Juan Gorostidi Berrondo.

Kakux bioboterea

2017ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Maiz aurkitzen ditut nire inguruan Eliza Katolikoaren marka eta eragina gutxiesten dutenak, aspaldiko kontuak balira bezala. Ez nago horren ziur, eta Kakuxen kasuak eragin duen harrabotsak ematen dio gaiari eta gure gogoetarako gaitasunari benetako neurria. Bestetan oso hurbil sentitzen ditudan hainbaten gogoeta publikoei lotuko natzaie hemen. ETBko Ur Handitan programaren biharamunean entzun nuen Hedoi Etxarte Joxe Arregiren diskurtsoa laudatzen, kasu hauek duten morbo eta asaldurari aurre eginez «egongo den eta ezagutuko ez den horretan» kontuz ibiltzeko, eta apaiza batekin dugun jarrera salatuz: «Eta abusuen egilea kamioilari bat balitz, berdin joko al genuke kamioilarien kontra?». «Horrek ez dio ez biktimari eta ez eragileari ezertan lagunduko», zioen Arregik berak.

Ildo beretik zetorren Jon Sarasuaren gogoeta Euskadi Irratian. «Gero eta sentiberagoak gara biktimekiko» esan, eta Nietzschek kristautasunari —«ezinduen konspirazioa»— egiten zion kritika gogoratu zigun; ezkerrekoek edo feministek duten matrize bera seinalatuz: «erruduna egurtu eta gu lasai geratzeko». Berari ere «desproporzionatua» iruditzen zaio Kakuxi emandako egurra, eta Elizari oro har.

Azkenik, Idurre Eskisabelek BERRIAn: «Aitor dezadan Joxe Arregik gai honen harira egunotan argitaratu duen iritzi artikulua azkenaldian leitu dudan gauzarik eraldatzaile eta askatzaileenetakoa dela biktima/biktimario harremanari buruz ez ezik, baita pertsona izatearen muineko ikuspegiari dagokionez ere. [...] Baina, hala eta guztiz, kirrinka egiten dit, justu, doi-doi, diskurtso honen premia soziala eta ondoriozko enpatia sexu abusuen gaiarekin lotuta sortzeak —Arregi eta Sarasua barne baina haiez gaindi—, non eta, oro har, biktima eta biktimarioez pentsatzeko eta egiteko hainbeste dugun gure herri honetan».

Azken ohar hori interesatzen zait niri ere, baina ezin horri heldu Arregiren diskurtsoa kokatu barik, non ukatzen dena den esanguratsuena: kleroarekiko korporatibista ez dela, ezta moralista eta sentimentala ere; sentimenduz gaindiko gogoeta sakona bilatzen duela, biktima guztien enpatia erabatekotik esan ostean, azken aurreko abusuen testigantzari buruz dioen gauza bakarra da «eskabrosoagoa» dela, eta Ana Moralesena «dramatikoa».

Iritzi hauek entzunda bururatu zitzaidan lehenengo galdera: pentsatu al dute lagun hauek biobotereak Euskal Herrian izan duen espezifikotasunaz, eta bertan Eliza Katolikoak jokatu eta jokatzen duen rolaz? Ezetz esango nuke, bestela Arregiren amua ez lukete horren erraz irentsiko. Sloterdijk: «XIX. mende amaierako kristautasun protestantea ongizate-enpresa bihurtua zen, leunki maitekorra, gizatasun metafisikoz jantzia [...] Katolizismoa, berriz, 1870ez landa, modernitatearen aurkako krispazioaren gorenean sartu zen, eta bere ahalegin guztiak —frente teologiko nahiz politikoetan— ez ziren ahuldadetik sorturiko makinazioak baino izan. [...] Ariketa horietan guztietan dekadentziak sorturiko panikoa baino ez zen agerian uzten». Nago Arregi bezalako katolikoek ondo ulertu dutela hau guztia, eta denbora galduarenberreskuratze lanetan dabiltzala, ahalegin handiz. Baina Foucaultek garbi utzi zuen bezala, botereaz ari gara, diskurtsoak botere-borroka horien erdigunean duten funtzioaz, «ausazko gertakariak menderatu eta haien zama eta materialtasun beldurgarria saihesteko» ahalaz, alegia. Diskurtsoekin ez ditugu soilik borrokak eta aginte sistemak esplikatzen; diskurtsoak berak dira borroka-zelai, Elizak betidanik menderatu nahi izan duen gorputz eta kontzientzia eremu preziatuak, kasu honetan. Haurren aurkako eraso sexualetan bioboterearen eremu bortitzenean barneratzen gara. Horrexegatik da beste edozein estamenturekin konparagaitza Elizak horretan izan duen funtzioa. Eta funtzio horren indarra erabatekoa zen gurean aurreko 70eko hamarkada arte eta, sendo mantendu da boteregune estrategikoetan, hezkuntza instituzioetan batez ere, inongo garbiketarik gabe.

Gauzak horrela, Kakuxen kasuan ez da soilik izan ondo estalita zegoen zornea agerian jartzea. Hori baliatuz, erabateko gaurkotasuna duten beste gai batzuk azaleratu dira. Hasteko, zer da haur batekiko sexu abusu bat? Eta zergatik hartu behar dugu kontuan Elizak eragin duenean modu berezian? Azpimarratu da abusua boteretik egindako erasoa dela, haurraren zaurgarritasunari eta nagusiarekiko behar duen konfiantzari kalte konponezina eraginez. Noski daudela graduak eta ez dela berdin ukitu bat eta bortxaketa bat, baina erratzen gara konparaketan, nagusien arteko erasoekin alderatzen ditugunean («ez da berdin muturreko bat eta tiro bat» zioen Sarasuak). Guztiz beste maila batean gaude hemen. Eta konparagarria al da kleroa beste edozein korporaziorekin? Ez, berak izan duen eta duen botereagatik eta egiturazko inpunitateagatik, hain justu.

Katolikotasunaren baitan gogo eraldatzailea sumatzen dugunean, Arregirena kasu, aldeko ditugula uste dugu. Berari ez baitzaio interesatzen horren ondo ezagutzen duen katolikotasun zaharkitu atzerakoia. Eta arimen artzaintzan jarraitzeko, korporatibismo eta moralismo oro gainditu behar duela dio. Moralkeria gainditzeko aitzakiaz, inongo moralik gorena predikatzen digu berak: «Oinazea da inporta duen gauza bakarra. Lehenik eta behin, abusuak pairatu dituenarena, baina baita eragin dituenarena ere. Ez dut kulpan eta zigorrean sinesten, ezta absoluzio penitentzialean ere. Hortik bestearekiko elkartasunera igaro nahi dut, nire arduratik, norberaren historia eta drama besterezinetik».

Baina biobotereaz ari bagara, ezin atera hitz horiek bere aginte-testuingurutik. ETBko dokumentalean, Ana Moralesen diskurtsoak uzten zuen agerian eta nabarmen Arregirena —eta horregatik salatu zuen horrek «manipulazio lotsagabea»—. «Errukiaren Iraultza, behar dugun iraultza bakarra» aldarrikatuz, guztion gainetik ipintzen du bere buru «bekataria» gure klerigoak. Horra apez berritua ideologia new age gozoena predikatuz: errua eta kondena eternalekin mendeetan zehar gorputzak eta kontzientziak terrorean hezi ondoren, neurri errepresibo guztien abolizioa aldarrikatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.