Kapitalismotik ere atera daiteke

Shaila Fernandez Santos
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Mark Fisher idazleak, Wall-E filmari erreferentzia eginez, azaltzen du korporazioen aurkako erretorika metabolizatzen jakitea izan dela kapitalaren ironiarik handienetako bat; ederki asmatu duela ikusleoi entretenimendu modura saltzen. Hain zuzen ere, streaming plataforma handien baliabide bat da herri-kulturaren baitan agerian uztea kapitalismoaren kontraesanak, klase-borroka eta korporazioen gaiztakeria makiavelikoa. Hala islatzen dute, besteak beste, El Colapso, Succession edota El juego de calamar telesailek nahiz No mires arriba eta Parásitos filmek.

Askotariko zapalkuntzek eta borrokek zeharkatzen dituzten langileen bizitzak irudikatzea mainstream kultura-material izaten hasi dela esan liteke. Kapitalaren krudelkeria irrazionala hain esplizitua bihurtu da, Netflixek ere zabaldu egin duela, kapitalaren logika zalantzan jartzeko edota mobilizaziorako deirako aukerarik uzten ez dela bermatuta. «Ez dago besterik» diskurtsoa 1980ko hamarkadatik ari da gauzatzen, Ronald Reagan eta MargarethThatcherrek goraipatutako «There is no alternative» narratiba kultural neoliberalarekin batera. Hori da, hain zuzen ere, Mark Fisherren errealismo kapitalistaren gakoa: kapitalismoaren horizontean iluntasuna eta apokalipsia besterik ez dagoela. Etorkizun posiblea irudikatzeko zailtasunak eragotzi egiten digu orainarekiko konpromisoak hartzea, eta iraganaren etengabeko erreprodukzioan bakartzen gaitu.

Pandemiak gizartearen pertzepzio apokaliptikoa areagotu besterik ez du egin; ez du soilik iristear zen krisi saihetsezina bizkortu, are gehiago, hauskortasunaren ideian sakondu du, alienazioan, eta heriotzarekiko nahiz ekosistemaren kolapsoarekiko beldurraren eraginpean jarri gaitu. Iritzi publikoa polarizatu dute negazionismoaren erretorika zentzugabeaz baliatuz, eta, hala, klase-diskurtsoa edo klase-analisia oinarrian duen oro ezereztatu da, txertoen aurkakoen eta aldekoen konfrontazioaren mesedetan.

Geure berdinen artean errudun bila genbiltzan bitartean, inbertsio-funtsek farmazia-industria nagusien kontrola hartu dute; langile-klasearen lan-indarra suntsitu eta debaluatu dute; milioika enplegu galdu dira; errefuxiatuak mugetan eta Europako hobi komunik handienean, Mediterraneoan, utzi dira. COVID krisiak, higienea bermatzearen izenean ez kutsatzeko, gizatasuna kendu dio bizitzari; ez dio jendeari utzi maitatuei agur esaten, ezta zaintzen ere; albo batera utzi dira helduak eta erresidentzietan nahiz ospitaleetako plantetan larriki gaixorik egon direnak; areagotu egin dira etsita dagoen gizartearen buruko osasun-arazoak; eta, aldi berean, Osasun Sistema Publikoa desegiten joan da.

Europako Batasuneko estatuek salbuespenezkoaren erretorika sortu dute, pandemia aurreikusi ezin zela aitzakiatzat hartuta eta ustez saihetsezinak ziren neurri batzuk aurreratuz, krisi honen apartekotasuna dela eta. Baina estatuek eta nazioz gaindiko egiturek nahiz transnazionalek hartutako neurri guztien helburua metaketa tasa babestea eta bermatzea izan da, ez iragarri ezin zen pandemia baten ustezko ondorioak gainditzea.

COVID krisiaren ezaugarri nagusia ez da izan preseski aberastasunaren birbanaketa. Intermon Oxfamek berak ere, stablishment-aren GKEak, honakoa argitaratu du: «Bikoiztu egin da munduko hamar gizon aberatsenen aberastasuna; gizateriaren %99ren diru sarrerek, ostera, okerrera egin dute COVIDaren ondorioz». Itxura denez, ezkutatzea gehiegi inporta ez den sekretua izango da klase-borroka. Beste behin ere, gainbehera kapitalista klixetzat agertzen da komunikabideetan, ohartarazpena edo alarma baino gehiago.

Benetan uste al dugu horizonte horren atzean iluntasuna besterik ez dela? Edota, etorkizun posible horiek ostu izanak desmobilizazioa, apatia, melankolia eta tristura elikatu dituela? Akaso denbora apur bat kendu beharko diogu distopia kapitalista honen kontraesanak deskribatzeari, eta etorkizun posibleak sortzen hasi.

Ez bagara gai kapitalismoaren alternatibak irudikatzeko, zaila da hura eraisteko eta suntsitzeko antolatzea. Gehi diezazkiogun alternatibak klase-borrokaren erretorikari. Hitz egin dezagun etxeak okupatzeaz, bitartekoak eta espazioak desjabetzeaz, gorputzak askatzeaz; pentsa dezagun zer-nolako gizartea eraiki nahi dugun. Utz diezaiogun geure buruak antikapitalistatzat soilik jotzeari eta izan gaitezen sozialistak, komunistak. Irakur dadila gure diskurtsoan zer-nolako gizartea dugun jomuga, eta ez soilik zer-nolakoa den deuseztatu nahi duguna. Eta pentsa dezagun nola egin bidea, lurraldetik, auzoetatik. Egin dezagun ihes heriotzatik, bizitza defendatzeak eskatzen duen indarkeria erradikalaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.