Jokoaren arauak errespetatzen ez dituztenei gutuna

2015eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Pasa den urtarrilaren 14an, egun bakar batean, Nafarroako Parlamentuan, euskarak pairatzen duen errealitatea gure begien aurrean agertu zen, bere krudelkeria osoan. Eta orain kontatuko duguna Euskararen Herriko hiriburuan gertatu zen, sinesgaitza benetan!

Eguerdiko 12:00etan, lan saio batean, gure ordezkari politikoak eztabaida sutsuan aritu ziren, Iruñea hiriko sarreretan dauden seinaletan Pamplona ondoan Iruñea jartzearen inguruan. Hiriko euskalgintzak egindako aldarrikapen-proposamena izan zen, euskarak behar duen agerikotasunean aurrerapausoak ematea helburua zuena. Iruñean oraindik, nahiz eta eskubidea izan, administrazioak bigarren mailako biztanle sentiarazten gaituzte euskaraz bizitzea hautatu dugunok.

Beste aldetik, arratsaldeko la eta erdietan, Parlamentu berean, beste lan saio bat. Berriro gure ordezkari politikoak eztabaida sutsuan. Kasu honetan, 1986an onartutako Vascuencearen Legea, batzuen iritziz, aldatzeko, edota, beste batzuen arabera, bere horretan sakontzeko, proposamena mahai gainean. Azkenean, bozketa, alde. Ufa! Eskerrak! Ez geunden alde aterako zenik guztiz ziur; hala ere, aurrerapauso historikoa omen da...

Ikusten al duzue kontrastea? Eskubideez ari gara, euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubideez. Gaur egingo den Nafarroako Parlamentuko plenoan, ziurrenik, aurrerapauso historikoa emango da. Baina, ziurrenik ere, egun horretan oraindik, Iruñea hiriko sarreretan, Pamplona soil bat irakurtzen jarraituko dugu, eta Iruñean bezala, Nafarroako beste hainbeste errepide, herri eta hiritan.

Sortzen Elkartearen ustez, aurrerapauso historikoak jendarteak ematen ditu. Kasu honetan, beste askotan bezala, politikariak jendartearen atzetik doaz, beti berandu. Horri Nafarroako Administrazioan daukagun panorama gehitu behar diogu. Badirudi Euskara hitzak alergia ematen diela zenbait politikari nafartarrei, eta, hitz horren truke, vascuence erabiltzen dute gaztelera hutsean ematen dituzten prentsa agerraldietan. Eta euskara eta hezkuntza elkartzen badugu, zer esan!!! Nafarroako Gobernuko lehendakariak horrela onartua, D ereduaren gorakadari oztopoak jartzeko helburuarekin, ingelesa eskoletan ikasteko plan bat asmatu, eta, nahiz eta baldintzarik ez egon, presaka hedatu behar izan dute; gure haurrak nafartar euskaldun eleaniztunak izatea ekidin nahi dute, kosta ahala kosta!

Zentzu horretan, eta azken aste hauetan argitaratu diren Hizkuntz Maparen datuek horrela konfirmatu digute: hizkuntza batek, eskolaz gain, espazioak, iniziatibak eta planak. Euskarak, komunikaziorako hizkuntza bat den heinean, ikastetxeez gain, eremu publikoa eta etxekoa garatu behar ditu. Egoera honetan, D ereduak, datozen urteotan Nafarroan izango dituen erronkei behar den bezala aurre egiteko, Euskalgintzako zein Hezkuntzako eragileen elkarlana eta konpromisoa beharko ditu. Eta, horrekin batera, arduraz jokatuko duen Administrazioa ere guztiz beharrezkoa izango dugu.

Laburbilduz: gaur, azkenean,eta gutxitan gertatzen dena (bueno, azkenaldian, inoiz baino gehiago), Nafarroako Parlamentuan nafartar gehiengoaren hitza eta nahia entzungo eta onartuko da, etaD eredua lurralde osoko haurren eskura egongo da. Hortik aurrera, Nafarroako jendartearen gehiengoaren hitza errespetatu beharko du Nafarroako Gobernuak, eta D eredua, eta euskara, ahalik eta txoko gehienetara zabaltzeko ahalegina egin beharko du. Bai, ez da erraza izango, eta aurrekontu eta plan bereziak egin beharko dira, bestelako english-ereduak zabaltzeko egiten diren bezalaxe, baina kasu honetan aldez aurretik jakinda emaitzak bikainak izanen direla. Arduraz jokatzea eskatzen diogu Nafarroako Hezkuntza Departamenduari; ez da aitzakietan ibiltzeko garaia, alde batetik gehiengoaren nahia delako, eta, bestetik, Nafarroako haurren etorkizuna jokoan dagoelako, eta joko horretan tranpetan ibiltzea onartezina da.

Bukatzeko, Sortzen Elkartea osatzen dugunon poztasuna lau haizeetara zabaltzea besterik ez zaigu falta, eta, bide batez, Vascuencearen Legearen Hormaren kontra kolpeka jarraitzeko gogoa eta indarra biziberri zaigula jakin ezazue. Datorren urtean D ereduaren zabalpena hasiko da Nafarroa osoko ikastetxeetan, eta horrekin batera, ziur gaude, Euskara errespetatuko duen Legea etorriko da, eta eremuak desagertuko dira, eta... ongi etorri!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.