Aurtengoa, 2022a, hitza eta ekimena indartzeko urtea izan behar zuela aldarrikatu genuen Alizia Iribarrenek eta biok, AEKren eta Euskaltzaleen Topagunearen izenean, joan den urtearen amaieran hainbat hedabidetan argitaratutako artikulu batean. «Korrikarekin nahiz Euskaraldiarekin, berriz kalera ateratzeko garaia» zetorrela nabarmendu nahi izan genuen, pandemiak kalte nabarmenak eragin baititu euskararen biziberritze prozesuan.
Euskararen normalizazioa ezer baldin bada, prozesu soziala da, eta koronabirusak, hain zuzen ere,etxeratu eta bakartu egin gaitu, gure harremanak murriztu egin ditu, ingurune erdaldunetako haurrak eta gazteak euskararengandik urrundu, talde antolatuak ahuldu, eta hamaika egitasmo bertan behera uztera behartu. Gure hizkuntza komunitateak sendotzeko ezinbesteko dituen harremanek, antolaketak eta ekintza kolektiboek sakonki nozitu dute egoera. Guztiz beharrezkoa da, beraz, herritarrak eta gizarte-eragileak berraktibatzea, kalea berriro hartzea, euskararen aldeko dinamikak eta antolakundeak piztea, eta euskara agenda sozial, politiko eta komunikatiboaren erdigunera eramatea.
COVID-19a, ordea, ez da euskara eta euskaldunak eraso gaituen birus bakarra. Beste batzuk aipatzearren: epaitegietatik EAEko normalizazio-prozesua trabatu nahi duten epaiak iritsi dira, hainbatetan guztiz arrazoinamendu txepeletan oinarrituta (euskararen zailtasunarena, kasu), murgiltze-eredua Damoklesen ezpatapean dago Iparraldean, Nafarroan euskararen garapena eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak murriztuko dituzten arauak ari dira onartzen, eta gero eta ozenago entzuten dira ultraeskuinen eta haien diskurtso homogeneizatzaile eta supremazisten ahotsak espainiar eta frantziar estatuetan.
Egoera honen erdian, azken Korrika kemen eta energia ufada alimalekoa suertatu da. Euskal Herriko bazter guztietatik eta bazter guztietara HitzEkin hedatu den tsunami euskaltzaleak ilusioa barreiatu du ibilbide guztian zehar, irudi ahaztezinak eskainiz. Euskarak berriro kaleak indartsu hartu ditu. Azken Korrika euskal herritarrok euskara biziberritzeko dugun desio ukaezinaren irudikapen argia izan da, eta euskaldunok euskaraz eroso bizitzeko dugun nahiaren adierazpen zuzena. Orain, hitzez ekiteko garaiak datozkigu. Eta baita aldarrikatzekoak ere.
Maiatza, eta datozen hilabeteak, euskaltzaleak aktibatzeko deialdiz eta aukerez mukuru datozkigu. Baitezpadakoa izango da euskaldunok modu masibo eta egokian erantzutea eta parte hartzea berauetan.
Hasteko, bihar, larunbatarekin, Euskalgintzaren Kontseiluak eta berau osatzen dugun erakundeok deitutako manifestazioa izango da Iruñean, Herritarrak ez gutxietsi lelopean. Hiriburuaren karrikak euskaltzalez bete behar ditugu, bizikidetzak hizkuntza bizikidetza ere izan behar duela adierazteko, nafar guztien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko, eta administrazioan eta hezkuntzan hartu nahi diren neurri atzerakoiak salatzeko. Asko dugu jokoan.
Igandean, maiatzaren 8an, Senpereko aintziraren inguruetan elkartzeko aukera izango dugu berriz ere, Herri Urrats kari, Seaskari eta murgiltze-ereduari babesa erakutsiz. Eta maiatzaren 21ean, Gazte Euskaltzaleen Sareak bultzaturiko Euskara aurrera manifestazioan elkartuko gara Donostian, gazteek erakutsi duten aktibazio-nahia sustatuz.
Bien bitartean, auzoz auzo eta herriz herri, aurreko edizioak baino masiboagoa izan dadin ahaleginduko garen Euskaraldia prestatzeko lehen urratsak egiten hasiak gara, batzordeak antolatzen eta aurkezpenak egiten. Herritarrok eta era guztietako entitateek eta erakundeek euskararen aldeko urrats praktikoak eman ditzagun oinarriak jartzea dagokigu hilabeteotan Euskal Herri osoan zehar.
Aktibazio soziala eragin eta mantentzeko, baina, ezinbestekoa da euskaltzaleen gune autoeratuak antolatzea. Horretan ari da Euskaltzaleen Topagunea duela 25 urte sortu zenetik. Uda ondoren antolatuko dugukaria horretara ekitaldiren bat, baina ospatzeko modu ezin hobea izango dugu gaurko Batzar Nagusian, Hendaian, zazpi elkartek eskatu dutelako bazkide izatea: Biarritzeko Mintza Lasaik, Baionako Biltxokok, Izturitzeko Artetxeak, Larresoroko Ote Lorek, Amikuzeko Zabalik-ek, Iruñeko Labak eta Zumaiako Larrainak. Topagunea benetako nazio-erakunde bihurtuko duen urrats historikoa izango da gaurkoa. Lerro hauetatik, dei bat luzatu nahi nuke euskara talde edo elkarterik ez dagoen auzo eta herrietan, euskaltzaleak elkartu eta sor ditzaten. Topagunean laguntzeko eta bultzatzeko prest gaituzue.
Hasieran aipatu dudan artikulutik ateratako hitz batzuekin amaituko dut: «Euskararen biziberritze-bide honetan, guztion ekarpena behar-beharrezkoa izango da: herritarrona, gizarte-mugimenduena, erakundeena eta era guztietako entitateena. Soilik elkarlanean eta denon bultzadaz lortuko dugu euskarak aurrera egitea, guztiok baitugu egin, eragin eta eginarazteko aukera».
Aktibatzeko garaia da. Kalean ikusiko dugu elkar.
Kalera ateratzeko eta aktibatzeko garaia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu