Kontu hau 2021ean hasi zen, baina dagoeneko horretara ohitu gaituzte, aldez edo moldez. 2021eko otsailean, Caparrosoko makroetxalde ezagunaren atzean dauden enpresetan kutsadura larria agertu zen: inguruko nekazari lurrak ureztatzeko, dirudienez, digestatoak erabili zituzten, biometanizazio prozesu batean sortutakoak. Antza denez, ihinztatuz ureztatzeko piboteak erabili zituzten lur horietan, baina debekatua dago hori egitea. Horretaz konturatuta, talde ekologistek eta Martzillako eta Caparrosoko herritarrek salatu zuten Aragoi ibaian isuri kutsagarriak egin zirela.
Jokabide horrek, hau da, biogas instalaziora iritsitako hondakin guztien lixibiatua edo digestato likidoa erabiliz ureztatzeak, edo, argiago esanda, kakaz ureztatzeak hondakin likidozko turrusta handiak sortu zituen inguruko sakanetan. Are gehiago: Aragoi eta Arga ibaien bokale aldeko eremu babestura ere iritsi zen kutsadura, eta han galtzeko arriskuan diren espezie batzuk bizi dira, hala nola bisoi europarra eta apoarmatu istilzalea. Bardeako parke naturalera ere iritsi zen, baita Nafarroako saguzar komunitate bakarra dagoen leizera ere.
Hori guztia epaitegian ikertzen ari dira oraindik; beraz, ustezkoa da guztia, txit ustezkoa, kaka salbu. Badago, ordea, jadanik epaitutako eta kondenatutako zerbait: hori guztia salatzeko Caparrosoko makroetxaldean aktibista talde batek eginiko ekintza. 2021eko martxoaren 22an, Uraren Nazioarteko Egunean, horko instalazioetan sartu, kartel batzuk zeramatzatela, eta makroetxaldearen beraren 1.000 litro ur bota zituzten, beren nitrato pila eta guzti. Hain zuzen, horixe da halako ustiapenen eta abeltzaintza industrialaren arazoaren parte bat: nitratoak dakarren kutsadura, eta metal astunek, disolbatzaileek, eta antibiotiko eta pestizida hondarrek dakartena.
Abenduan eman zuen epai baten bitartez, Iruñeko Zigor Arloko 1. Epaitegiak zortzi lagun zigortu zituen, kalteak egiteko delitua leporatuta: hesi bat hautsi eta sistema elektrikoari kalte egiteagatik. Deigarria da zer aldea dagoen delitu orori dagokion erantzukizun zibilaren eta haiei jarritako zigorraren artean. Izan ere, 1.200 euroko kaltea besterik ez zen, askoz gehiago ez, baina erruduntzat jo dituzten delituaren zigorra 14 hilabeteko isuna da, zortzi euro egunean. Hau da, bakoitzak 14x30x8 ordaindu beharko du: 3.360 euro (guztira, 26.880 euro). Zerbaitengatik ordainduko ez balute, pagatu gabeko kuota bakoitzagatik kartzela egun bat ezarriko liekete, hau da, ordaindu gabeko 16 euroko, egun bat espetxean.
Ikusirik zeinen kutsadura larria eragin zuten 2021eko otsailean —eta halakoa izan zela erakutsi dute isuritako hondakinetan zenbat nitratato zegoen neurtzeko lanek—, talde ekologista batzuek analisi ofizialak egiteko eskatu zieten Nafarroako Gobernuari eta Ebroko Ur Konfederazioari, hartara jakin ahal izateko zertan zen ura makroetxaldearen inguruko lurretan.
Talde horiek Nafarroako Ingurumen Fiskaltzan ere aurkeztu zuten salaketa, eta hark tramiterako onartu zuen, dokumentazioa ikusirik. Orduan ekin behar izan zion Nafarroako Gobernuak, eta ez lehenago, fiskaltzari txostenak bidaltzeari. Txosten horietan adierazi denez, makroetxaldeak ez du baimenik ureztatze ura balitz bezala erabiltzeko digestatoa —hau da, kaka—, hori arrunt kutsagarria baita, batez ere euria euriaren gainean ari duenean, nitratoa nitratoaren gainean.
Garai biziki zaila da hau lurra ikuspegi ekologista eta sozial batetik defendatzeko. Alde batetik, Nafarroan hedatu eta hedatu ari dira, beste ezeren gainetik, kapitalismo estraktibista eta hark ahalik eta etekinik handiena lortzeko darabilen logika: makroetxaldeei, nekazaritzako industriari eta meatzaritzari astero-astero ematen dizkiete baimenak eta lizentziak. Nafarroako Gobernuak lehentasuna ematen die enpresa gutxi batzuen irabaziei eta haiek sortzen dituzten lanpostu (prekario) bakan horiei, bazter batean utzirik tradizioko produkzioa duten lurren emankortasuna, uraren kalitatea eta biztanleen oraingo eta etorkizuneko ongizatea. Horretaz gainera, gobernuak erraztu eta sustatu egiten du han eta hemen hedatzea, neurririk gabe, korporazio handien kontrolpeko energia ekoizpeneko industrialdeak, bultzatu beharrean trantsizio ekosozial justu baterako zinezko plan bat, kontuan harturik nola lor litekeen gizartearen ongizatea planetaren mugei buruz zientziak esaten duenaren argitan. Koskaz koska estutu eta estutu segitzen dute, 30 urtean AHTa bultzatzen pasatu eta gero, hau da, diru publiko gehien xahutu duen eta ingurumenari kalterik handiena egin dion proiektua.
Beste alde batetik, ezin kezkagarriagoa da kriminalizazio penala eta jazarpen ekonomikoa erabiltzea lurraren defentsako mugimendu komunitarioen eta aktibisten kontra, halakoak salatzeagatik. Aspaldi ez dela jakin dugu Caparroson aritutako Greenpeaceko aktibisten epaiaren berri, eta hurrena Aroztegiko zazpi epaituko dituzte: guztira, hogei kartzela urte eta 56.000 euro eskatzen dituzte haientzat.
Protesta eta desobedientzia beti erabili izan dira guztiona dena defendatzeko. Urarekin ez da jolasean ibili behar, eta gure lurrean nahi dugun ereduarekin ere ez. Txanpon beraren bi aurpegiak dira kutsadura eta landa lurren industrializazioa: enpresa handi gutxi batzuek jasoko dute etekina, eta arriskuan jarriko dira bizitzeko behar ditugun baliabideak eta natur ondasunak. Trikimailu gehiegi jokalekuan, baina ez dezatela pentsa amore emango dugunik.
(*) Erredakzioan itzulia