Javier Indurain.

Kaleko saltzaileena da errua

2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Horixe ondoriozta dezakegu azkenaldi honetan hainbat politikari eta merkatari-ostalari egiten ari diren adierazpenetatik. Hala hemen, Nafarroan, nola Bartzelonan, kaleko saltzaileena da erru guztia. Haien errua da merkataritza txikia gaizki joatea, multinazional handiek irabazi gutxiago izatea, sanferminak gero eta kaskarrago bihurtzea, mafia antolatuak izatea eta, are, diru zuritzea ere. Horretarako, egiaztatu besterik ez dago zein den Iruñeko Udalean hainbat udal taldek onarturiko mozioen edukia, zer dioten hainbat merkatarik eta ostalarik eginiko idazki eta komunikatuek, edota zer jasotzen duten Mossos d´Esquadrakoen atestatuek.

Sanferminen arazoa ez da ez turismo masiboko festa kontsumista, sexista eta hutsal bihurtu direla; aitzitik, arazoa kaleko saltzaileak dira. Edo, behintzat, hala dirudi, beren-beregi gai horri buruzko mozio bat aurkeztu eta onartu baitute, bai eta nabarmendu ere horrek arazo larri bat dakarkiela jaiei. Merkataritza txikiaren martxa txarrak ez du inolako zerikusirik frankizien gehiegikeriekin, saltoki handiak ugaritu izanarekin eta horiek berekin dakarten lehia desleialarekin; ez horixe: kaleko saltzaileena da horren guztiaren errua. Marka handien zapatilak 10 euroan salduz edo marka handien poltsak 20 euroan salduz jendea engainatzen duten kaleko saltzaile horiena, 100 edo 200 euroko zapatilak eta poltsak erosten dituztela sinetsarazteagatik haiei. Zapatila eta poltsa garesti horiek egiten dituzten marka handiak, hain zuzen, akusatuak daude haurrak esplotatzeaz, bai eta langileak heriotzaraino esplotatzeaz ere, duela gutxi Bangladeshen gertatu zen bezala: halako esplotazio lantegi bat zegoen eraikin bat goitik behera etorri zen, eta 1.127 pertsona hil ziren; gehienak, emakumeak. Honaino iritsita, galdetu beharko litzateke nor dabilen salerosketan mafiosoekin.

Baina, Bartzelonan, Mossos d´Esquadrakoek beste pauso bat eman dute; polizia beti aurretik. Kaleko zenbait saltzaile kartzelan sartu dituzte behin-behinean; horietako batzuk Saltzaile Ibiltarien Herri Sindikatuko kideak dira. Ikerketa neketsu batzuk egin eta gero, elkarte kriminal bat izateaz akusatu dituzte, honakoa oinarri hartuta: «Atxilotuetako lau anaiak izatea, eta kaleko saltzaileen bizimodua egitea; alegia, manta aldean hartuta ibiltzea etxetik sartu-irten, edo Poliziak atxilotuak izatea». Talde kriminal bat izateaz akusatzen dituzte, halaber, «ustez, eskudirutan egiten dituztelako diru sarrerak» banku batean. Ez da txantxa merke edo makabro bat, ez, Poliziak bere atestatuan hitzez hitz jaso eta prentsak halaxe argitaratutako testua baizik.

Nortzuk dira, baina, kaleko saltzaile arriskutsu horiek? Ez ote dira, akaso, legez, Atzerritarren Legea deritzonaren bidez, lan egiteko eskubiderik ez duten pertsona horiexek? Iruzur egiten dutenak, dioskutenez, manta baten atzean lan egiteagatik, edota adineko, mendeko eta eri diren pertsonak zaintzen kontraturik gabe jarduteagatik, edo etxeko lanetan aritzeagatik. Ostalaritzan, merkataritzan edo nekazaritzan kontraturik gabe diharduten pertsona horiexek; gure erakundean lekuko ugari ditugu horren egiaztagarri. Galdetu beharko litzateke nork egiten duen iruzur. Iruzur langileek egiten dutela sinesten dutenei, berriz, galdetu beharko litzaieke ea kasu honetan, lege bidegabe horri aurre egiteko, ez ote den legezko iruzur egitea.

Ez baita delitu bizirik irautea, kaleko saltzaileek berek dioskutenez. Delitua da, ordea, esplotazioa eta muturreko prekaritatea dakarten legeak onartzea. Legez kontrako lege horien bidez, lanetik botatzen baitzaituzte, etxetik egozten, osasun zerbitzurik gabe uzten, eta beharrizanik oinarrizkoenak ere salerosten baitituzte. Horrekin gutxi ez, eta horren guztiaren eragile bihurtu nahi zaituzte, gizarte arazo, eta, matxinatzen baldin bazara, delitugile.

Kaleko saltzaileei, eta halako lege bidegabe eta interesatuek erasandako pertsona guztiei, bihoakie babesa eta elkartasuna, beren amorru duinean, beren borroka duinean.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.