Hala gertatzen denean, herritarrok desesperatu egin ohi gara, eta «lapur hutsak dira!» eta halakoak esan ohi ditugu telebista aurrean, edo tabernan. Baina batzuetan purrustadek ez dute balio, eta ez dago egoerari aurre egitea beste aukerarik...
Pil-pilean daukagun Solariaren makroproiektuen gaiak halako irtenaldietarako aski motibo eman dizkigu. Ezen poliki-poliki, informazio kirasdun xamarra heltzen joan baitzaigu. Jakin genuen nola Eusko Jaurlaritzaren meneko instituzio bat den Energiaren Euskal Erakundeak, Solariarekin batera, 2022. urtean Indarberri elkartea sortu zuen, parte hartze eta etekin banatuekin. Eta jakin genuen nola, lege iruzurra izan litekeen estrategia bati jarraituz, Solariaren makroproiektuak 50 MW baino gutxiagoko proiektuka banatuta aurkeztu ziren, hain zuzen ere, tramitazioa Espainiako Gobernuari beharrean Eusko Jaurlaritzari egokitu zekion; lagunen artean beti hobe!
Jakin genuen, halatsu, nola alderdi politikoek eta medio nagusiek gaia isilean mantendu zuten prozedura administratiboak aurrera zerraien artean, jada hauteskundeak igaro eta aginte aulkiak segurtatuak zituztenean bonbatzarra publiko egiteko, alegazioekin erreakzionatzeko denbora apur bat baino gelditzen ez zenean.
Eta informazioa bildu ahala jakin genuen, nola lurrak erosi edo alokatzeko asmoz Solariaren langileak zenbait lur jaberi gezurrak esaten (inguruko denek saldu omen zutela, adib.) eta beldurra sartzen aritu ziren (saltzen ez bazuten desjabetzen bukatuko zutela, etab.), etekinen promesa politak tartekatuz.
Ikerketek aurrera egin ahala, jakin ahal izan dugu atzerapen misteriotsua daraman energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala makroproiektuendako pagotxa hutsa izango dela, lurraldeak «egokitasun mailen» arabera banatuko dituelako, «egokitasun baxuetan» konpentsazio formulak aurreikusiz, baina azken finean atea lurralde guztira zabalduz, halako megamuntaiak egiteko debekurik ez baita ia inongo espaziotarako aurreikusten.
Eta jakiteaz beste, ikustea ere, gauza ikusgarriak ikusi beharra tokatu zaigu. Ikusi dugu nola Ramiro Gonzalez Arabako diputatu orokorrak dantza trauskil xamarra egin digun, jendearen egonezinaren aurrean nori irribarre eta nori haserre egin ez zekiela. Ikusi ahal izan dugu nola komunikabide pribatu eta publiko nagusiak Solariaren alde zeharo lerratu diren, erdipurdi disimulaturiko publierreportajeak informazio inpartziala bailiran saldu nahian; EITB taldearen jarrera bereziki lotsagarria izan da, nahiz eta azkenean egoerak bestaldeko ahotsei tartea egitera behartu dituen.
Eta egunotan, ziklisten ez dakit ze lasterketa inguruotatik igaro denez, eta telebista kamerak bertan egon direnez, bideetako pintadak ezabatzeari jo eta ke ekin ziotela ikusi dugu, eta okerrago dena, jendeak bere etxeetan ipinitako kartelen aurka ere egin dute, partikularrei isun mehatxuzko gutunak bidaliz.
Uda aurretitxoan ere ikusi ahal izan genuen nola Ertzaintzak herri eta bideetatik protesta kartelak kentzeko ekinaldi garrantzitsua egin zuen, Gasteiz inguruetatik igarotzear zeuden turistek bertako makroproiektuen aurkako mugimenduaren berririk izan ez zezaten. Motibotzat publizitatea ipintzeko araudia argudiatzen dute... Produktu baten salmenta bultzatzeko publizitatea eta gairen baten inguruan protesta egiteko kartelak gauza berbera balira bezala. Baina tira, pentsamoldeak eta ideiak salerosketarako produktu bezala hautematen dituen norbaitendako, noski, gauza berbera izan litezke...
Eta kontuok gainbegiratzean, hara zer datorkidan gogora: makroproiektu hauek azalera irten zitezen baino lehen, zenbaitzuk saiatu ziren Zigoitian etxeetako teilatuetan plakak jarri eta kontsumo energetikorako kooperatiba bat egiten. Zer gertatu zen harekin? Nik dakidanaren arabera behintzat, ibilbide eta onarpen instituzionalen asperdura desertuan galdu zen... Eta gero ate birakarien fenomeno tristea ere badatorkit gogora, zenbat lehendakari, lehendakariorde, aholkulari, etab. izandakok energia enpresa handien zakutik jaten bukatu duten...
Bakoitzak bere irizpideak ditu eta nork bere epaia egin dezala, baina aipaturiko guztiak kontuan hartuta, aski zaila da euskal sare instituzionalaren eta Solariaren arteko elkarlan nabaria ez sumatzea. Eta makroproiektu hauek aurrera egin dezaten erabiltzen ari diren moduek biztanleriarenganako jarrera garbi bat azaltzen dute, ez dena, hain preseski ere, errespetuzkoa.