Irati Tobar Eguzkitza.

Kapitalaren aurretik pedagogia, osasuna eta lan baldintza duinak!

2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Euskal Herriko ikastetxeetan aurreko ikasturte amaiera eta honen hasiera zaila izan dugu ikasle, familia zein langileok. Zaila diogu, sistema neoliberal honetan kapitala beste guztiaren gainetik lehenetsi dutelako desgobernatzen gaituzten gobernuen menpe dauden hezkuntza departamentuek. Pandemiaren lehen olatuan, lehenbizi Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian ondoren egin ziren aurrez aurreko irakaskuntzarako itzuleretako esperimentu eta irakaspenak ez dituzte inolaz ere kontuan hartu. Are gehiago, aurreikusten zituzten eszenatoki ezberdinetarako ere ez ziren prestatu, eta langileoi esker atera da aurrera 2020-2021eko ezohiko ikasturte hasiera.

Ezohikoa izan den aurtengo ikasturte honetan, neurri ekonomizistak izan dira ardatz gure hezkuntza sistemen, eta, horri jarraikiz, hezkuntza eredu autoritario eta bankarioak atera dira garaile, pedagogiaren kaltetan. Zergatik ez dira gure ikastetxeetako hezkuntza proiektuak eta horietan borondate onenarekin martxan dauden metodologia aktiboak babestu? Antolaketa esfortzu handia eta diru inbertsio handiagoa eskatzen dutelako, ez besterik. Hori babesteko argudio bakarra daukate: ez dagoela espazio fisikorik. Lankidetzarik egin al dute tokiko instituzio publikoekin eta erabaki ausartak hartu? Hezkuntzan egoera honi aurre egiteko diru inbertsio gehigarriak egin al dituzte?

Euskararekiko ikasle askok izan duten arrakala gainditzeko eta murgiltze eredua babesteko neurririk ere ez da egon, eta ikasleen arteko egoera sozioekonomikoagatik arrakala handitu egin da. Azken urteotan aurreratutakoa arriskuan jartzen ari dira administrazioak, jatorri atzerritar zein maila ekonomiko baxuena duten ikasleak izanik arrakalen ondorioz kalte gehien pairatzen ari direnak.

Euskal Herriko hiru administrazioetako bakar batek ere ez ditu langileen kolektibo ezberdinetan dauden ratioak aztertu, edota jaitsi plantillak handituz. Apurrak eman dizkigute kasurik onenean. 0-3 zikloko haur hezitzaileak eta heziketa bereziko langile kolektiboak guztiz ahaztuta dituzte. Eta feminizaturiko langile-kolektiboen kasuan egoera prekarizatuago bihurtu dute; garbitzaile, sukaldari eta jangeletako begiraleei lan zama areagotu eta lan baldintzak kaskartu dizkiete. Azken hauen kasuan, gainera, langile asko enplegua galtzeko arriskuan dago. Jangelak zabalik mantentzea eta ikasleen elikadura bermatzea oinarrizko eskubidea da, eta administrazioek hori betetzeko ardura dute.

Kapitalaren aurrean ikasleak eta langileak erdigunean jartzeko ordua da, eta horretarako mobilizazio, greba eta borroka planteamenduak ezinbestekoak dira. Hezkuntza agintariek adierazi digute zein den haien borondatea: aurrez aurreko hezkuntza bai, baina kalitatea bermatzeko baliabiderik ez. Eta osasuna bermatzeko, berriz, diru-inbertsiorik txikiena, legez derrigortuta dutena baino ez. Langile zaurgarrienak babesteko neurririk ez dago, ikastetxeetan lanean ditugu batzuk, eta gainerako langileon arrisku-esposizioa txikitzeko neurririk ere ez da hartzen. Ikastetxeetan ikasle eta lankide askorekin ditugu harremanak, taldeak ez dituzte txikitu eta gero eremu informaletan dekretu bitartez gure harremanak murrizteko galdegiten digute.

Osasunari loturiko neurri ekonomizisten muturreko egoera Ipar Euskal Herritik etorri zaigu, positiboa den ikaslea soilik konfinatzeko erabakiarekin. Ikasle eta langileon osasuna babesteko neurri paregabea! Ikaskide guztiak konfinatu eta osasun egoera aztertzetik, ikasle hori soilik konfinatzera igarotzeko saltoa eman dute. Laster positiboekin (izan hau ikasle zein langile) egondako langileoi neurririk ez hartzeko eskatuko digute, maskara eta distantzia fisikoa mantentzen direla argudiaturik. Hori bai, ikastetxetik etxera joateko eta soilik familiarekin erlazionatzeko agindua eman digute, osasuna bermatzea eta COVID-19aren kutsatzea ez zabaltzea langileon esku dagoela esango digute, beraien ardurak gure bihurtuz. Noiz arte?

Aurrez aurreko kalitatezko hezkuntzaren berme handi bat langileak zaintzea da. Batetik, aurretiaz aipatu bezala, osasuna zainduz; eta bestetik, langileon lan baldintza egoki eta duinekin. Langileok kontziliaziorako baimen ordainduak behar ditugu, prekaritatean sakonduko ez duten kontratazioak, ordezkapenak lehenbiziko egunetik betetzea, gure lanpostuetatik ez desplazatzea, egonkortasun egoerak ahalbidetzea eta ez behin-behinekoak, enplegua bermatzea eta ez suntsitzea, murrizketarik ez aplikatzea, lan hitzarmen zaharkituak berritzea; eta nola ez, hau guztia lortzeko negoziazioari eustea. Ez dago kalitatezko hezkuntzarik langileon lan baldintzak duindu gabe, haur eskoletan, sukaldeetan, jangeletan, garraioan, garbiketan, zuzendaritzetan, heziketa berezian edota irakasleen eremuan.

Garai gogorra bizi dugu, batez ere langile laboralen eta azpikontratatuen eremuan, baina borroka molde anitzen bitartez, elkar defendatzekogaraia ere bada. Kalitatezko aurrez aurreko hezkuntzaren alde eta lan baldintza duinen defentsan, borrokatzeko ordua ere bada! Eraiki ditzagun gaurdanik etorkizuneko Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema burujabearen oinarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.