Julio Kortazarren lehen jaiotza —Eako hondartzan, kronopioen zain

Karmelo Landa Mendibe
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
bai, betiko berritzea da, etengabeko altxatu eta erortzea,
erori eta berriro altxatzea...
Hondartzan lehertzen ziren olatuak.


Virginia Woolf

Arratsaldeko lehen orduetarako hortxe izango zirela agindu zidan, baina laurak joan dira eta ez da goletaren arrastorik.

Ekainaren 7a da gaur, arratsaldeko 4:30ak, itsasoa beherantz, erditan da Eako hondartzan, eta Olandako moilaren parean bagoaz ni neu Balentin Kortazar, Ventura Momó, Inazio Ibinaga, Manu Agirre, Pedro Momó maisua, Eugenia Leginetxe maistra, on Manuel Zabala abadea, «Cirio» goletako kapitaina den Jenaro Landeta beraren neskamea eta bi seme txikiak eta marinel itsu bat, izenik ere ez daukana nonbait. Txaluparik handiena prestatu dugu eta geu ere abiatzeko prest gaude, baina itsas zabalean ez da zorioneko «Cirio» haren arrastorik ageri.

Osatzen dugun talde bitxi hau sobera deigarria dela eta, guztiok txalupan sartu eta Salbarri ingurura arraunean eginda, iparrerako arruta hartu dugu, goleta agertzen denerako hurbilago izango garen ideian. Muskitza atzean utzi eta Lapatza bistan genuela ikusi dugu, azkenean, «Cirio» goleta zuri dotorea, oihal guztiak zabalik, mendebaldetik hurbiltzen ari zela, Ogoño bere atzean utzi eta Ea alderantz. Laster batean erriatu du masta nagusiko oihala eta abiada geldoagoan zuzendu da gure txalupa zegoen ingurura, adostu genuen ezagutza seinalea egiten zuen bitartean, banderatxoa airean mugituz. Nahikoa hurreratu orduko, branka aldean nabaritu ditugu Jenaroren eta Martina Josefa emaztearen pertsonak, besoak gorantz gu agurtuz.

Jenaro Landeta kapitaina, bere emaztea eta nire alaba bakarra den Martina Josefaren konpainian, Kubako Habanatik zetorren karga betean, «Cirio» goleta hartan Donostiara bidaian, eta Natxitua aldera iritsi zirenean, banderatxoa luzatu zuten, seinalea eginez gure txalupa ezagutu zutela, eta laster zirela gure parean, guztion pozerako. Asko eskertu zituzten guk eramandako jaki hornidurak, lukainkak, okela errea, ogia eta edariak, eta haiek guztiak gogotsu dastatu bitartean, galderak egin zizkiguten, herrian azkenaldian izandako albisteez, eta guztion egoeraz. Beraiek oso bidaia ona izan omen zuten, haizeak aldeko, eta horrela espero zuten ailegatzea Donostiaraino. Jarraian ekin zioten goletatik gure txalupara guretzat zekarten guztia aldatzera, ez zela gutxi ez merke, eta honenbestean elkar agurtu eta bakoitzak bere bideari ekin zion, beraiek itsaso zabalerantz eta gu Eako portu txikirantz.

Bitartean itsasbehera heldu zen gure portutxora, eta gure txalupa, jendez eta generoz ondo kargatua, hondarra jo eta ezin porturatuta gelditu zitzaigun, ez aurrera ez atzera. Horretan geundela, ikusten dugu Salbarri aldetik badatorrela gure atzean azkar beste txalupa bat. Nor ote den, eta bertan Natxituko alkatea bera eta marinel bi arraunean bizkor. Usaindu zuen nonbait geneukan genero berria, eta errepartoan partea nahiko zuen, seguru.

Hau zen, baina, unerik delikatuena. Erabaki behar genuen azkar batean, eta guztiei, berehala generoa besoetan hartuz, txalupatik jaitsi eta hondartzara abiatzeko agindua eman nien. Han osatu genuen segitalde ikusgarria, ura belaunetan, lehorrera bidean, besoetan ez gauza gutxi: txerrikume bat kurrinka ari zena, gaileta zaku txiki bat, lau libra txokolate, sei ontzi koloniako ura, beste sei kapitainaren emaztearentzako pomadak, bi arroba kainabera-pattar, sei libra okela gatzatu, bi edo hiru arroba azukre zuri, hamar-hamabi libra kandela, gehi hirurehun tabako, inolaz ere busti ezin zitezkeenak, hamalau kutxa gozoki, eta bi pare bota.

