Joxe Manuel Odriozolari erantzunez

2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Badirudi urteak aurrera joan eta abertzaletasunaren diskurtso berri bat artikulatzeko saiakera berria hasi zenetik behin eta berriz eztabaida berdinetan kateatzen ari garela. Déjà vu sentsazio etengabea. Izan ere, martxoaren 11n Gara egunkarian 500 urte estrategiarik gabe artikulua plazaratu nuen, eta Joxe Manuel Odriozolak, lau egun beranduago, Nazionalismo linguistikoa izeneko artikulu batean nireari erantzun dio (hortaz, lerro hauekin jarraitu aurretik bi artikuluak irakurtzea gomendatzen dut). Hortik aipatutako sentsazioa.

Ez naiz luzatuko, mamira joango naiz zuzenean. Odriozolak dio: «Olariagak benetan sinesten ote du nazionalismo orekatu eta idealean? Elementu guztiak, euskal hizkuntza eta kultura barne, modu osagarrian eta aberasgarrian artikulatuko dituen nazionalismo batean?» Erantzuna nire artikuluan bertan aurkitu daiteke: «Independentziak, beraz, helburu politikoa den horrek (estrategikoa dena, nahi bada, sozialismoa lortzeko), motibazio politiko guztiak artikulatu behar ditu. Teorian (a), hortaz, independentzia da artikulatzailea, eta motibazioak dira artikulatuak.»

Hau da, (1) teorian motibazio guztien artikulatzaile izango den independentismo bat eratu behar dela diot. Zergatik? Odriozolak berak ematen du erantzuna artikuluan: «Guk dakigula, klase-arazoa lehenesten duenak nazionalismo soziala eta ekonomikoa aldezten du oroz gain. Genero-arazoa hobesten duen feminismoak emakumearen estatusa irauli nahi du bereziki. Lurralde-nazionalismoa lehenesten duenak beste ezeren aurretik nazioaren espazio geografikoa du xede. Historian oinarritutako nazionalismoak, gurean, nazio modernoaren aurrekari zuzena izan zen Nafarroako Erresuma du erreferentzia nagusia egungo egoera nazionala ulertzeko eta lantzeko. Nazionalismo linguistikoa aldezten dugunok euskararen herria dugu gure jardunaren erreferentzia nagusia, ez ordezkapenak eta asimilazioak larrututako egungo Euskal Herria».

Hortaz, ikus daiteke motiboen unibertso oso zabala dela abertzaletasuna. Eta, beraz, independentziarako motibazio guzti horiek teoria batean batzea litzateke eraginkorrena mugimendu politiko horrentzat, bere helburu politikoari begira. Zergatik da beharrezkoa teoria hori artikulatzea? Artikuluan bertan ematen nuen erantzuna: «Independentismoa mugimendu zabala izanik, motiboen unibertsoa infinitua dauka. Hortaz, helburuan koherentea eta bateratua (independentzia), eta motibazioan anitza izan beharko luke». Hau da, Odriozolaren motibazioa eta Tafallako Fagorreko langile baten motibazioak berdinak ez direlako, besteak beste, behar da abertzaletasunaren motibazio diferenteak barnebilduko dituen teoria bat gorpuztea (adibide bat besterik ez da, ez bada egokia, beste bat topatu, aldatu eta kitto). Hortaz, Odriozolari ez diot arrazoia kentzen, teoria hori «ideala» da, teoria bat den heinean. Ados.

Horregatik, ez dut ukatzen errealitatean gauzak oso bestelakoak direnik. Izan ere, teorian baino, (2) praktikan, artikuluan diodan bezala «herri batek garai bakoitzean erabakitzen du zein motibaziok hartu behar duen estrategikoki lehentasuna eta zein bigarren planoan utzi. Horrek nahitaez dakar estrategikoki praktikan erabakitzea zer diskurtso indartu behar den, aldian aldikoa. Baina eguneroko praktika horri ezinbestekoa zaio gaur egun urgentziaz, diskurtso politiko koherente eta egituratu batez janztea.» Hau da, praktikan beti aldezten da motibazio jakin bat, gure gustukoa izan edo ez. Aurten, agerikoa denez, memoria historikoa (1512ko konkista, Gernikako bonbardaketaren urteurrena…) da motibazio guztien gainetik indar gehien hartzen ari dena, horrekin batera nazionalismo historizistak hartu du pisu gehien (Katalunian, aldiz, nazionalismo ekonomikoak du indar handien orain). Hori estrategikoki (helburu politikoari begira) onuragarria den edo ez eztabaidatzea litzateke kontua. Hortaz, nik ez dut esaten ze motibazio izan behar den lehena, hori abertzaletasuna osatzen duen unibertsoak erabakitzen du egunez egun, borrokaz borroka. Noski, erabaki hori ez da kontsentsu baten bidez hartzen: borroka dialektiko gogor baten ondorio da, korronteen arteko borroka (Nabarralde, Lapiko Kritikoa, EHE, Gaindegia, Bilgune Feminista… nahi duzuen guztiak jarri); oilar-borroka, nahi bada, gehienetan. Odriozolak euskararen alde egiten du gehienbat, historizistek memoriaren alde, ekologistek borroka ekologistaren alde, sozialistek klaseak deuseztearen alde, feministek parekidetasunaren alde, eta abar, logikoa denez. Badakigu praktikan ezinezkoa dela guztien alde modu bateratuan egitea, izan ere, praktikan beti aldezten da bat edo batzuk, eta ondorioz, beste batzuk bigarren plano batean uzten. Baina teorian, motibazio guztiak barnebildu ditzakeen artikulazio independentista bat egitea ez da ezinezkoa. 500 urte estrategiarik gabe artikuluan horixe besterik ez nuen esaten.

Joxe Manuel Odriozolak, bere artikuluan, argi eta garbi utzi du beretzat lehen motibazioa (beste guztien gainetik dagoena eta baldintzatzen duena) zein den: euskara. Errespetu osoa merezi dit. Bere arrazoiak dauzka eta artikuluan ederki deskribatzen ditu motibazio hori garrantzitsuetariko egiten duten arrazoiak (eta noski, gehienbat konpartitzen ditut). Motibazioak, ordea, pertsonalak diren heinean, subjektiboak dira, eta, beraz, beste mila motibazio daude abertzaletasunaren baitan: horiek errespetatzen ere jakin behar dela iruditzen zait. Izan ere, a priori, zein da ba motibazio garrantzitsuena: langile borroka, borroka linguistikoa, memoria historikoaren aldekoa, borroka ekologista, feminista…? Bakoitzak berearen alde egiten du. Nire artikuluko kritika zera zen: behingoagatik, abertzaletasunaren motibazioen unibertso zabal hori bilduko duen independentismoaren formulazio bat egiteko ordua heldu zaigula. Horixe da, eta besterik ez, artikuluan laburtuta esan nahi nuen guztia.

Odriozola kontrakoan tematu arren, esan gabe doa Lapiko Kritikoa kolektiboaren motibazio garrantzitsuenetarikoa zein den praktikan. Teorian, ordea, beste motibazioak zilegitzat eta garrantzi berdinekotzat jotzen ditugunez, guztiak berdintasunean egongo diren formulazio baten alde egiten segituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.