Justizia poetikoa, 23 urte geroago

2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Aita eta biok 1997. urtean egin ginen Realeko abonatu. Orduan, kirola zen nire afizio nagusia, futbola bereziki. Eta futbolean jokatzen bezain gustura sentitzen nintzen Anoetan Reala ikusten eta animatzen. Aste guztia zain egoten nintzen unea.

1998/11/24

Talde polita zuen Realak, eta denboraldi bikaina egin zuen aurreko urtean, 3. amaituz. Horri esker, Europarako txartela lortu zuen, UEFA jokatzeko aukera. Ilusioz gainezka nengoen, Europako taldeak Anoetan ikusteko aukera bainuen lehen aldiz!

Lehen bi kanporaketak oso ondo gainditu zituen Realak, Sparta Praga eta Dinamo Mosku taldeen aurka. Baina hirugarren txandan zein tokatuko eta... Atletico Madril. Ez zidan graziarik egin, Europako beste herrialdeetako taldeak ikusi nahi bainituen, eta ez urtero bere aurka jokatu behar izaten genuen talde bat. Haatik, pozez eta gogotsu joan nintzen Anoetara azaroaren 24an.

Realak partidu oso ona jokatu zuen, eta 2-1 nagusitu zen. Baina partida hartatik gehien markatu ninduena, zelaian ez, harmailetan gertatu zen. Atzo izan balitz bezala oroitzen naiz. Partida hasita zegoela, Atletico Madrileko ultra neonaziak sartu zirenekoa: svastika ikurdun bandera erraldoiak, frankismo garaiko bandera espainiarrak (bata zein bestea legez kanpokoak), besoekin nazien agurrak egiten, Cara al sol kantatzen...

15 urte soilik nituen, nire mundua ikasketak eta kirola ziren, politikaz ez nekien ezer, baina ez nuen hura ulertzen. Are eta gutxiago Ertzaintza ultrak babesten eta inguruko realzaleak jotzen hasi zenean... Amaieran, ondo oroitzen naiz nola oihukatzen ziguten ultra haiek: «Ya vendréis a Madrid!».

Bi astera, abenduaren 8an, euren mehatxua bete egin zuten, zoritxarrez. Eta Aitor Zabaleta, partida ikustera Madrilera joana, erail zuten, labankadaz. Ezin nuen sinistu: Anoetan gugandik hain gertu egon ziren ultra haiek partida bake-bakean ikustera joan zen zale bat erail berri zuten, euskalduna eta Realekoa izateagatik...

Erantzule asko izan zituen hilketa hark: Aitor eta bere lagunek hango poliziei galdetu baitzieten lehenik nora joan zitezkeen trago bat lasai hartzera, arazorik ez zutelako nahi. Poliziek, ultren taberna batera bidali zituzten. Eta han, ultrek prestatua zuten ehiza hasi zen. Hainbaten artean, Aitor inguratu, jipoitu eta hil zuten. Madrilera joan ziren Realaren zale denek aitortu zuten infernua pasa zutela egun hartan: mehatxuak, jazarpena, jipoiak, irainak...

Realak 2-1 galdu zuen, eta luzapenean beste bi gol jasota, UEFAko ibilbidea amaitu zuen. Baina hura zen gutxienekoa. Erabat markatuta utzi ninduen gertaera hark. Eta are gehiago ondorengo egunek: Atletico klubak ez zuen ezer egin ultren aurka eta haiek babesten jarraitu zuen, ezer gertatu ez balitz bezala. Poliziaren ikerketak eta epaitegien jarduna ere zalantzazkoak izan ziren: pertsona bakarra izan zen epaitua eta espetxeratua, argi geratu arren jende askoren artean gauzatutako ekintza izan zela. Espainiako hedabideek gertaera justifikatu zuten, esanez tabernako liskar bat izan zela.

Eta Atleticoren zaleek klubak berak baino okerrago erantzun zuten: Reala hara bueltatu izan den bakoitzean, ohikoak bihurtu ziren Aitor Zabaletaren aurkako irainak, abestiak: «Aitor Zabaleta era de la ETA!», «Os vamos a acuchillar!»... Eta ez ziren harmailetako zati txiki baten oihuak, estadio ia osoan abesten eta babesten ziren.

Denboraldi hartan bertan, horra patu beltza, Kopan ere final-zortzirenetan Atletico Madril tokatu eta, estu izanik ere, kanporatua izan zen Reala.

Niretzat, eten bat ekarri zuten gertaera haiek guztiek. Faxismoaren atzaparrak noraino eta nolako inpunitatearekin irits zitezkeen jabetu nintzen. Eta Atletico Madril taldea eta bere inguruko guztia ezin nituen begien aurrean ikusi ere egin.

2022/01/19

Jada 23 urte pasa dira barruan oraindik ere hain bizi sentitzen ditudan gertaera haietatik. Nik ere jada ez diot ziurrenik orduan bezala jarraitzen futbolari. Baina, hara non, aurten, Kopako final-zortzirenetan, berriro Atletico Madril tokatu zitzaion Realari. Partidu bakarrean erabakiko zen dena, Anoetan. Zozketan aurkaria jakin bezain laster, 1998ko gertaerak biziberritu zitzaizkidan. Eta Realak partida hura irabazi, eta 1998tik barruan geratu zitzaidan arantza kentzeko abagune bezala sentitu nuen. Partida bat baino gehiago zen. Eremu guztietan pairatutako injustiziaren aurrean, kirol arloan bada ere, justizia poetikoa gauzatzeko unerik aproposena. Irabaztea besterik ez nuen irudikatzen.

Eguna iritsi, eta, artean etxean nintzela, lagunek bidalitako bideoetan egiaztatu nuen oraindik ere Atletico hemen ez dela ongi etorria. Jada estadioan, izugarria izan zen lehen minututik azkenekoraino bizitako giroa, zein taldearen jokoa eta ahalegina. Inoiz ahaztuko ez dudan partida. Sufritu, gozatu, abestu, salto egin, ospatu, oihu egin... dena batera. Egun batez, 1998an baino ere amorru, sentimendu, emozio eta gogo gehiagorekin. Anoetan, 23 urte atzera egin banu bezala sentitu nintzen, eta ia malkotan amaitu nuen partida, bi besoak altxatuta zerura begira, «Aitor, Aitor, Aitor Zabaleta!» abesten genuen bitartean...

Aitor Zabaleta inork ez digu itzuliko, familiak jasandako umiliazio guztia hor dago, hilketaren erantzuleek libre segitzen dute, Atletico Madrilen zaleek berdin jarraitzen dute, faxismoa indartuta dagoela dirudi, injustiziak eta memoriak min ematen dute oraindik... Baina kirol arloan genuen zor moduko hura kendu dugu, eta nola gainera! Justizia poetikoa...

Hainbat omenaldi jaso dituzte Aitorrek eta bere sendiak 1998ko abendu hartatik, baina aurtengo urtarrilaren 19ko gaua berezia izan zela sentitu nuen, barru-barruan. Bihotzez espero dut, dagoen lekuan dagoela, Aitorrek berak ere, bere irri gardenarekin, gauza bera sentitu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.