Hori guztia hondar gainean utzi genuenean, gugana hurbildu zen alkate jaunari eskatu nion porturaino hurbil zedin eta tratua egin zezan bertan zaintzan egon ohi zen Felipe Perez karabineroarekin, diru adostua eman eta ezikusiarena egin zezan, gure zama guztia etxeratzen genuen bitartean. Joan zen horretara alkatea, eta marinel itsua gure txaluparen eta ingurukoaren karguan utzita, erabaki nuen ezer baino lehen txerrikume zaratatsu hura etxeraino eramatea, beste guztiek gainontzeko gauzak babesean jartzen zituzten bitartean.

Horrela nindoala, pentsatzen ari nintzen nire kolkorako benetan gauza bitxia zela marinel itsuaren ofizioa, ea nola moldatu behar zen itsasoko lanetan, eta ez ote zen ergelkeria koitadu hura txaluparen eta gauzen zaintza lanean uztea. Horretan nenbilela entzun nituen garrasiak: «Geldi, geldi guztiak! Utzi dena lurrean, hondar gainean, eta zuek ez mugitu lekutik!».

Karabineroen kaboa zen, ustekabean bertaratua, beste bi morroiz lagunduta. «Zer da hau guztia? Nondik ekarri duzue? Non dago Felipe, zaintzako karabineroa? Ez dago bere postuan?».

Eako hondartza, ekainaren 7a, arratsaldeko zazpiak eta laurden. Talde bitxia osatzen dugu, bai, Olandako moilaren ondoan, herriko alkatea, abadea, maisu-maistra, neskamea eta bi ume, gehi beste lau herriko gizon heldu, tartean ni neu, Balendin Kortazar Ugarriza, kapitain merkante erretiratua, guztiak atxilo karabineroen agindupean. Marinel itsua desagertu egin da txalupa inguruetatik. Ez da inon agiri.

*

Ez dira bi hilabete joan Olandako moilako gertaera haietatik, eta 1866. urte honetako uztailaren 24rako Bilboko epaitegira deitu naute. Neu bakarrik deitu ere, gainera. Zergatik ni bakarra, Eako hondartzan hamaika izan baginen karabineroek geldituak? Zer egin dut nik berezirik, bada, epaile hauen aurrera deitua izateko?

Frantsizko Balendin Kortazar Ugarritza jauna, erantzun —hasi da epaitegiko idazkaria—, Ean jaio eta bizi zarena, Donibane Bataiatzailearen parrokian bataiatua, berrogeita hamazortzi urtekoa eta kapitain merkante erretiratua, Josefa Mendiolarekin ezkondua eta bi seme dituzue. Horrela da?

Bai, jauna, erantzun diot.

Badakizu zergatik izan zaren deitua epaitegi honetara?

Ez, jauna. Ez dakit.

Puntu horretan, idazkariak berak irakurri ditu, zehaztasun osoz, ekainaren 7an Eako hondartzan, Olandako moila inguruan gertatuak, hain zehatz ezen ematen baitzuen bertan izan eta guztia ikusi zuen batek kontatuak zirela. Ondoren, epaitegiko fiskalak gertakizunen kalifikazioa eta zigor eskaria egin ditu, «kontrabandoa eta diru publikoaren lapurreta» leporatuz.

Kontrabandoa eta lapurreta! Guk eatarrok bizitza osoan egin duguna naturaltasun osoz, orain delitu bihurtua.

Halako zerbait gertatuko zela susmatzen zuen gure seme Pedro Balendinek. Eskerrak Argentina aldera alde egin duela. Uste dut hari horretatik sortu beharko direla Kortazar berriak, lotura hauetatik askeago. Gaurko egunean ni zigortu, baina zerbait berria sortu dela uste dut.

*

*Gaur bezalako egun batez, 1914. urteko abuztuaren 26an sortu zen Julio Kortazar idazlea, Bruselako Elsenen. Baina inor gutxik dakiena da 74 urte lehenago izan zuela aurretiko jaiotza bat, Ean eta kronopio baten izaeran, haren aitonak, Pedro Balendin Kortazarrek, Argentinarako bidea hartu zuen garaietan. Horren berri ematen da narrazio honetan, eta berton agertzen diren pertsonaia eta gertakari guztiak benetakoak dira. Earen historia sakon aztertzen ari den Mikel Zelaia ikerlari bikainari esker izan dut haien berri dokumentatua, eta eskaintzen dizkizuet hemen, abuztuaren 26 honetan.

Ea, 2023ko abuztuaren 26a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.