Azken asteetan, ikertuaren edo atxilotuaren jatorri nazionala eta/edo etnikoa nabarmentzen duten gertakariei buruzko ohiko albisteei albiste berri baten argitalpena gehitu zaie, lau atzerritar kanporatzea justifikatzen duena: «Herritarren segurtasuna areagotzeko eta atzerritar horiek lurralde nazionalean delituak egiten jarraitzea saihesteko (...)». Kanporaketak normalizatu eta justifikatzeko helburu garbiz, berriak honela jarraitzen du: «Berariazko dispositibo bat egin zen, haiek aurkitu, atxilotu eta kanporatzeko (...)».
Ekintzak berak ez gaitu harritzen, ongi ezagutzen ditugu praktika hauek, baina guztion ongia babestearen aitzakian, praktika basati baten berri izateak sumindu egiten gaitu. Horrelako albisteen gorakadak, aurreiritziak, egiturazko bazterketak eta punitibismoa ezin hobeto uztartu eta sostengatzen ditu.
Izan ere, pertsona atzerritar bat kanporatzea Atzerritarren Legean jasotako legezko tresna bat da. Legeak hainbat egoeratan baimentzen du atzerritar bat kanporatzea: «egoera irregularrean» egoteagatik, «paperik gabe» lan egiteagatik, datu pertsonalei buruzko informazioa ezkutatu edo faltsutzeagatik, Herritarren Segurtasuna Babesteko Legean larritzat jotzen diren agindu publikoaren aurkako jardueretan parte hartzeagatik, eta bai, halaber, urtebetetik gorako zigorra duen delitu bat egiteagatik. Zigor Kodeak ere aukera ematen du atzerritarrak delituak egiteagatik kanporatzeko, administrazio-egoera erregularrean dauden edo ez kontuan hartu gabe. Jakina, kanporatze horiek egiteko prozedurak eta bermeak aurreikusten dira, eta berriak dioenez, kasu honetan zorrotz errespetatu dira.
Dena den, praktika hau lege barnean biltzeak, ez du ez legitimoa, ez etikoa, ezta errespetuzko prozedura ere bilakatzen. Estatuak legeen bitartez gure gizarteak praktika hauek legitima ditzan lortu nahi du, pertsona konkretu batzuen kanporaketen justifikazioari bide eginez, nahi ez dituen herritarrak, hobe baita ez egotea, gaizkileak, gaiztoak, besteak. Hor, zigorrean, delituan, non oro har sentsibilitate politiko eta sozial guztiak elkartu eta elkar ukitzen diren, hor estatua indartsu bihurtzen da bere praktikak legitimatzeko.
Bitartean, ikusiko dugu sistemak narratiba bat sortzen jarraitzen duela, zigorra baliozko eta bidezko neurri bakar gisa justifikatzeko, egiturazko diskriminazioak elikatzen eta sostengatzen dituen zigorra. Atzerritartasunari buruzko legedian eta Zigor Kodean egin diren aldaketak bat etorri dira urtebetetik gorako espetxealdi-zigorra jaso duten pertsonen kanporaketak justifikatu eta baimentzeko. Baina ez hori bakarrik, lege horien konbinazioak tranpa bihurtu eta pertsona migratzaile asko irregulartasunera eramaten ditu.
Baina, gainera, iritzi-artikulu hau argitaratzera ekarri gaituen albistean, inolako lotsarik gabe pertsona horien kanporaketak aurrekari polizialen existentzian justifikatzen dira, kontuan izanda ez direla ezta aurrekari penalak ere. Horrek erakusten du, gainera, atzerritarren kasuan errugabetasun-presuntzioaren printzipioak ere ez dituela babesten.
Hori dela eta, ezin dugu ahaztu, kasu hauetan ere, atzerritartasunari buruzko legeria eta atzerritarren kanporatzea errazteko praktika guztiak arrazismo instituzionalaren azken maila direla, atzerritartasunari buruzko legedian ez ezik beste lege askotan ere islatzen direnak, hala nola Zigor Kodean edo herritarren segurtasunerako legeetan.
Gure ustez, egiturazko arrazakeria desagerrarazteko, beharrezkoa da zigorraren logika alderantzikatzea eta kategorizatzea, bereizi eta zapaltzen gaituen egungo sistemaren alternatiba posible bat eraikitzeko.
Horregatik, ezinbestekoa da elkarri laguntzeko eta elkartasuna adierazteko sareak eraikitzen jarraitzea. Sare horien bidez alternatibak sortu nahi ditugu, bizitza-proiektu guztiak duintasunez eta berdintasunez bizitzeko.