Kanpismoa eta antiinperialismoa

2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Zenbait euskal eragilek NATOren aurkako manifestaziora deitu dute inperialismoari aurre egiteko asmoz. Mezu horrekin ados. Alabaina, guztiz harritzen nau ez dutela ezer esaten Errusiaren inbasioari buruz, ezta Ukrainako herriak bere burua defendatzeko eskubideaz ere. Zer-nolako antiinperialismoa da hori?

Aldiz, Gerrari Ez! plataformak argi eta garbi dio: «Arbuiatu egiten dugu Ukrainako gerra. Errusiaren erasoaren eta NATOren espantsionismoaren aurka», baita LABeko nazioarte arloko ordezkari batek argi eta garbi adierazi duenean ere: «Errusiak Ukraina inbaditu eta erasotzea justifikaezina da».

Ez da gaur goizekoa geopolitika arloan kanpismoa deritzona, Gerra Hotzean sortu zena, eta mundu osoko ezkerrak bere egin zuena (sozialdemokratak Mendebaldeekin eta komunistak Ekialdeekin). Eremu honetako salbuespena izan zen, urteetan Sobietar Batasunari men egin ondoren, Espainiako Alderdi Komunistak eta Italiakoak kritikatu egin zutela Varsoviako Itunaren tankeek Txekoslovakiako udaberria zapaldu zutenean. Partidu komunista gehienek, zoritxarrez, horien artean Fidel Castrorenak, defendatu eta babestu egin zuten inbasioa. Eta horrekin zapuztu egin zuten giza aurpegia izango zuen sozialismoa sortzeko aukera bakarra.

Bigarren salbuespena, bi bloke horietatik aldendutako estatu desberdinen artean osatutako Ez lerrokatuen mugimendua izan zen, zeinen artean oso paper garrantzitsua jokatu zuen Tito Jugoslaviako presidentea izandakoak; halaber, militante internazionalistek osatutako hala moduzko hirugarren eremua.

Lerratze horrek iraganean bere logika izan arren (manikeoa, Sobietar Batasuna ez baitzen jada sozialista Marx eta Engels-ek uste zutenaren arabera, gaur Txina ez den bezala), gaur egun aberrazio bat da, Errusia, zalantzarik gabe, herrialde kapitalista bat delako, zeinaren buruzagia, Putin, antikomunista deklaratua delarik, Lenin eta boltxebikeak etengabe gorrotatzen dituen errusiar inperio preziatua suntsitzeagatik.

Putin-zale horiek, nolabait («kanpo zaleen» oinordekoak deritzogunak) uste dute joan den mendeko 70eko hamarkadan gaudela oraindik, eta horrek egoera triste honetara garamatza. Egun, munduko ezkerraren zati batek AEBei aurre egiten dien edonori laguntzen dio (izan Putinen Errusia, izan Baxar al-Assaden Siria edo Ortegatarren Nikaragua), batez ere Errusiari, nolabait, gaurko Errusia geopolitika alorrean Sobietar Batasunarekin eta komunismoarekin parekatzen dutelako. Siriako oposizioak ergelen antiinperialismotzat jo zuen jarrera hori.

Izan ere, gure etsaien (NATO) etsaiak (Errusia eta Txina) ez dira derrigor gure lagunak.

Zoritxarreko inperialismoaren aurkako joera manikeo honek, abstraktua izateaz gain, Mendebaldea ez den edozein aktore inperialistatzat hartzeari uko egiten dio. Beraz, beraientzat Errusia ez da inperio bat. Eta, suposatzen da, Txina ere ezetz.

Ni, berriz, ados nago Raul Zibechirekin dioenean hegemonia alorrean estatuen arteko konfliktoek sarritan estaltzen dituztela zapalduen borrokak (uigurren Txinaren aurkako borroka edo kurduena gaitzestea, AEBen laguntza izan zutelako).

Geopolitika aitzakia

Sergio Rodriguez Lascano zapatistak ezkerrean geopolitikak hartu duen garrantzia salatzen du, eta ni ados nago berarekin, hauxe dionean:

«Gerra batek eztanda egiten duen bakoitzean bere justifikazioa bilatzen duen ideologia justifikaezina justifikatzen saiatzea da. 1914an, Europa osoko sozialdemokraziak, bakoitzak gatazkan zuen posiziotik, argudio geopolitikoak erabili zituen. Sozialdemokrazia alemanak Europa askatu nahi zuen, eta bereziki errusiar herria, Romanov satrapen urkamendietatik. Beste aldeak Europa alemaniar mehatxu militaristatik askatu nahi zuen. Gerraren aurka zeudenak internazionalista eskukada bat ziren. Geroago III. Internazionala sortuko zutenak. Engainuak gutxi iraun zuen, Marneko bi guduetan (500.000 hildako baino gehiago) gerraren eta analisi geopolitikoen ilusioak lurperatuta geratu ziren».

Uste dut une egokia dela mundu honetako ezkertiar orok geopolitika beste modu batera ikusteko. Abiapuntu egokia izango litzateke gure herrialdetik kanpo gertatzen diren gertaerak aztertzerakoan joera geopolitikoa baztertzea. Maizegi, ezkerreko analisietan soilik NATOk edo Putinek (Txinak ere) dute protagonismoa, baina ukatu egiten die Ukrainan (edo gatazkan murgilduta dauden herrietan) bizi diren milioika pertsonei beren interesen alde egiteko eskubidea eta protagonismoa. Gogoratu behar dugu pertsona horiek gure gisakoak direla. Gehienak emakume eta gizon langileak dira, eguneroko kezka asko partekatzen dituztenak gurekin, eta gure jarrerak formulatzeko garaian kontuan hartzea merezi dute. Eta herri bezala beren burua autodeterminatzeko eskubidea dute geopolitikaren joko maltzurraren gainetik eta azpitik.

Geopolitikarako abiapuntu eta helmuga gisa duen azterketa beti da goiko analisi bat, estatuen, haien klase menderatzaileen eta hertsatzeko aparatu militarren eremuan abiatzen eta geratzen den analisi bat. Mundua taula bat da eta Monopolya balitz bezala indar korrelazioa aztertzen da. Nor ez da inoiz agertzen? Jendea, gizakiak ez dira inoiz agertzen estatistika gisa baino, alboko kalteen kutxatila egian kokatuta.

Beraz, mobilizatu gaitezen gerraren aurka, baina gerraren bultzagile konkretuak salatuz, eta batez ere, munduaren desmilitarizazioa eta desnuklearizazioa bultzatuz.

Gai honi buruzko nazioarteko kanpaina etengabe egon beharko litzateke. Ekimen mota honen adibide bat 50 Nobel saridunen diskurtsoa litzateke, munduko herrialde guztiek defentsa-gastuak urtero %2 murriztea proposatu zutenak, NBEren ikuskaritzapean. Horrela, askatutako dirua bakerako eta gerren ondorioei erantzuteko erabiltzeaz gain, urte batzuetan klima aldaketaren aurka eraginkortasunez borrokatzeko eta pandemiak gainditzeko erabil zitekeela kalkulatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.