Kanadako haizerik ez Kataluniarentzat

2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesuaren inguruan asko eta ikuspuntu ugaritik hitz egin da azken egunotan. Zuzenbide aditu asko aritu dira adierazpenak egiten, etengabe demokrazia eta legalitatea nahastuz, Espainiako Konstituzioaren legalitatea Kataluniako Parlamentaren erabakien gainetik dagoela azpimarratuz. Aditu gehienek Espainiako Konstituzioaren kanpo demokraziarik ez dagoela eta zilegitasun demokratiko bakarra Espainiako Kongresuak duela argudiatzen dute.

Gai honetan, beti bezala, gutxiegi begiratzen dugu gure mugetatik haratago, gutxik aipatu dute Kataluniako arazo oso antzekoak (berbera ez esateagatik) badituela aurrekariak nazioartean, horien artean, nabarmenena, Quebec eta Kanadaren artekoa. Ezkutatuta nahi da aurrekaria, beren burua kosmopolitatzat duten askok ez dute kosmopolitismo juridikoa batere maite.

Quebecen independentzia eskubidearen aldarrikapenaren aurrean, eta geldiarazteko helburuarekin, Kanadako Gobernuak ondorengo galderak planteatu zituen Kanadako Auzitegi Gorenean:

1.- Quebecek ba al du bere kabuz independentziaren inguruan erabakitzeko eskubiderik Kanadako Konstituzioaren arabera?

2.- Nazioarteko zuzenbideak babesten al du Quebecen autodeterminazio eskubidea?

1998ko abuztuaren 20an eman zuen Auzitegiak bere epaia; eta, lehen galderari erantzunez, ezinezkoa zela adierazi zuen Quebecek Konstituzioaren arabera bere kabuz independentzia deklaratzeko eskubidea izatea. Eta bigarren galderari dagokionez, Auzitegiak nazioarteko araudian ere ez zuen Quebecen eskubide hori defendatzeko heldulekurik, ez baitzen kolonia bat eta ez baitzegoen inongo diskriminaziorik bere biztanleekiko.

Honetan, geratzeko aukera zuen Kanadako Auzitegiak (Espainiako argudioak ere berdintsuak dira Kataluniarekiko), baina haratago joatea erabaki zuen. Auzitegiak adierazi zuen Konstituzioa letrez gain balioez osatuta dagoela, eta horietako nagusiena demokrazia dela, hau da, politikan herritarren parte-hartzea.

Ondorioz, Konstituzioaren letrek kontrakoa bazioten ere, Kanadako Gobernuak ezin du Quebecen independentzia eragotzi baldin eta gehiengo tinko eta denboran mantendutako batek exijitzen badu. Hori bai, erreferendumeko galdera argia izatea derrigorrezkoa da eta emaitza nabarmen aldekoa izan behar du. Auzitegiak gizarteak eman behar duen babesaren inguruan ez du zehaztapen konkreturik egiten. Quebeceko ordezkariek botoen %50 gainditzea nahiko litzatekeela adierazi zuten, baina Auzitegiak politikarako tarte handia irekia uzten du. Gurean ere adostasunak lortzeko helduleku egokia izan daiteke herritarren babesaren ehunekoa zehaztea. Bide honetatik doaz Espainiako eta inguruko politikari batzuen asmoak. Adostasuna lor daiteke eremu politiko ezberdinen artean, imajina %80ko babesa jartzen dela eta horren ondorioak.

Baina, azken finean, bi zilegitasunen arteko talkan (Quebec eta Kanadako Gobernua) Kanadako Auzitegi Gorenarentzat printzipio demokratikoa nagusitzen da. Bozka nagusitzen da, nahiz eta Konstituzioan ez agertu. Quebecek horrela erabakitzen badu, Gobernuak fede onez negoziatu behar du independentzia. Auzitegiak fede onez negoziatzea zer den ere ez du zehazten, baina kontuan izan behar dugu independentzia gauzatzeaz ari garela eta negoziazioak nazioarteko tirabira guztien ikus adibidez Brexit-aren ondorioak ezaugarriak izango dituela, diru kontuez ari baikara.

Bide horren aldeko apustu handiak izan dira mundu juridiko eta unibertsitarioan, Espainian ere bide berdina etorriko zela usaintzen zuten askok. Kuriosoa da aurkezpen gutxi behar duen Carme Chacon zenak, politikari eta unibertsitateko irakasleak, itzuli eta komentatu zuela epai hori mundu juridikoan. Politikari ezagunak ere bide horri kandelak jarrita zeuden. Dena ezkontzeko gaitasuna duen bidea izanik, izen ezberdinak jarri dizkiote Kanadako bideari: erregimen foralaren eguneratzea, nazio forala, erregearekin paktua, bilateralitatea... Donostiako 1931. urteko paktua berriz egitea nahi dutenek ere haize horiek nahiko lituzkete. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere bide hori iradoki zuen, Adela Asua EHUko irakaslea eta epaile ohiak idatzitako 2014/42 epaian espresuki Kanadako adibidea aipatu zuen.

Baina, Kantauri aldean horretan ari garela, inor gutxik espero zituen adierazpenek Kanadako bidea guztiz zapuztu dute. Horretarako dauzkagu erregeak. Eta erregeak argi utzi du: Kanadarik ez Kataluniarentzat eta gutxiago Euskal Herriarentzat (merezimendu gutxiago egin ditugula ere egia da). Ez dezagun ahaztu Martin Ugalde zenak Venezuelagatik zioena Kataluniari aplikatu beharra daukagula: Katalunia da gure beste aberria, ez bigarrena edo hirugarrena, beste aberria. Kanada deitzen zioten Primo Levi eta bere lagunek Auschwitzen altxorrak gordetzen zituzten lekuari. Altxorrik ez guretzat. Alderantziz, politika egiteagatik espetxeratzeak hasi dira.

Egoera horren aurrean jokatzea dagokigu, gure etorkizuna baitago jokoan. Egunkaria auzian etxe honetako zuzendariak zioen elkartasuna adierazteko senideak bazituela eta zerbait gehiago behar zela: konpromisoa. Motzak izango dira gure bideak, erabaki eskubidearen aldeko indarrek plan konkretu eta konfiantza eremuak ez badituzte adosten. Plan eta helburu konkretuekin eraikitako konpromisoekin soilik lagunduko diegu gure beste aberriko neba-ahizpa kataluniarrei. Hemen haizerik nahi badugu, guztiok putz egin beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.