EAJko legebiltzarkidea

Joxeba

Markel Olano Arrese
2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Gaur 65 urte, Joseba Egibarrek. Orain aste batzuk berak zioen laneko erretiroa hartzera zihoala, baina politikakoa ezetz. Odolean darama politika. Gure herriak azken hamarkadetan bizi izandako gertaera handietan esku hartu duen buruzagi politikoa dugu, eta XX. mendearen hasieratik Euskadi gidatu duten EAJko burukideen leinukoa.

Zoritxarreko barne-krisi bat izan eta hamabost urtera, euskal abertzaletasuna 1930ean batu zen atzera. Handik lau urtera Juan Ajuriagerrak, gazterik, Bizkai Buru Batzarraren gidaritzari heldu zion, bere belaunaldi osoa eta gure herria markatuko zuen gertaera historikoa gainean zela: 1936ko gerra zibila.

Eugenio Ibarzabalek Ajuriagerrari buruz idatzitako funtsezko liburuan —Juan Ajuriagerra. El Hermano Mayor. Erein, 2019— burukide bilbotarrak hamarkadaz hamarkada ondo garai zailetan izan zuen lidergo argia eta sendoa ageri da, gerra zibilean, Santoñako Itunean, klandestinitatean, ETAren hasieran nahiz trantsizioan, diktaduratik demokraziarako zeharbidean.

Ajuriagerraren lidergoaren gakoa ez da boterea, Eusko Alderdi Jeltzaleko zuzendaritzetan edo erakundeetan izan zuena, haren itzala baizik, euskal kausarekiko konpromisoarekin eta bere aberkideekiko ezin leialagoa izanez irabazi zuena. Ajuriagerrak, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batean, herria galzorian zegoen une larri hartan, ardura gorenei heldu zien eta ondorioei aurre egin, bizitza jokatu arteraino aurre egin ere. Egin beharra zegoen.

Xabier Arzalluzek Ajuriagerraren beraren eskuetatik hartu zuen lekukoa 70eko hamarkadan. Pixkanaka gauzatuko zen transmisioa, 1971tik aurrera. Ajuriagerrak, Arzalluz eta Retolazarekin, antolakundearen muina osatu eta batez ere gerra zibilean eta klandestinitatean eratutako autoritate-kateak jarraitzea ziurtatuko du, eta belaunaldi berriaren esku uztea. Arzalluz oso ondo jabetuko da nor den Ajuriagerra eta zein garrantzitsua den hark gidatu zuen belaunaldia.

Xabierrek benetan miresten zuen Juan. Maitea zuen oso. Hainbesteraino, non denbora behar izan zuen iritzi artikulu bat idazteko, Ajuriagerra hil eta gero. Arzalluzentzat eta haren belaunaldiarentzat Ajuriagerra «Juan» zen, gero, trantsizioa eta hurrengo urteetan gure alderdian Arzalluz «Xabier» izango zen bezala.

Xabier Arzalluz itzal handiko buruzagia zen. Gaitasun intelektual harrigarrikoa, hari aginpidea batez ere gure Herria hondotik atera eta askatasuneranzko bidean beldurrik gabe defenditzetik zetorkion. Egin beharra zegoen. Euskal erakundeen antolaketa hasi berri-berria zen artean, eta Estatu espainiarreko oso botere garrantzitsuak nahiz ETAri lotutako esparrua bide hura mozten saiatzen ziren.

1987an, Eusko Alderdi Jeltzaleak sekulako zatiketa izan ondoren eta EA sortu berritan, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko lehendakari aukeratua izan zen. Alderdia berriz zutik jarri eta bere onera ekartzeko ardura onartu zuen, ostera Gipuzkoako erakunde nagusien buru jartzeko.

Alderdian, Gipuzkoan, Joseba Egibarri «Joxeba» deitzen hasi ginen. Bere itzala, Xabier Arzalluzek bultzatuta, zabalduz zihoan gure Herri guztian barrena, eta 1992tik aurrera, gero eta erantzukizun handiagoak eman zizkion EAJk ezker abertzalearekiko elkarrizketak izateko, prozesu horretan Gorka Agirrek zeukan pisua ahaztu gabe. Joseba nagusitasuna irabazten joan zen Eusko Legebiltzarrean —1988tik Eusko Abertzaleak taldearen bozeramailea izan da—. Aurki zen maila nazionaleko politikari bihurtua.

Denboraren poderioz gero eta lotura estuagoa zuten batak bestearekin Arzalluzek eta Egibarrek, ez bakea bilatzeko gaietan bakarrik, baizik eta Euskal Herriaren etorkizun politikoarekin zerikusia zuen guztian. Azpimarratzekoa da 1995ean beste erreferente bat sortuko dela: Juan Jose Ibarretxe. Erakundeen lehen ilaratik euskal autogobernuaren osasunaren erradiografia beltza egingo du. Gure autogobernua jateko botere espainiar desberdinen jarduera etengabearen ondorioz, EAJ estrategia bat zehazten hasiko da, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea oinarri-oinarrizkoa izango duena. Joseba Egibar izan zen, ordurako lehendakaria zen Juan Jose Ibarretxerekin batean, prozesu hura gidatu zuen gizona. Egin beharra zegoen.

Aldi berean, Alec Reid apaizaren hitzak esanez, Ipar Irlandako prozesuan «lur hartzeko pista bat» topatu zuen ezker abertzalearen norabideak, izateko arrazoi bilakatu zitzaiona amaitzeko: borroka armatua.

1998ko Ostiral Santuko Akordioaren bi edukik ate bat zabaldu zuten Euskadin bake prozesu bat sustatzeko: batetik, Ipar Irlandako estatus konstituzionala Ipar Irlandako eta Irlandako Errepublikako populazioen borondate demokratikoak erabakiko zuen, eta bestetik, bitarteko baketsu eta demokratikoak erabiliko ziren soil-soilik. Joseba Egibarrek ordezkatu zuen EAJ Lizarra-Garaziko Akordioan. Aukera hura zapuztu egin zen, zoritxarrez, baina aurrerago ETA behin betiko desagertzeko oinarriak jarri zituen.

1998az geroztik Eusko Alderdi Jeltzaleak egin zuen apustua ahalegin kolektiboa izan zen, baina denek ez zuten berdin ulertu Alderdi barruan. Horregatik, Xabier Arzalluzen oniritziz, Joseba Egibarrek EBBko buru izateko prestasuna agertu zuenean, Alderdiak, 2004an, prozesu gogor baten buruan, Josu Jon Imaz aukeratu zuen ardura hori betetzeko.

Hala eta guztiz ere, Josebaren itzala ez zen itzali. Lehenbizi, gure alderdiarekiko leiala izan zelako osotoro, gutxiengoan egotea onartuz. Eta bigarrenik, azken hamarkadetan pilatutako doktrinaren corpus guztia gordetzen duen gure Alderdiaren sentsibilitatea ordezkatzen duelako.

Pertsonak aldatu egiten dira, bai, baina beharrizanek iraun egiten dute. Gure Herriak mundu guztian eta gure nazioan ere gertatzen ari diren eraldaketei erantzungo dieten aukerak egin beharko ditu. Apustu horiek egiteko, nire iritziz, oinarri irmoak eta orainaldirako gidaritza egokiak behar dira.

Euskal abertzaletasunaren biharko liderrentzat ispilua izango da Joseba Egibarren gidaritza eredua. Moztu ez den katearen maila bat eta etorkizunean ere etengo ez dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.