Joxe Mari Korta

2016ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Egun hauetan ETAk eraildako hainbat pertsonaren urteurrenak ospatzen ari dira. Gehiegikeria polizialen biktimen Errekonozimendu eta Erreparazio lege garrantzitsua ere onartu da. Testuinguru honetaneta inoren oroimena gutxietsi gabe, Joxe Mari Korta gogoratu nahi nuke, harengan bilduz hainbat biktima errugaberen injustizia eta mina.

Joxe Mari Korta 2000ko abuztuaren 8an erail zuten. Bere autoan ezarritako bonba-lapa batek eten zion bizia, familia eta inguruko guztiak samintasun eta nahigabean hondoraturik utziz. Garai hartan ezarria zen «sufrimenduaren sozializazioaren» biktima bat gehiago zen. Bazekien seinalatua zegoela. Horrela bizi behar izan zuen jazarpen indarkeriak erail zuen arte. Seinalatze hori estigmatizazio, isiltasun eta baztertzearen aurrekaria izan zen. Beste askok ere bizi izan zuten egoera hori, baina batez ere, Joxe Marik bezala, ignominia eta xantaiari aurre egin ziotenek.

Hastapenak bere baserrian emanez, ahalegin handiz eta sutsuki sortu zuen Urola behean punta puntako enpresa bat. Asko dira datozkidan burutazioak. Beste batzuk egin beharko lituzkete: enpresario eredugarria, langile nekaezina, euskaltzalea, herriko ekintza sozial eta kiroletan konprometitua eta abar.

Nahiz eta bizi dugun egoera ekonomikoa zaila den, justiziazkoa da esatea, euskal enpresa askoren garapen tekniko eta konpetitiboa, langile askoren eta Joxe Mari bezalako enpresarien ahalegin eta lanaren fruitu direla. Gaur bezala, orduan ere, une zailak bizi izan ziren baina etorkizunaren aldeko apustua egin zen arriskuak hartuz eta elkarlana eginezenpresak aurrera ateratzeko eta zailtasunak gainditzeko.

Egia da, aurrera begiratu behar dela, eta gure herrietan urraturik dagoen harreman sarea berreraiki behar dugula. Hori da gizartearen gehiengo handi batek nahi duena, benetako kartzela politikaren humanizazioa eskatuz, presoen dispertsio anakronikoa amaituz eta gaixo daudenak askatuz. Arlo honetan egiten den guztia bake eta elkarbizitzarako aurrera pausoa da. Baina horrek guztiak bere ibilbidea du, eta oinarri sendoak izan behar ditu. Oso positiboa iruditzen zait euskal erakundeak egiten ari diren ahalegina presoei informazioa emanez, onurak izateko zein prozedura eta baldintza bete behar dituzten. Estrategia politiko eta ideologikoengatik urrats hauek emateari uko egitea, bere azken garai odoltsua gainditu nahi duen euskal gizartearen gehiengoaren itxaropenari irain larria egitea da.

Baina guzti hau memoria , egia eta justiziatik egin behar da. Mendekuak, gorrotoak eta erresuminak ez dute ezer eraikitzen, baina ahazteak, injustiziaren manipulazioak edo gezur disimulatuak ere ez. Eta are gutxiago heroi eta martiri bezala goraipatuz, hala ez direnak. Besterik gabe, horrelakoak baieztatzea manipulatzea da: «hemen denok sufritu dugu»; «mina denok egin ahal izan dugu»; edo «hemen ez dago errelato bakarrik, askotarikoa baizik». Hemen errealitate bakarra, konstatagarria eta demostragarria gertatu da, non erailketak, atentatuak, bahiketak eta, kasu askotan, torturak egin diren. Ezin dira atzean utzi ETAren ekintza gordinen urte luzeak, aldebakarreko erabakiz hasi zuena eta duela bost urte aldebakarreko erabakiz utzi zuena. Denak parekatu eta ardurak denei berdintasunean banatzea ez da zuzena. Hanna Arendt filosofoak gogorarazi zigun: «denak errudun direnean, inor ez da». Biktima eta presoen oroimenez egiten diren ekitaldi eta omenaldi asko oraindik ere aurkari politikoaren aurkako salaketak egiteko gune bilakatzen dira, mina partekatu ordez, oroimena eta omenaldiaren helburua desitxuratuz. Horrela ez da herria eraikitzen , ezta elkarbizitza solidariorik ere.

Ez da Talionen legearen garaia, baina bai justizia eta egindako kaltearen onarpena eta kalte ordainena. Agian baita ere, (barkatu ausardia) eskaini... eta onartutako barkamenarena. Elkarri eskua emateko garaia da, eta bide ertzean ahazturik, humiliaturik eta mespretxaturik geratu direnei, asko eta alde askotakoei laguntzeko garaia. Ziur nago Joxe Mari Korta lehena izango litzatekeela konpromiso honetan inplikatzen. Joxe Mari, gogoan zaitugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.