Kartzela politika eritasun

Naike Diez
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunentzat, urte berriari ekiteko hilabete garrantzitsua izan ohi da urtarrila. Urtarrilaren 14an Bilboko kaleak bete ostean, beste behin ere, bidaia luzeei eta eskubide urraketen zilegitzeari aurre egin behar baitiegu. Bertan jaso genuen elkartasun eta animo dosi deskribaezinak, dispertsioak eragiten dituen hamaika erronkei aurre egiteko indarra emanen digu. Zurrunbilo beltz batean, argi printzak estuki hartu behar ditugu.

Baina gure poztasun eta esperantzak helduleku txikiegia du. Urteen poderioz, eta hainbeste albiste txar eta promesa bete gabeen erruz, ezinezkoa egiten da, gure egoera, eta are gutxiago irribarreak gure aurpegi higatuetan, mantentzea. Preso politikoen eta haien ingurumarian urte hasiera honetan gertatutakoak aztertuz, agerikoa da sufritzen dugun oinazea. Edonor txiki uzten dituen historia beldurgarri, sinesgaitz eta ulergaitzak.

80.000 ahotsek egun euskal gizartearen parte batek sufritzen duen gatazka politikoaren konponbidea eta bakea aldarrikatu eta hurrengo egunera jakin genuen Sara Majarenas eta Izar txikiaren inguruko gertakaria, deitu ankerkeri edo basakeria. Hainbati begiak ireki zizkionak, eta beste batzuei, aspaldiko zauriak. Inor gutxik espero zezakeen indarkeria matxista kasu bat dispertsio eta espetxe politikarekin nahas zitekeenik.

Jakitun izan gara larri gaixo diren euskal preso politiko batzuek pairatutako sufrikarioak. Aitzol Gogorza, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, eta desoreka depresiboa, auto-lesio arriskuarekin diagnostikatua duena, 4 aldiz ospitaleratu dute azken 6 asteetan. Orotara, 27 aldiz ospitaleratu dute urgentziaz Aitzol, hogeita zazpi.

Bestetik, Ibon Iparragirre, VIH C-3 estadioko infekzioa duena, 24 orduren buruan bi aldiz erasotua izan zen Alcala-Mecoko espetxean. Bigarren erasoan, gainera, konortea galtzeraino iritsi zen. Ibon eta Aitzol, Txus Martinekin batera, gaixotasun psikologikoak (edo gaixotasun fisikotik eratorriak) dituzten preso politikoak dira, eta justu, hiru preso politiko hauek BAKARRIK aurkitzen dira inposatzen zaien espetxeetan. Estatu espainiarraren mendeku gosea agerian uzten duen oharkabeko datua dena.

Oier Gomez eta Manu Azkarateren kasuak ezagutu ditugu berriki. Lehenari, 33 urterekin lehen minbizia igaro berri duen gazte gasteiztarra, bizkarrezur gainean zuen masa bat kendu diote urgentziazko ebakuntza zaila egin ondoren eta, gaur gaurkoz, medikuen emaitzen zain dago. Bigarrena, portako kabernomatosia duen tolosarra, premiaz ospitaleratu dute, aurreko urteko abenduan atxilotu zuten unean poliziak hankan eragindako zauri batetan erisipela izan duelako.

Horretaz gain, Olatz Lasagabasterren ama larri ospitaleratu behar izan zuten Valentzian, Olatz eta jaio berria zen bere biloba bisitatzen ari zela ondoezik sentitu ondoren. Mari Carmen egunetik egunera hobetzen doa, pixkanaka, baina luze iraungo duen errehabilitazio prozesua egin beharko du egunerokotasunera itzultzeko. Euskal Herria eta Valentziaren artean banatuta dagoen familia, beraien bizitzetan aldaketa ikaragarriak sufritu behar izan dituztenak. Beste pasarte ilun bat gure nobela beltzean.

Aldiz, behingoz, Arantza Zulueta preso politikoaren bakartze egoera amaitzeko agindua eman du Espetxe Zaintzako epaileak. Beste preso sozialekin bizitza egiteko aukera izatea agintzen du entzutegiak. 3 urte muturreko bakartze egoeran egon den preso prebentiboa da Arantza, kondenarik jaso gabe 3 urte bakardade osoan. Espero dugu inolako jukutria politikorik edo, Fernandez Diaz ministro ohiaren hitzak hartuz, ingeniari juridikorik ez egotea.

Gertakari horiek eta gehiago jazo dira hil honetan. Ohiko gerta daitezkeen egoera batzuk esponentzialki biderkatzen dira dispertsio politikaren erruz. Gertakari bakoitzarekin familia edo ingurumen bat zurrunbilo itogarri batean barnebiltzen da. Milaka kilometro egiten dituzte gaixo duten senidea bisitatu nahian, hauek egoera larri batean aurkitzen direlarik. Preso den familiarra lehenesten dute, euren lana, eskola edo aisia alde batera utziz eta errepidera jaurtitzen direlarik, poztasun minutu batzuk gozatzeko 4 metro karratu neurtuko ez dituen gela zelatatu batean.

Familiak eta norbanakoak txikitu, euren bizitza suminduei beste zaplazteko bat emanez, beste behin ere euren esperantza eta ilusioak erbesteratzen dituzte halako gertakariek. Errepiderako asfaltora, bidai amaigabeetara eta tratu iraingarrietara kondenatuak diren familiak dira, eta oraindik, tortura zuriaren aurrean belauniko jazartzen ez diren gorputz ahituak dira.

Gaitz larri bat sufritzen dugu, mendekua eta oinazea duena helburu, gure bizitza eta familiak birrintzea duena xede. Kartzela politika da pairatzen dugun eritasun larria eta honekin amaitu beharra dugu. Gaitz larri honen sendagai onena euskal gizartea eta bere elkartasuna da. Euskal gizartea batu eta norabide berean joan beharra dugu, ahotsa altxa, eta, behingoz, gure amets gaiztoarekin amaitzea lortu behar dugu. Zuen beharra dugu.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.