Kalean uso, etxean otso

2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Sasoi batean, Hego Euskal Herrian, ohikoa izaten zen euskaraz norberaren esparru hurbil eta familiarrean baino ez egitea, eta, kalean eta jendaurrean, oro har, gaztelaniaz, badaezpada ere. Normaltzat ere jo zitekeen, kontuan hartuta euskara debekatua eta pertsegitua zela sasoi hartan; frankismo garaiaz ari naiz, noski.

Ez ziren garai errazak euskararentzat. Argi eta garbi zegoen nor zen otsoa eta nor, ordea, usoen moduan jokatzera behartua. Izan ere, esaerak dioen antzera, «azkar eta ondo hegan egitera» behartuak ziren sasoiko euskaldunak, ataka hartatik onik ateratzekotan.

Gerora, delako demokrazia hau etorri zitzaigun eta euskara legezko eta, gaztelaniaren aldean, koofizial ere bilakatu zen, Euskal Herriko lurralde batzuetan, behinik behin. Kalean ere euskaraz naturaltasunez eta normaltasunez egingo zela aurreikusten genuen; euskaldunok euskaraz bizitzeko bideari ekingo zitzaiola zirudien diktadorea hil eta giza eskubideak, baita linguistikoak ere, gizarteratzen hasi zirenean; 80ko hamarkadaz ari naiz orain, gehienbat.

Garai horiek ere atzean utzi ditugu eta, egun, teorian behintzat, errealitate bihurtua beharko zuen aurreikuspen hark. Euskal Herriko hainbat txokotan, gehienbat euskaraz egiten da bizimodua, dela etxe barnean, dela kalean. Baina, zuri guztiak irin ez diren bezalaxe, bada errealitate faltsu eta desitxuraturik eskaintzen digun bazterrik ere.

Izan ere, gero eta gehiago dira, nire ustez, euskararekiko itxurakeria hutsa egiten dutenak. Hainbat euskaldun (edo euskaradun, bederen) euskaraz aritzen dira jo eta su kalean, jendaurrean, garbiki utziaz beraiek euskaldunak direla, euskaraz badakitela, baina gerora, etxeko epelean (edo intimitatean, hark esango lukeen moduan), erdara gorrian, gaztelaniaz bizi dira, norekin eta kalean euskara agertu duten euskaldun berberarekin, maiz, bikotekide dutenarekin. Horrela, euskarari dagokionez, behinik behin, otsoaren jokaera izaten dute etxean, traizionatu egiten baitute esparrurik hurkoenean, nahiz eta uso zuriaren antzera agertu kalean, euskara besarkatuz eta erabiliz ez ezik,aldarrikatuz eta laudatuz ere askok eta askok. Hipokrisia.

Bikote gazteak izan ohi dira, normalean, ume txikiak izaten dituztenak. Hori dela eta, akaso, behartuago-edo sentitzen dira euskaraz egitera esparru publikoetan; eta etxean ere, beharbada, euskaraz egingo diete seme-alabei, baina euren artean erdararako joera garbia izaten dutelakoan nago. Hori da, behintzat, nik aspaldi honetan egiaztatu ahal izan dudana, ez haien etxean sartu naizelako, jakina ezetz, baina bai kaleko jarleku batean, tabernaren bateko terraza batean, edo pasieran doazela topatu ditudanean bikote horietako bat baino gehiago. Halakoetan, baten batzuk deseroso ere sentitzeraino iritsi direla begitandu zait, konturatu baitira euskaldun batek «harrapatu» egin dituela erdaraz egiten.

Ez ditut horregatik salatuko, garai batean gure arbasoak euskaraz egiteagatik salatzen eta zigortzen zituzten bezalaxe. Legeak ere ez du horretarako aukerarik ematen, noski, ez baita zilegi inor euskaraz egitera behartzea; legez behartzekotan, gaztelaniaz egitera ez, baina jakitera bai, behartuta gaude Hego Euskal Herriko euskaldun guztiok. Baina, halako jokaera hipokritak ikusita, agian hobe liteke legea bera ere aldatzea, ez uste?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.