Ongietorria eman digu Unai Mendizabalek A eredutik D eredura aldaketa egitea erabaki dugulako Judimendi auzo eskolan. Bidea malkartsua izango dela ere ohartarazi digu Armentia ikastolako guraso eta Arabako Ikastoletako lehendakariak. Gure esker ona adierazi nahi diogu eman digun ongietorriagatik, eta, aldi berean, gure eskolaren eta, oro har, eskola publikoaren izaeraren inguruko bi gogoeta luzatu nahiko genizkioke.
Alde batetik, ez gara heldu berriak, aurrerapauso bat eman dugun arren; alegia, orain arte ere milaka euskal herritar berrirentzat gu izan gara euskararekin eta euskal kulturarekin izan duten lehenengo hartu-emana. D eredura pasatzeko prozesua ikasturteka garatuko da eta datozen zortzi urteetan A ereduko ikasleak izango ditugu gure ikastetxean. Haien hezkuntza eskubidea ahalik eta modu eraginkorrenean bermatzen jarraituko dugu, behar handiena duten ikasleei gure konpromiso eta ahalegin handiena eskainiz, beti egin izan dugun bezala. Txalo eta laudorio gutxi jaso izan ditugu horren beharrezkoa den eginkizun horri arduratsu heltzeagatik, baina eskolako langileok ondo dakigu zelako ahalegina egin dugun azken urteotan premia handiena duten ikasleen eskubideak bermatzeko, euskararen eta euskal kulturaren ezagutza barne.
Murgiltze eredua orain arte eraikitako guztiari gehitu diogu eta oso garrantzitsua da. Baina ez dugu uste eredu aldaketa soil batek, bere horretan, ezer bermatzen duenik. Euskararen aldeko ekimenak, gizarte kohesioaren eta inklusioaren aldeko konpromiso irmorik gabe, ez dira nahikoak. Euskaratik urruti dauden horiek ere gure eskolan nahi ditugu, euskara bere egin dezaten, ikasle horien eskubidea ere badelako euskara ikastea. Eta euskarak haiek ere behar dituelako.
Bestetik, aniztasunak gure izaera aberasten du, eta beti izan da gure ezaugarri nagusia, gure hezkuntza proiektuaren oinarria. Ez dugu aldatzeko asmorik, ez baitago ikaskuntzarik aniztasunik gabe. Eskola publiko guztion berezko ezaugarria da hau. Ezberdin sentitu, pentsatu eta sinisten dutenen arteko elkarbizitza izan da eta izango da gure hezkuntza proiektuaren muina, horrelakoa delako gure auzoa, gure hiria, gure gizartea; eta horrelakoak izaten jarraitu nahi dugu.
Gainontzeko eskola publikoek bezala, aniztasuna eta ezberdinen arteko elkarbizitza abiapuntu hartuta eraiki dugu Judimendi Auzo Eskola. Jauzi garrantzitsua egin dugu eskola komunitate osoaren inplikazioari eta auzoko eragileen bultzadari esker, baina ez diogu izan garenari uko egin: eraikitzen jarraitzen dugu, eskola publikoek gure herri eta auzoetako ikasle guztien eskubideak bermatzeko egin duten bideari jarraituz eta euskararen zabalkundea erraztuz.