Andres Urrutia.

Joseba Intxausti, obrak mintzo

2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Bizitzan zehar, nork bere maisuak izaten ditu, eta haiengandik hainbat kontu ikasten ditu. Gehienak, formazioaren ikasgeletan ezagutuak izaten dira, baina badira osterantzekoak ere, ikasgelatik kanpo eta irakurketen nahiz ekimenen bidez ezagutzeko parada ematen dutenak. Tankera horretakoa ikusten nuen nik Joseba Intxausti aspaldiko adiskidea. Jakin aldizkarian edota UZEI elkartean berarekin aritzeko abagune apartekoa izan nuen. Euskal Kulturaren Fundazioan ere hurbiletik ezagutu nuen. Orobat, hamaikatxo euskal ekimenetan, eten eta nekerik gabe. Beti euskara batua sustatzen Akademiaren bitartez eta ekimen berritzaileak ekartzen euskararen esparrura.

Hala ere, azken urteetan azpimarratuko nuke Joanes Etxeberri Euskararen Historia Sozialaren egitasmoa, Euskaltzaindiaren barnean bideratu zuena eta, egun ere, Mikel Zalbide euskaltzain osoaren eskutik jarraitzen duena Akademiaren zereginetan. Horrekin batera ere, haren testu soziolinguistikoen bilduma, Euskaltzaindiak argitaratua eta soziolinguistikaren datu basean egun kontsultatzeko modukoa dena Euskaltzaindiaren webgunean.

Intxaustiri esker, askok izan genuen Ipar Euskal Herriaren berri. Hango hainbat euskal egileren testuak argitara ekarri zituen eta gogoan dut 2018. urtean Euskaltzaindiak Baionan mendeurrenaren ekitaldiak hasi zituenean hark eman zuen hitzaldia, 50 urte lehenago han bertan baitzen Intxausti, euskara batuaren hasierako habeak jarri zituztenen artean.

Betidanik izan zuen Intxaustik jokaera garbia eta asmo betea, euskarari eskainia. Azpimarratzekoak, baita ere, Euskal Herriko erlijio bizitza aintzat harturik ondu zituen eginahalak, horietan ere euskarak historian zehar izan duen partaidetza azpimarratzeko.

Kultura eragilea eta poligrafoa zela esan daiteke zalantzarik gabe, baina, aldi eta era berean, zehatz landu zituen gaietan segurua eta esanguratsua. Hitz batez esateko, maisua, euskararen historia sozialaren zirrikituak menderatzen zituena eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko grina zuena. Halakoari irakasteko gogoa esan ohi zaio, libido sciendi, eta horren barruan dago ikasteko tankera bezain zabala, besteei irakasteko bokazioa.

Hortik sortzen da Joseba Intxaustik sakonean maite zuena, alegia, bere baitan bildurik zeukan euskal jakituria erabiltzea eta bultzatzea, beste batzuengan joera bera sortzeko eta euskara eta euskal kultura ohiko helmugetatik harago eramateko, maisu bati dagokion moduan.

Geroak esango du zer izan zen JosebaIntxausti. Horren zain egon gabe, esan dezadan, ezin ozenago, Segurako maisua eta adiskidea joan zaigun honetan, umezurtz geratu garela euskararen ahaleginetan, baina haren lana jarraitzeko tresnak eta ideiak baditugula, hark guri eskurik esku emanak.

Josebaren ohoretan egin dezagun aurrera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.