Ezin jasan ditzakedan gauza askoren artean –eta zenbat eta zaharrago are ugariago dira– badut bat bereziki gorrotagarria: fariseukeria. Eusko Jaurlaritzak oraintsu berriztatu duen Euskararen Aholku Batzordearen osakideetako bat, zinez entzutetsuena, prentsak ia egunero eskaintzen dizkion aipamen etengabeengatik behintzat, Jon Juaristi adiskidea dugu.
Eta adiskide deitzea ez da kortesiazko trataera hutsa. Gure adiskidetasuna, gainera, ez da atzokoa. Deustuko Unibertsitateko ikasleak ginenetik ezagutzen eta tratatzen dugu elkar. Era berean, gauza jakina da antzeko harreman onak erabili dituela Jonek beste euskal idazle sonatu ez gutxirekin ere. Horregatik, zinez esan dezaket, nork bere ideologiarekin, batak bestea estimatzen jakin dugula, eta pertsona zibilizatuen arteko tratua izaten ahalegindu gara.
Jada dugun adina izanda, alferlana litzateke batak bestea bere ideologiara erakarri nahi izatea, baina elkarrekiko tratu horrek, gutxienez, elkarren pentsaerak ulertarazteko balio izan digu. Euskal Herriaz eta euskararen etorkizunaz Jonek dituen iritzi ezkorrek, zertarako uka, erabat tristatzen naute, nahiago bainuke bera bezalako intelektual bat euskal kulturaren alde lankide bagenu, arlo askotan oraindik urri gabiltza eta. Baina ez naiz ni inor Juaristiri zer nahi eta zer egin behar duen esateko, aspaldidanik bere konturik pentsatzeko adina du eta. Sentitzen dut, eta biziki, holako buru eta luma azkarreko pertsona hori gurekin ez izatea, baina horrek ez nau itsutzen, eta horregatik ez ditut gaitzetsiko Jonen bestelako balio ugari bezain ageriak.
Behin eta berriro aldarrikatu duenez, Jon ez da euskaldun abertzale sentitzen. Horretarako eskubidea du, bai eta euskararen etorkizunaz ezkorra izateko ere. Dena den, berarekin izan naizen guztietan, elkarrekin beti euskaraz egin dugu, eta izkribuz ere euskal gutunluze eta oso ongi idatziak helarazi dizkit. Cervantes Institutuko burua zenean, gainera,Madrilen euskararen aldeko gestio batzuk egiterakoan, erabateko laguntza desinteresatua eskaini zidan, hemendik aitortu eta bene-benetan eskertzen diodana. Orain ere, Euskararen Aholku Batzorderako partaidetasuna eskatu zaionean, ez du ukorik egin. Galde egin nezake, gainera, kontseilu berean ez ote dagoen bera baino merezimendu askoz gutxiago duenik ere, halakorikinork salatzeko asmorik erakutsi ez badu ere.
Ez dela euskaltzale, ez dela independentista? Ni neu pozik nengoke bera kritikatzen duten guztiek, izenez abertzale eta independentista erradikalak barne, izanez Juaristik erakutsi duen interesaren erdia edo laurdena agertzen balute euskaraz eta bertoko kulturaz. Izan ere, enetzat, eskandalua, egiazko eskandalua, besteena da, ahoz bederen, odola emateko gerturik omen daukaten hipokrita askorena, euskara ikasteko eta bertoko kultura propioa landu eta bultzatzeko, sekula santan urratsik mikroskopikoena ere egin ez duten «abertzale» eskandalizatu horiena, beren kontzientzia txarra lasaitzeko eta, antza, euskararekiko beren funtsezko axolagabekeria estaltzeko, Jon aker bekataritzat seinalatzen digutenena.
Ez litzaizkiguke deus kostatuko, hondarraren edo pantailaren gainean horietariko askoren izenak idaztea, alderdi guztietatik atereak, beren «egintza gogoangarriekin» lagundurik. Izan ere, jaun-andreok, hemen euskara kontuan, Jon Juaristi, edo beste edonor, harrikatzen hasi aurretik, hobe genuke guztiok geure kontzientziari begiradatxo kritikoa egitea. Duela bi mila urte inguru Nazareteko batek jada gogorarazi zuenez, beharrezkoa baita, eskua harrietaratu baino lehen, salatu nahi den bekatu beretik norbera garbi egotea. Ez gaitezen gehiago hipokrita hutsak izan.
Jon Juaristi dela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu