Kanpoan hotz eta arrisku, baina barruan arnasarik ez

2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Bada Edgar Allan Poeren ipuin bat, non kontatzen den nola izurrite-olatu batek eremu bat hilabeteetan zehar astintzen duen: bertako aberatsak gaztelu bateko hormen artean gordetzen dira, luxu eta dibertimendu artean, zoritxarra kanpoan noiz amaituko itxaroten. Beraien harridurarako, kosta ahala kosta saihestu nahi izan duten Heriotzak gazteluan sartzea lortzen du eta denak akabatzen ditu.

Ez dakit zenbat horma eraiki nahi ditugun birus bat geldiarazteko. Birus bat geldiarazi daiteke? Edozer gauza egin behar al dugu frenatzeko? Egin daitekeen guztia egin behar al da? Moralki justifika daiteke?

Hobekuntzaren bat ekarriko duten neurriak aplikatu beharrean, ikusten ari garena da neurrien gehiketa konpultsiboa, bata bestearen atzetik, adreiluak bezala batuz, horma gero eta altuagoa egiten saiatuz. Eta horren guztiaren gidari nagusia beldurra delarik.

Baina ez du mugarik behar beldurrak? Gure neurriek ez al dute neurririk behar?

Egia esan, ez dakit zertan ari garen gizarte gisa. Ez gara ezer eraikitzen ari, eta bai asko suntsitzen uzten.

Zer gizarte arraio da zaharren osasuna zaintzea haiek isolatzean datzala uste duena?

Zer gizarte motak hipotekatzen du bere haur eta gazteen osasun emozionala, psikologikoa eta fisikoa (ia 2 urte daramatzagu horrela), bere adineko pertsonen osasuna babesteko (bide batez, txertatuta daudenak)?

Noiz egingo dugu gaizkiak eragindako kaltearen eta erremedioak eragindako kaltearen arteko balantzea?

Neurri-erremedio hauek zenbat sufrimendu sortu dute isolamenduagatik? Zenbat sufrimendu langabeziagatik? Zenbat sufrimendu arretarik gabeko gaixotasun kronikoengatik, lehen mailako arreta-zerbitzuaren gainbeheragatik?

Eremu soziokulturala hilzorian dago, eremu ekonomikoa ere bai (Amazon bezalako plataforma handientzat izan ezik).

8.500 haur hiltzen dira egunero goseak jota munduan, OMEren arabera. Eta orain Europa inoiz baino gehiago bere zilborrari begira dagoela, ziur horrek okerrera egingo duela.

Ez al da behar gaitz horien guztien aurkako txertorik? Non dago horretarako dirua eta arreta?

Eta neurrietan gastatutako diru hori guztia ezin al zen gastatu mediku gehiagotan eta ospitaleko ohe gehiagotan?

Gobernuak, hainbeste sakrifizio eskatzen dizkigunak, ezin al liezaieke eskatu farmazialariei, demagun, beren irabazien %50i uko egin diezaioten populazio osoak ordaintzen dituen txertoekin?

Gainera neurrien gehitze zoro horretan, neurriek gero eta muga oinarrizkoagoak gainditzen dituzte: mugitzeko eskubidea, bizitza duinerako eta heriotza duinerako eskubidea, erabakitzeko eskubidea... bide batez, ia bi urte igaro dira, eta herritarrei ez zaie inoiz ezertxo ere galdetu. Non dago orain eskubide sozialez arduratu izan den ezker hori?

Eta zein da babestu nahi den guztion ongi hori, hemen inork irabazten ez badu (aberats oso aberatsek izan ezik)?

Hau guztia gelditu beharra dago. Bizitzea erabakitzea eta elkar aurkitzea da. Hori kentzen badigute, bizitza amaitu egingo da.

Onar dezagun: honezkero badakigu gaztelutik kanpo hotz egiten duela eta arriskuak daudela, baina barruan airea itogarria da, ezin da arnastu eta gaztelua zatika erortzen ari da... non egon nahi dugu orduan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.