Biokimikari bezala, esan beharra daukat nire lanean gauza zailenetako bat familiari biokimika zer den azaltzea izan dela (lortu baldin badut). Ez, ez naiz biologoa, ezta kimikaria ere. «Eta orduan?» izaten da hurrengo galdera. Gogoan dut 2011n, ate irekien aitzakiaz unibertsitatera lehenengoz iritsi nintzenean, galdera horixe bera egin niola bertako biologiako irakasleari. Orain neu aurkitzen naiz irakasle haren lekuan, familiarentzat, lagunentzat eta urtero ate irekietara hurbiltzen diren gaztetxoentzat azalpen ulerterraz bat topatu nahian.
Biokimika diziplina bezala nahiko termino berria da. Batzuek diote 1833an sortu zela, Anselme Payen kimikariak amilasa deritzon lehenengo entzima aurkitu zuenean. Beste batzuen iritziz, 1897an Eduard Buchnerrek deskribatutako hartzidura alkoholikoarekin batera hasi zen, prozesu horren eragilea zen zimasa entzimaren aurkikuntzarekin. Edonola ere, XX. mendearen erdialdean hasi zen biokimikaren garapen esponentziala, teknologiaren aurrerapenak kromatografia, X izpien difrakzioa edo masa espektrometria bezalako tresnak ekarri zizkigunean.
Guzti honek biokimika hitzari itxura potoloa ematen dio, eta askok eta askok ulertezintzat joko dute. Baina zer esango zenukete egun osoan zehar biokimikari eskua emanda zoaztela esaten badizuet? Gure gorputzaren barrura bidaiatu eta eskala txikian begiratzea da gakoa.
Goizean jaiki eta gosaldu bitartean ahora begiratuz gero, hantxe ikusiko dugu Payenek deskribatutako amilasa lanean, croissant-a birrinduz eta haren elikagaiak gorputzarentzako eskuragarriago eginez. Aldi berean, hortzetako croissant arrastoetatik elikatzen diren bakterioak topatuko ditugu prozesu biokimiko ugaritan murgilduta; sortzen dituzten hondakin azidoek gure hortzen kanpoko minerala nola suntsitzen duten ikusiko dugu, txikitan horrenbeste aldiz entzun dugun kariesa sortuz. Bapo gosaldu ostean, hor arituko dira urdaileko proteinak jandako croissant hori are gehiago birrintzen, ondoren hesteetako zelulek difusio edo garraio aktibo deituriko prozesuen bidez xurgatu ahal izateko. Eguna aurrera, bazkaritan zartaginean frijitzen ari garen arrautza aztertuz gero, zuringoan dauden proteinek, oboalbumina kasu, beroaren ondorioz egitura nola galtzen duten ikusiko dugu, koagulatu eta kolore zuria hartuz. Desnaturalizazio deritzon prozesu biokimiko hau aurrez aipatu dugun digestio prozesuan ere gertatzen da; croissantean aurkitzen ditugun proteinak desnaturalizatu egiten dira elikagaien xurgapena errazteko.
Ulertzeko zailagoak izan daitezkeen arren, maitemintzea, tristezia, poza... bezalako sentimenduak ere biokimikak azaldu ditzake. Guzti horiek hormona aldaketen ondorioz sortzen dira eta neuronen arteko konexioetara bidaiatuz gero, endorfina, dopamina, serotonina... bezalako hormonen festa ikusiko genuke.
Hortaz, bistakoa da biokimika nonahi aurkitzen dugula. Baina zein da biokimikarion lana? Eskala txikian gertatzen diren eta begi bistaz ikusezinak diren prozesu guzti horiek ondo aztertu eta ulertzea, bai tresna berriak sortzeko, bai tratamenduak garatzeko. Bakterioek hortzetako esmaltea nola suntsitzen duten jakinik, erregeneraziorako bideak ireki daitezke. Edo triste gaudenean zein hormonak parte hartzen duten ezagutu izanak depresioarentzako tratamendurako bidea egin du. Asko dira biokimikak erantzun dituen galderak, eta gehienek farmazian izan dute aplikazioa, gaixotasunak nola sortzen diren ulertu eta tratamenduak garatuz. Nik beti esan ohi dudan bezala, gaixoekin baino, biokimikak gaixotasunekin lan egiten du.
Izaki bizidunetan ematen diren prozesuak ondo ulertzeak eraman gaitu, esaterako, biokimikaren alorrean izandako azken aurkikuntza handienera: pasa den urtean Nobel Sarirako hautagaitza ekarri zuen «genomaren edizioa», edo «moztu-itsatsi» genetikoa. Alacanteko Unibertsitateko Francis Mojicak bakterioak birusen aurrean nola babesten diren galdetzen zion bere buruari. 2009an Microbiology aldizkarian argitaratu zuen bakterioen immunitate sistema gisa definitu daitekeen CRISPR-Cas birusen aurkako sistema. Sistema honen bidez, bakterioek birusaren DNA ezagutu, moztu eta suntsitzen dute. Alabaina, 2012an, Jennifer Doudna eta Emanuelle Charpentier ikerlariei sistema hori genoma editatzeko erabili zitekeela bururatu zitzaien. DNA nahi dugun lekuan mozteko tresna gisa garatu zuten, eta hasiera batean bakterioen defentsa mekanismoa ulertu nahiak bidea zabaldu du etorkizunean geneetako akatsen ondorioz sortutako gaixotasunak sendatzeko tresna bat lortzeko.
Hortaz, hurrengo batean norbaitek biokimikak zer ikertzen duen galdetzen badizue, izaki bizidunon funtzionamendua ulertzen saiatzen garela esango nioke nik. Eta badakizue, gosaritan croissant-a kafesnetan busti eta ahora sartzean hausnarketa egiten baduzue, gogoratu zuek ere biokimikari lanetan jardungo duzuela.
Kafe bat, croissanta eta biokimika, mesedez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu