Kaiku kooperatibatik euskal gizarteari

Jon Agirre
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gure euskarazko egunkari bakarrera idazki hau bidaltzerakoan, eta egungo gai garrantzitsuetan sartzerako, interesgarri iruditu zaigu gure kooperatibaren historian ibilbide labur bat egitea.

Urte batzuk badira jada gure 50. urtebetetzea iragan zela, eta oso gutxira beteko ditugu hirurogei.

Gure aitona-amonek, gurasoek… beharrezko ikusi zuten kooperatiben sorrera, eta industrien parte hartze zuzena, esne guztia merkaturatzeko bide bakarra zelako, ordurako ezinezkoa baitzen zuzenean eta egunero gure esne kontsumitzaileen eskuetan jartzea. Oso urte gogorrak izan ziren gure aurrekoak ziotenez; neke handiak eta urte askotarako zorraren jabe baitziren industrietan parte hartzeko garaian.

Oraingo abeltzainen ibilbidea ez da askoz errazagoa izan: etengabeko inbertsioak, kapital handitzeak, birmoldaketak, planten bateratzeak edo, azkenik, hiru kooperatiben fusioa (Gurelesa, Copeleche eta Beyena).

Gaur egun, 420 bazkide inguru gara, eta, ondorioz, milatik gora familia, kontuan harturik ustiategi asko elkarteak direla. Kaiku kooperatibak Hego Euskal Herriko esnearen %70 biltzen du. Ahal dugun neurrian saiatzen gara esne ekoizle gehiago hartzen, ehuneko hori handiagoa egiteko bidean.

Bi enpresatan parte hartzen dugu: Iparlat eta Kaiku Corporación. Hiru planta dauzkagu Euskal Herrian. Gure garrantzi soziala ere kontuan hartzekoa da; bi enpresen artean milatik gora lanpostu zuzen ditugularik. Urtean, 180 milioi litro esne biltzen ditugu, Iparraldekoa kontuan hartu gabe.

Zenbaki horiek ikusita, zenbaiti irudituko zaio handiak garela, baina Europako industria eta kooperatiba askoren ondoan, oso txikiak gara. Horra hor gure apaltasuna.

Azken egunetan, guri buruz esan direnek ez daukate hitzik, gure irudiko, gizalegearen arrasto gorri guztiak gurutzatu dituztelako. Ez du edozer gauzak balio produktu bat saltzeko, eta gutxiago gure hizkuntzarekin jolastea guri mina eragiteko.

Begirunea eduki behar da, hainbeste urtetan bere ustiategiak aurrera atera ezinda sufritu duten baserritarrei, diru pila itzelak jarriaz enpresak aurrera ateratzeko, askotan esnea beranduago eta gutxiago kobratuz. Beste batzuek puntarik punta euren esnea guk baino prezio hobeetan salduaz, iseka lotsagarriak eginez gure bazkidei.

Eusko Jaurlaritzari egindako eskarian, inoiz ez zen aipatzen hizkuntzaren afera; hori frogatzeko, hedabideetara bidali genuen idazkia eta, publikoa denez, uste dugu hori argi geratu dela. Ez idatzian, eta gutxiago gure espirituan ez da urrutitik ere gure hizkuntza erabiltzeko asmorik izan.

Kaiku kooperatibaren euskararekiko konpromisoa, hamarkada askoan adierazita, edonork ikusi dezake: ikastolen festetan, herri kiroletan eta abar. Uste dugulako hizkuntza edozein kolore eta ikuspegitatik at utzi behar dugula.

Jaurlaritzari eskatu geniona edozein marka berri konpetentziakoari buruz behar diren argiketak besterik ez zen izan.

Alde batetik, uste genuen Euskal Herria izenak, generikoa den heinean, nahasmena sor lezakeela saltzean. Finean, ganaduzale gehiengo zabal batek ere Euskal Herriko esnea ekoizten dugulako.

Beste aldetik, jakin nahi genuen ea trazabilitatea ziurtatua dagoen, hau da, Soriara eramandako esnea bera den datorrena.

Gobernuak, ofizioz, salaketabihurtu du gure idatzia, eta bere «interpretazioetan» dirudi kanpoan ontziratzen den esne kartoietan ez dagoela euskara hutsean merkaturatzerik produktua.

Horrela, bada, ez zaigu batere onargarria iruditzen hainbeste urte euskararen normalizazioan eman eta gero, honelako lege atzerakoi bat jaso behar izatea.

Azkenik, esan behar da kezkagarria dela dauzkagun arazo eta erronken aurrean holako irudia plazaratzea. Euskal herritarrek jakin behar dute oso une latzak bizi ditugula, pentsuak eta, oro har, beste gastu asko inoiz baino altuagoak direlako. Eta egoera hau ez da bakarrik behi esne ekoizleena, abeltzain guztiena baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.