Nork esan zuen galdetzea delitua zenik? Bada, iritzia ematea delitua zela esan zuen berberak. Paradoxikoki, demokraziaren dinamika bera joko-taulatik kanpo uzten ari da Espainiako erregimen politikoa, ez direlako mundu-ikuskera guztiak onartzen. Hala, Espainiako sistema politikoak dogmatikoki erantzuten die bizitza ulertzeko modu jakin batzuei, modu demokratiko, baketsu eta indarkeriarik gabekoei, egokitzeko gaitasunik erakutsi gabe, eta, erantzun politiko bakar gisa, eskubide eta askatasun politikoak murrizten ditu.
Valtonyc, Evaristo, Willy Toledo, Alfredo Remirez, politikari eta aktibista katalanak... Artista, aktibista eta politikari horiek guztiak, bestelako mundu-ikuskera bat izateagatik eta plazaratzeagatik, Estatuaren askotariko errepresioen kopla-burukoak dira.
Horren harira, besteak beste Amnesty International erakundeak eta NBEko kontalari bereziek salatu dute Espainiako Estatuan demokrazia atzera egiten ari dela, eskubide eta askatasunak murrizten ari direlako eta polizia-indarrak gehiegi eta neurriz kanpo erabiltzen direlako oposizio eta disidentzia politikoa isilarazteko.
Estatu demokratikoak legitimoak eta indartsuak izango dira, baldin eta gizartea konbentzitzeko gai badira eta gizarteko errealitate aldakorretara juridikoki egokitu badaitezke. Hala, gizarteko errealitate berriei erantzun ahal izateko beren burua ezbaian jartzeko gai diren estatuko egitura politikoek baizik ez dute lortuko demokraziaren erasoei aurre egin eta irautea. Izan ere, sistema demokratikoen bertuteetako bat da sistema bukatu gabeak direla, etengabe aldatzen eta egokitzen ari direlako.
Bestalde, estatu bat indarraz baliatzen bada bizitzari buruzko ikuspegi jakin bat inposatzeko, mundu-ikuskera zurrun, monolitiko eta dogmatiko bat inposatzeko, eta estatu bat ez bada gai erronka demokratikoa onartzeko, hau da, ispilu aurrean jarri eta bere burua zalantzan jartzeko, eta berdin legitimoak diren beste mundu-ikuskera batzuk ere berdintasun-baldintzetan eta modu askean egon daitezkeela onartzeko, estatu horrek ez du konbentzituko eta ez da demokratikoa izango; estatu horrek eztanda egingo du. Demokrazian, lehenago edo geroago, konbentzitzen duenak irabazten du, eta ez indarra erabiliz garaitzen duenak.
Iritzi eta adierazpen askatasuna da libre eta demokratiko izan nahi duen edozein gizarteren oinarria. Eta euskal gizarteak bide horixe hartu zuen orain lau urte: nahi duena libreki adierazteko bidea, askatasun politikoak gauzatzekoa, bere etorkizun politikoan bere burua definitzekoa, demokrazia eguneratzeko laborategi bat izatekoa, justizia laborategi izatekoa.
Horrela, ausardiaz eta aske, euskal gizarteak erronka demokratiko bat gainditu nahi du: bere eskubide eta askatasunak erabiltzen aitzindari izatea, justiziaren aitzindari izatea, eta euskal herritarrek bere egiten dituzten mundu-ikuskerak soilik onartzea.
Ekainaren 10ean, bat egingo dugu erronka horri zenbaterainoko indarrarekin helduko diogun ikusteko. Gure Esku Dagok ekainaren 10erako antolatu duen giza katea bereziki garrantzitsua da: kate horrekin, askatasun demokratikoa gauzatzeaz gain, herri honek bere etorkizuna eraikitzeko oinarritzat hartzen dituen balioak erakutsiko dira.
Herriz herri joan gara balio horiei buruz galdezka, zuzenean eta biltzarren bitartez, eta, ondorio gisa, guk geure buruaz erabakitzeko bi mila arrazoitik gora bildu ditugu. Erabakizaleak - Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Legelariak taldeko kideok giza katean parte hartuko dugula berresten dugu, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu katebegi bat gehiago izatera, giza kate hori justiziaren aldeko kate bihurtzeko.
Justiziaren aldeko katea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu