H azkundea ekonomiaren helburu nagusi bihurtu da. Ez dio axola nola eta zertarako hazi, hazi beharra ez da zalantzan jartzen. Era berean, ekonomia politika orokorraren helburu goren bilakatu da. Gai guztiak, sozialak eta ekologikoak barne, ekonomiaren arauen menpe jartzen dira. Baina badakigu baliabide mugatuak dituen planeta batean bizi garela, eta, hortaz, baliabide mugatuetan oinarritutako hazkunde ekonomiko mugagabean jarraitu nahi izatea zentzugabekeria hutsa da.
Plazak, kaleak, basoak… bizitzarako espazioak, merkatuen mende geratu dira. Merkatuak dira orain gure bizitza, eta merkatuetan ez dagoena ez da existitzen. Bestela esanda, preziorik ez duena ikusezina da. Baina gauza guztiak ikuspegi horretatik ikusten ditugularik ez gara ohartzen errealitatea desitxuratzen ari garela, kaleidoskopio batetik begiratzen dugunean bezala. Hala, ibai bat kutsatzen denean Barne Produktu Gordina (BPG) biderkatu egiten da: aurrena, kutsadura hori eragin duten jarduerak kontabilizatzen dira, eta hurrena, kutsadura hori garbitzea ere «aberastasuna» bezala ulertzen da. Halere, gure ekonomiak ez du aintzat hartzen ekosistema bat bizirik mantentzeko egin den borondatezko lan guztia.
Armaden jarduera BPGan islatzen da, baina etxeko esparru pribatuan egiten den lana ez.
Kaleidoskopioko ikuspegi honetatik, lanaren kontzeptua enplegu eta soldatapeko ekoizpenaren esparrura mugatzen da. Murrizketa horrek ezkutatu egiten du gaur eguneko sistema sozioekonomikoak iraun dezan beharrezkoak direla hainbat jarduera, denak ere zerikusia dutelarik giza ugalketarekin, haurren hezierarekin, adinduen zaintzarekin, oinarrizko beharrizanak asetzearekin, osasuna sustatzearekin, sostengu emozionalarekin, eta abarrekin. Zaintza lanak deituko diegu lan horiei, zeren beren helburua gizakiaren beharrizanak asetzea eta jendearen ongizatea segurtatzea baita.
Sistema patriarkalak inposatzen duen lan-banaketaren ondorioz, lan horietako gehienak emakumeen lepora jausi dira. Rol banaketa hori dela eta, gizonezkoak merkatuko lan-esparruan kokatzen dira eta ez dute haien burua bizitza mantentzeko beharrezko diren lan eta jardueren lehengo erantzuletzat jotzen.
Zaintza lanak —mila motako jarduerak biltzen dituztenak— ez dira existitzen merkatuarentzat. Eta, halere, ezinbestekoak dira merkatua zutik mantentzeko, jarduera ekonomikoak funtsezkoa duen lehengaia hornitzen baitute: lan-indarra.
Beraz, kontuan hartzen badugu badirela ezin esan ahala jarduera, ikusezinak bezain beharrezkoak, sistemak batere aintzat hartzen ez dituenak eta emakumeen eskuetan daudenak, eta horri gehitzen badiogu gaur eguneko testuinguru sozioekonomikoa, ikusiko dugu badaukagula aurrean krisi bat ezezagunagoa baina ez gutxiago garrantzitsuagoa: zaintzen krisia. Emakumeak esparru publikora sartzen hasi dira, baina horren truke lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak onartu behar izaten dituzte, gizonezkoek ez dutelako egin ibilbide berdina esparru pribaturantz. Era berean, populazioa gero eta zaharragoa da, gure hirietako giroa erasokorra da, komunitatearen zentzua galdua dago eta gero eta balio gehiago ematen zaio azkartasunari eta berehalakotasunari. Bestalde, gure gobernuentzat krisi ekonomikoa aitzakia bat da egoera txar honen ondorioak arintzen laguntzen duten gizarte zerbitzuak murriztu eta pribatizatzeko.
Baina arazo horri errotik heldu beharrean, kaleidoskopioarekin begiratzen jarraitzen dugu eta erdipurdiko konponbideak ematen ari gatzaizkio arazo larri eta funtsezko horri, zalantzan jarri gabe bere atzean ezkutatzen den botere-harremanezko mataza konplexua.
Konponbidea ez dira super-amonak edo lan-baldintza abusiboekin kontratatutako emakume etorkinak, eurak ere behartuak seme- alabak euren herrialdean uztera beste emakume batzuen ardurapean.
Aldatu egin behar dugu gauzak ikusteko modua, betaurreko egoki batzuk aukeratu behar ditugu ikusi ahal izateko mozkinek eta hazkunde ekonomikoak ez dutela zertan antolatu gure denbora, gure espazioa eta gure giza jarduerak. Horretarako, giza-ugalketa, gizakiaren beharrizanak asetzea eta gizakiaren ongizatea segurtatzea bihurtu behar ditugu gizarte antolamenduaren ardatz. Beharrezkoa da oraingo lan eredua berrikusi eta aldatzea, lanaren banaketa sexuala bukatzea eta aitortzea zaintza izan behar dela helburu sozial eta politiko funtsezko eta nagusia.
Gauza asko dago egiteko banaka, taldeka zein maila politikoan. Jaurti dezagun kaleidoskopioa eta jantzi ditzagun betaurrekoak, birziklatu dezagun merkatuaren orduak markatzen dituen erlojua eta erabili dezagun bere ordez bizitzaren denbora agertzen duen erloju bat. Baztertu dezagun helburu gabeko hazkundea eta defenda ditzagun jendearen duintasun, justizia eta ekitatezko baldintzak. Horiek dira Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira Pobrezia Zero plataformak eta zenbait gizarte talde eta mugimenduk plazaratzen dituzten aldarrikapenak.
Kaleidoskopioa, ordulari eta denborei buruz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu