Palestinara egin nuen lehenengo bidaian Gazara sartzeko aukera izan nuen, eta han el-Auda ospitalea bisitatzekoa. Erietxea Jabaliako errefuxiatuen kanpamentuan dago, eskualdeko ipar ekialdean, Israelgo armada okupatzailearen bonbardaketa latzenak pairatu ohi dituen eremuan. Bertan, estreinako bisitaldi hartan, arreta eman zidan X izpien makina batean Eusko Jaurlaritzaren ikurra ikusteak, eta nolabait lasaitu egin ninduen bertatik bertara konprobatzeak gure zergetako apur batzuk sikiera pertsona horien sufrikarioa arintzera iristen direla. Gerora jakin nuen EAEko gobernuak, batetik Israelgo apartheid erregimenarekin harreman adeitsu eta erregularrak dituen berberak, bestetik palestinarrentzako nolabaiteko diru-laguntza humanitarioa ere bideratzen duela; eta hori Juani Rishmawi izeneko emakume baten bitartekaritzari esker gertatzen dela.
Juana Ruiz Sánchez, Juani Rishmawi ezizenez ezagunagoa Palestinarekiko elkartasun zirkuluetan, giza eskubideen aldeko ekintzailea da eta 35 urtetik gora dira Palestinan bizi dela, Health World Committees osasun-erakundean lanean. Erakundeak komunitate palestinarraren ongizate sanitario eta soziala artatzea du xede, eta Juanik proiektuen koordinatzaile lanak egiten ditu, jarduera hori bermatuko duen diru-laguntzak bilduz, gehienbat. Duela bi aste eraman zuen atxilo Israelgo apartheid erregimenak, inongo kargu zehatzik egotzi gabe, eta gatibu eramateko eman duten argudio bakarra itaunketa egin behar ziotela izan da.
Bahiketa 2021eko apirilaren 13an gertatu zen, Zisjordaniako Beith Sahur herrian, Betleem hiritik oso gertu. Goizaldeko 05:45ean Juaniren familiaren etxean hogei soldadutik gora sartu ziren, bortizki armatuta, eta eraman egin zuten. Geroztik preso dute, izan ere, epailearen aurrean hiru agerraldi egindakoan, atxiloketa mugagabe luzatzea erabaki dute, inongo kargu zehatzik leporatu gabe, ustez, itaunketa egin ahal izateko.
Juanirekin batera, HWC erakundeko beste bi lankide ere atxiloketa administratibopean daude (babes legalik gabe espetxeratuta eta leporatzen dizkieten balizko karguen berri izan gabe): Tayseer Abu Sharbak, HWCko Diruzaintza saileko arduraduna, eta Saeed Abbad, duela bi urte arte sail bereko arduraduna. Bi lankide horiek martxoaren 8an bahitu zituen Israelgo okupazio armadak, HWCk Ramallahn duen egoitzari eraso zionean.
Jarduera profesional horrez gain, Juani erreferente bat da Palestinarekiko elkartasunean lanean dihardugun guztiontzat. Hamaika alditan harrera abegikorra egin die Euskal Herritik eta beste hainbat txokotatik iritsitako brigada internazionalistei, eta ezinbesteko gidaritza lana egin digu Zisjordanian eta Gazan zeharreko bidaietan. Gainera, duela urte askotatik Hala Bedi Irratiko albiste-zerbitzuetako ohiko kolaboratzailea ere bada. Urte hauetan guztietan, Palestinatik egindako kroniketan, okupaziopeko errealitatearen testigantza eman digu, eta hotsa eman dio herri palestinarraren askatasunerako borrokari, modu hurbil eta apasionatuan beti.
Hain zuzen ere, atxilotua izan baino egun gutxi batzuk lehenago, Hala Bediko Uhintifada irratsaioan salatu zuen HWCk eta beste hainbat erakunde palestinarrek pairatzen duten jazarpena. Izan ere, indar okupatzailearen autoritatea eta Osloko Akordioen ondorengo estatusa onartzen ez duten erakunde humanitario eta sozialak okupazio erregimenaren jomugan daude. Eta jazarpen hori Palestinako populazioaren aurkako garbiketa etniko kanpaina baten testuinguruan kokatzen zuen; izan ere, Israelgo erregimenak, populazio palestinarraz gain, mugimendu palestinar antolatuaren edozein arrasto desagerrarazi nahi du.
Juani Rishmawi ezinbestekoa izan da Palestinarekiko elkartasun sareak josteko garaian, eta herri palestinarraren borrokaren lekuko eta bozeramaile sutsua da. Hori dela-eta kendu nahi dute paretik apartheid erregimeneko aparatuek. Libre behar dugu. Libre Hala Bediko uhin libreetan, eta libre Palestinako kaleetan, horixe baita berak maitatzen duen herria eta bere testigantzaz maitarazi diguna.
Juani Rishmawi askatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu