Jokoa ez da errenta, hobe da oilaskoa erreta

2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Orain egun batzuk irakurri genuen El Salto-n Antonio María Labayen idazlearen esaldi hori, 1960ko lan batekoa, erakusten duena Euskal Herrian errotuta dagoela kirol apustuarena. Jokoak asko eboluzionatu du obra hori idatzi zenetik hona, eta kiroletako apustu etxeak ugaritu egin dira auzoetan eta herrietan, baita online kanalak ere.

Jokoak belaunaldi asko ukitzen ditu, baina batez ere herri xehea eta gazteria. Haren gorakadak erakusten du huts egin dutela gizarte neoliberalak eta indibidualtasunak, eta gazteei ez zaiela eskaintzen aisiaren aldetik alternatiba sanorik, merkerik eta eskuragarririk.

Jokoaren Euskal Behatokiaren txosten batek dakarrenez, herritar gehienek (%63,2k) 18-34 urtetan izan dute jokoarekin lehen kontaktua: %39k, zehazki, 18-24 urtetan, eta %24,2k, berriz, 25-34 urtetan. Alabaina, nabarmentzekoa da jende kopuru handi samar batek (%19,9k) 18 urte bete gabe izan omen duela jokoarekin aurreneko kontaktua.

Behatoki horren arabera, euskal gizarteak jokoari buruz duen pertzepzioak erakusten duenez, ia %50ek ikusten dute asko gastatzen dela jokoan, eta %80k uste dute ez dela ona gizarterako; ondorio patologiko, ekonomiko eta sozial larriak eragin ditzakeela, eta ez duela bakarrik norbanakoa jotzen, baita ingurune soziofamiliarra ere.

Jokoaren hazkunde esponentzialean laguntzen duten elementuen artean, bai modu presentzialean eta bai online, publizitatea dago. 2015etik 2019ra, joko jardueren publizitate inbertsioa, joko erreserbatuena kenduta —hau da, loteriak eta ONCE—, hirukoiztu egin da Estatu osoan: 130 milioi euro ingurutik 365 milioi baino gehiagora.

Gainera, joko operadoreek erabili izan dituzten publizitate taktikak guztiz dira engainagarriak eta jokalariaren edo jokorako joera handia dutenen jokabideak manipulatzeko eginak. Horra hor iragarkietan esaldi jakin batzuekin ematen duten matraka (egin apustu, egin apustu, egin apustu. Irabazi, irabazi, irabazi), nola darabiltzaten pertsona ospetsuak jendearen jokabideetan zuzenean eragiteko, eta zer esanik ez apusturako web-orrietara sartzeko bonuak oparitzearena.

Hori ikusita, Kontsumo Ministerioak, Alberto Garzón buru duela, orain berriki onartu du Errege Dekretu bat jokoari buruzko jakinarazpen komertzialetarako; online jokoaren eta jardueraren publizitatea arautzea da asmoa, izan ere, orain arte oihanaren legea baitzegoen. Jokoak dituen arrisku jokabideei aurrea hartzeko ikuspegitik, legezkoa den jarduera bat arautu nahi du dekretu horrek. Kirol taldeen babesle izatea debekatzen du, jende ospetsua iragarkietan agertzea debekatzen du, eta baita ikus-entzunezko edozein hedabidetan agertzea ere, salbu eta 01:00etik 05:00etara. Horretaz gain, zigor esparru bat ezartzen du, 100.000 eurotik milioi baterainoko isunekin eta Espainian jarduera etetearekin.

Orain erkidegoko eskumenetan aurreratzea dagokigu, hau da, joko presentzialaren eta publizitate jakin baten arloko eskumenetan. Euskadin joko presentzialaren berezitasuna ere badugu bingo tradizionaletik kanpo; hau da, hiru talde handi ditugu kirol apustuen arloan, beren presentzia biderkatu dutenak bai lokal propioekin eta bai beste ostatu batzuetan makinak ipinita.

Elkarrekin Podemos-IUk lege proposamen bat aurkeztu du 1991tik indarrean den euskal jokoen legea moldatzeko, eta proposamen bana egin du hiru Batzar Nagusietan jokoaren zergak moldatzeko.

Besteren artean, proposatzen dugu 500 metroko gutxieneko distantzia bat ezartzea ikastetxeetatik, gazteen zentroetatik eta ludopatia dutenei laguntzeko zerbitzuetatik. Horrez gain, publizitatea dela eta, gure proposamenarekin, asmoa da erkidegoa estatuko araudiarekin parekatzea, eta publizitatea debekatzea kirol estadioetan, zinemetan, garraiobideetan eta oro har adingabeek irakur lezaketen edozein publizitate elementutan.

Bestalde, jokabide arriskutsuei aurrea hartzeko funtsezko elementua da sarbidearen kontrola. Gaur egun, online jokoetan eta bingo eta kasinoetan nahitaez identifikatu behar du erabiltzaileak (nahiz eta alderdi presentzialetik zer hobetu eta zer koordinatu asko izan), baina ez da gauza bera gertatzen apustu etxeetan eta apustu makinetan. Hortaz, erabiltzailea makina horietan nahi eta nahi ez identifikatzea proposatzen dugu; izan ere, teknikoki bideragarria da, enpresen plataformara konektatuta daudenez gero.

Eta, azkenik, zerga arloa; estatuaren eskumena da jokoaren gaineko zerga, nahiz eta Kontzertu Ekonomikoaren legeak ezartzen duen Lurralde Historikoek %20 ere igo ditzaketela Estatuak ezarriak dituen zerga tasak.

Hara ba, aukera hori orain arte ez dute erabili euskal ogasunek. Gure ustez, betebehar bat da gure eskura dauden tresna guztiak erabiltzea gizartean inolako interesik ez duen jarduera bat ez dadin osasun publikoaren arazo bihurtu.

Gure koalizioak argi du biztanleria zaurgarriena (gazteria eta herri xehea) babestu beharra dagoela jokoaren eragin galgarrietatik; horregatik, gauden lekuan gaudela, sektore horri mugak eta arauak jartzea bultzatuko dugu, gizartearen gehiengoarentzat bizimodu eta aisialdi alternatiba osasungarriak sustatzearen alde borrokatuz, mugarik gabeko kontsumoaren mundutik urrun.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Arantza González, Eneritz de Madariaga eta Txomin Valluerca, Elkarrekin Podemos-IUren batzarkideak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.