, ez dugu kalkulatzen zenbatekoa den horien eragina gainerakoon moltsan. 

Eremu nahiko erdaldunetan bizi dira azken urteetan Euskal Herrira etorri diren gehienak, bai prekarioenak, bai aberatsenak; are, Europako beste hiri gehienetan bezala, auzo batzuetan migratzaile prekario asko biltzen dira eta beste batzuetan ez da ikusten ia bakar bat ere. Lurralde edo hiri antolaketak eta lanbideen banaketak gurutzatze soziala oztopatzen dute, eta hori gabe, zein da «bertako» hizkuntza gisa ikusten dutena? 

Kanpotik heldu den batek espainola edo frantsesa ikasi behar du, legez. Euskal Herrian ezin da lanik aurkitu espainolik edo frantsesik jakin gabe; baina lana aurki daiteke euskara jakin gabe. Sozialki integratu nahi badu ere, hizkuntza horiek behar ditu, eta euskara hautazkoa baizik ez da. Horrek erakusten duena da euskararen biziraupena arriskuan jartzen dutenak ez direla migrazioak eta migratzaileak, baizik eta euskararen estatusa bera. Euskarak bere biziraupenerako behar duena da Euskal Herria herri askea izatea eta hizkuntza ofizial bakarra izatea bere herrian. Hain zuzen ere, independentziaren bidez, Euskal Herriko hizkuntza ofiziala euskara izanen litzatekeenez, ez litzateke zalantzan jarriko Euskal Herrian euskara ikasi behar izatea, eta Euskal Herrira letorkeen edota hemen bizi den edozein euskaldunduko litzateke.

Independentziaren auziaren parametroa kenduta, irakurketa politikoak ez daitezke zuzenak izan. Euskararen bilakaera eta immigrazioa aurrez aurre jartzen badira, ez ote da statu quo politiko batean ikusi nahi euskararen bilakaera? Ez bada planteatzen independentzia dela euskararen etorkizunaren bermea, arazoaren muina desbideratzen da, eta gure herriaren egoera politikoa ukatzen. Hots, ez bada azpimarratzen euskararen hauskortasunaren oinarrizko arazoa herri menperatua izatea dela, euskararen egoera zuzenean migratzaileekin lotzea bide arriskutsua hartzea da, aditzera eman lezakeelako euskararekiko kezka, funtsean, kezka arrazista bat dela. Faxismoak aukerak baliatzen ditu leku batean errotzeko (Aliantza Katalana independentismotik sortutako alderdi politiko faxista bat da ala faxismoak oportunismoz erabili du independentismoa, Vox markak ez duelako funtzionatzen Katalunian?); beraz, erne ibili behar dugu halako aukerarik ez uzteko. Berriki zabaldutako (EAEko) ikerketa baten arabera, euskara ikasteko borondate handiena agertu dutenak Euskal Herritik eta Espainiatik kanpokoak dira. Kezkatzekoa da, aldiz, euskaldunek berek gero eta gutxiago eta gaizkiago erabiltzea euskara, eta inposatutako kulturen kontsumo gero eta handiagoak gurea ahultzea.

Zapalkuntza egoera horretan, nahiko paradoxikoa da euskaldunen «pribilegioen» kontua, duintzat hartzen diren zenbait lanpostutarako sarbidea ematen duelako euskarak. Hori ez da horrela Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako bi herenetan, eta ez litzateke horrela izango EAEn eta Nafarroako beste herenean, euskara ez balitz herri honetako jatorrizko hizkuntza hegemonikoa izan eta ez balitz borrokarik izan gure hizkuntzaren eta herriaren alde. Borroka horren emaitza da EAEn eta Nafarroako heren batean euskarak orain duen estatusa, nahiko garatua batzuek euskaraz lan egin ahal izateko, baina mugatuegia herria behar bezala euskalduntzeko; eta horregatik hartzen du, batzuen begietan, «baztertzaile» itxura. Hots, euskararen ahulezia erabiltzen da euskara kriminalizatzeko, auzi politikoari heldu beharrean, inoiz aipatu gabe benetan derrigorrezkoak diren hizkuntzak espainola edota frantsesa direla, eta ez euskara. 

Aldiz, independentziaren alde arituz eta horren bidez euskara salbatzearen diskurtsoa landuz, abertzaletasunari nekez leporatu ahal izango zaio arrazista izatea. Sare toxikoetako kontu anonimo batzuez edo non edo non agertu diren pegatina batzuez aparte (baina horiek ez ote dute euskararekiko kezka aitzakia gisa erabiltzen, bestelako arrazismo bat estaltzeko? eta zinez ari ote dira independentziaren alde?), ez da egia independentziaren aldeko diskurtso bat eraikitzen ari dela oinarri arrazistetatik abiatuta.

Behin argi utzita herriaren egoera politiko-instituzionala dela hizkuntzaren osasunaren giltza, argi dago euskararen aldeko lana ez daitekeela egon independentziaren zain. Erronkak ugari eta handiak dira. Une honetan, jende eta talde anitz ari da gaiaz gogoetatzen, fede onez, agerian edo pribatuan. Koordinazio faltaren itxura eman lezake, baina seinale ona ere bada, garai berriei dagokien estrategia bat elkarrekin pentsatzen hasteko haziak daudelako hor. Hobe da elkarrizketa eta elkarlan sosegatu hori, muturka ez aritzeagatik mututzea baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.